Herriko 800. urteurrena amaitzeko hiru hileren faltan, herriko historia lantzeko hitzaldiak antolatu ditu talde berriak.
Herriaren 800. urteurrena amaitzeko hiru hilabete falta direnean, herritar talde batek Mutriku Sustraituz herri ekimena sortu du, herriko hainbat elkarteren bultzadaz. Besteak beste, orain arte urteurreneko ospakizuna aurrera eroateko egin diren ekintzak txalotu eta urtea amaitu arte egingo diren ekintza berriak aurkeztu ditu talde sortuberriak. «Azken hiruhileko honetan, orain arte egindako guztiari ekarpena egin asmoz, historian sakondu nahi dugu», diote plataformako kideek.
Atzo iluntzean egin zen Mutriku Sustraituz herri ekimenaren aurkezpena. Besteak beste, herriko bertso, dantza, musika, kultur eta euskara taldeetako kideak egon ziren bertan. «Aurten, gure herriak Gaztelako erregetzatik hiru gutuna jaso zuela 800 urte bete dira eta hainbat ekintza, ospakizaun eta jaialdi burutu dira urtean zehar. Gure ikuspuntutik biziki txalotzen ditugu herritik bertatik sortu eta gauzatu diren ekintzak: euskal ezkontza, Mutrikuko historian oinarritutako antzerkia (800 urte, 800 aldarte) edota Mutrikuk betidanik itsasoarekin izandako lotura islatzeko eginiko ekimenak».
Historiari buruzko hitzaldiak
Ekintza guzti horiek, «herri nortasuna aldarrikatzeko aukera paregabea» izan direla gaineratu zuten Mutriku Sustraituzeko kideek. «Ekimen horietan, herria guztiz murgildu da».
Eta bide horretatik, zenbait herritarrek, herriko elkarteen babesarekin, urtea amaitu arte ekimenak antolatzen jarraitzea erabaki dute. «Orain, historian sakondu eta 1209. urtera hurbilduko gara».
Horretarako, herriko historia herritarrengana hurreratzeko, hiru hitzaldi antolatu ditu Mutriku Sustraituzek. «Interesgarria izan daiteke herritarren artean eztabaida zabal eta irekia sortzea, Gaztelako erregetzak emaniko hiri-gutuna zein kontestu historikotan eman zen sakontzeko edota euskaldunak eta oro har, mutrikuarrak, garai hartan zer ginen edo nola geunden antolatuta jakiteko».
Hiru hitzaldi izango dira eta hirurak azaroan izango dira. «Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, Zabiel Kultur Etxean», argitu dute taldekoek.
Mutriku Sustraituz plataformako kideak borondatez lan egin badute ere, inprimakiak, kartelak eta bestelako materialaren gastuak ordaintzeko Udalak dirulaguntza ukatu diela esan du taldeak. «1.800 euro inguruko gastua da eta Udalak zer edo zer emango duen esperantza badaukagu ere, ezin gara horrekin fidatu eta ondorioz herritarrei dirua eskatu baino besterik ez daukagu».
Kontu korronte zenbakia
Herri borondatea biltzeko, Mutriku Sustraituzek kontu korronte zenbaki bat zabaldu du Euskadiko Kutxan (3035-0188-98-1880017397). «Herritar bakoitzak, ahal duen heinean, uste duen diru ekarpena egin dezake kontu korronte horretara».