Esku bat zabaldu zaigu aurten euskaldunoi iragan urrunetik, eta bozkarioz hartu dugu, sorioneku irakurri dugun tokian geure nortasuna ikusi dugulako. Berton ginen, beraz, duela bi mila urte eta lehenagotik ere, pentsatu dugu. Arkeologia eta Hizkuntzalaritza lagungarri gertatu dira euskaldunon komunitatearen iragan urrun hori argitzeko, eta horrela jakin dugu Kristo aurretiko I. mendean, erromatarren legioen lehen erasoak baskoien eremuetara luzatu zirenean, ager vasconum izenez deitu zuten lurraldeko biztanleek bazutela beren hizkuntza, proto-euskara, eta idatzi egiten zutela alfabeto propio egokituan, zeinutegi iberiarra fonetika propiorako moldatuz osatua.
Berehala zubi luze bat marraztu dugu iruditegi kolektiboan, Irulegiko baskoien herritxo hartako etxe-atari batean ikusi dugu eskegita brontzezko eskua, zoriona opatuz, eta gure gabon-bezpera hauetaraino dakargu zorion beraren partaide garen ustean. Eta une horretantxe sortzen zaigu, ezinbestean, galdera: nola heldu da, milaka urtetako bide malkartsu horretan, mezu pozgarri hori gure gaurko euskal komunitate honetara?
Historiari esker dakigu Irulegiko gure herritxoari erromatarren armadak eraso ziola Sertorioren guda deituan, eta etxeak suntsitu eta erre egin zituztela. Era horretan ezarri zen pax romana baskoien lurraldeetan. Ordutik aurrera, atzerriko armaden inbasioak zerrenda luzean erregistratzen dira: herrialde germaniarrekoak, arabiarrak, frankoak, britaniarrak, normandiarrak, gaztelauak, naziak, espainiarrak… Baina gure herriaren historia kolonizatzaileek beraiek idatzi digute orain arte, matxinatuen nortasuna ilunduz: nortzuk ziren V. mendeko bagauda matxinatu haiek? Nortzuk eta nola borrokatu ziren frankoen aurka? Nola eta zergatik erraztu zuten ahaide nagusien guda deituek geroko Gaztelaren nagusitasuna eta inbasioa? Zer zegoen benetan XVI. mendean Espainiako zein Frantziako koroek Euskal Herrian antolatu zuten sorgin ehizaren atzean?
Historia zientzia bada, Euskal Herritik bertatik landu behar dugu zientzia hau, euskal komunitatea denean zientzia horren objektu zein subjektu nagusi. Ezingo dugu bestela bi mila urteko zulo beltz horretan argirik egin.
Beste horrenbeste gertatzen zaigu Soziologiaren eta Soziolinguistikaren ataletan. Gaztelerak eta frantsesak gaurko Euskal Herrian duten nagusitasuna ulertzeko, hizkuntza propiotik elebitasun deitu duten fasera eta hortik hizkuntza propioaren ordezkatzera eta galerara daraman bidea modu zientifikoan ezagutu eta iraultzeko, ezinbestekoa zaigu Soziolinguistika zientifikoaren diskurtsoa lehenestea gaurko fabulazio ofizial asimilazionistaren ordez.
Kulturaren Soziologiatik ikasi behar dugu euskal kulturak bizitzeko behar duen Kultur Polisistema nola osatu behar dugun, nola antolatu, euskara ardatz hartuta, gure hezkuntza, komunikazio-sistemak, lan-mundua, administrazioa eta politika, artea, aisialdia, kirola… Gure nazio propioa bere aniztasun eta konplexutasun osoan, gaurko mundu honetan.
Zientzia Politikoa ere behar dugu euskaldunok, ez sinisteko lehendakari baten fabula, hark dioenean “independentzia XIX. mendekoa dela eta ez gaurkoa”. Datu zientifikoek argi adierazten baitigute, adibidez, 1975. urtetik 2022. honetara 49 estatu independente sortu direla, eta horietako bost, XXI. mende honetan. Orain bertan badirela estatu osatzeko bidean Europako zenbait herri gure antzekoak.
Gure zorioneko euskal nortasunak gorde dizkigu euskara eta euskal komunitatea azken bi mila urteetan, eta zientziak zabalduko digu euskal naziogintzarako bidea hemendik aurrera.
Argia