“XIV. mendeko albiste arabiar batek dio Iruñeko biztanle gehienek ‘al-baṣkiyya’ hitz egiten zutela eta horregatik ez zitzaiela ulertzen”

Euskararen, euskaldunon eta Euskal Herriaren gainean aski informazio urria dugun garai batez dihardu Jesús Lorenzoren (*) La vasconia peninsular en las fuentes árabes (711-929) liburuak: hots, musulmanak Hispaniara lehenengoz iritsi zirenetik Abd-Al-Rahman III.a Kordobako kalifa izendatu zen urtera arteko berrehun urteak, nonbait. Berrehun urte horiei buruzkoetan iturri arabiarrek gutaz zer dioten aztertu du ikertzaileak, lan osatua, zehatza eta ongi kontrastatua onduz. Bera arduratu da dokumentazio historiko guztia biltzeaz, kontrastatzeaz, argitzeaz eta kronologikoki ordenatzeaz.

“Iruñeko Plazan agertutako nekropoli islamikoak esaten digu arabiarren eta baskoien arteko harremanak onak izan zirela eta, horren ondorioz, biztanle batzuk islamizatu ere egin zirela”.

Vasconia edo Baskonia aipatzen duzunean, zertaz ari zara zehatz-mehatz?
Eremu geografikoari dagokionez, Vasconia penintsular delakoak gaur eguneko Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren lurraldeak biltzen ditu. Kronista arabiarrek lurralde hauei emandako trataera aski desberdina izan zen, halere. Alde batetik, berri-emateok ez dute Bizkaian edo Gipuzkoan dagoen leku bakarrik -ez behintzat, seguru horkotzat har dezakegunik-aipatzen. Arabako lurraldea, berriz, sarri aipatzen da baina, bildutako testuak kontuan hartuta, ezin da jakin bere mugak non zituen, ezta justu-justu non kokaturik zegoen ere.

Beraz, berri-emaile arabiarrak zertaz arduratu ziren?
Egungo Nafarroako lurraldeez, gehienik. Lurralde horrek dauzkan bi poloak aipatu zituzten bereziki: Iruñea eta Tutera. Erresuma izanikoa da Iruñea, IX. mendetik aurrera: kronista musulmanek bilād al.Baškūns” edo Baskoien herri deitu zuten. Ez dakigu noraino iristen zen iparralderantz, baina, garai hartan, hegoalderantz hedatu zen etengabe, X. mendean Ebroko bailarara iritsi zen arte. Tuterako hiria, bestalde, al-Andaluseko testuinguruan, 802an hasi zen indar hartzen, 830aren inguruan hiri edo madīna bihurtu arte. Al-Andaluseko Muga Goreneko hiri garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi zen.

Liburuak bi atal nagusi ditu. Zeintzuk?
Liburuan bertan bildu ditugun autoreen biografiari buruzko sail batekin hasi dugu lana: autore haien testuinguru geografikoa eta kronologikoa erakusten saiatu gara. Bigarren parteak osatzen du liburuaren ardatz nagusia: orduko testuak eta aipu haien erdal itzulpena eman dira bertan. Testu arabiarretan, Euskal Herriari egiten zaizkion aipamen guztiak biltzen dira hor: guztira, 195 notizia, 24 egile eta 30 testutatik aterata.

Eta zein da ikerlanaren helburu nagusia?
Bikoitza da helburua. Lehenik, testu ugaritan barreiaturik dauden Euskal Herriari buruzko notizia guztiak bolumen bakar batean eskaintzea. Bigarrenik, hizkuntza europar batera egindako itzulpen eguneratu bat ikertzaileen eskuetan jartzea, gaur egungo ikertzaileok testuei egiten dizkiegun galdera berriei begira. Finean, kronista arabiarrek utzi zizkiguten Euskal Herriaren historiari buruzko -gure historiari buruzko-testuak birpentsatzeko tresna bat da liburu hau.

Edonola ere, badira gai hau jorratzen duten bestelako lanak, ezta?
Bai, eta liburu honetan agertzen diren itzulpenek ez dute aurreko besteekin lehiatu nahi. Horien osagarri dira, pauso bat aurrerago joan nahian. Itzulpen horiek ikertzaileei zuzendurik daude bereziki eta, ikertzaileok, edukiaz gain, beste kontu batzuetan ere jartzen dute arreta: nork idatzi zuen testua, zer baldintzatan eta abar.

IRUÑEAREN KONTRAKO ERASOAK

Bada, non gorde dira testu hauek? Non zeuden bilduta? 
Testuen jatorria oso desberdina da. Zenbait testu al-Andalusen idatziak izan ziren, baita beste toki batzuetan ere, hala nola al-Magriben, hau da, gaur egungo Morokon, Egipton edo Sirian. Adibidez, Ibn al-Athir-en kasua dugu, Salah al-Din-en edo Saladinoren kronista ofiziala izan zena XII. mendearen bukaeran. Horrek Saladinoren garaipenen berri ematen zuen eta mundu islamikoaren beste aldean gertatzen zirenak ere kontatzen zituen, al-Andalusen eta Vasconian ere bai.

Horrela, bildutako notizia gehienak editatuta dauden liburuetatik hartu dira eta, beraz, liburutegietan aurkitu daitezke. Hala ere, hainbat inguruabar direla eta, zenbait kasutan aukera izan dut eskuizkribuekin lan egiteko. Haien artean, garrantzitsuena ˤArīb In Saˤīden testua da, Mujtasar tarij al-Tabari titulua duena. Testu horrek Iruñearen kontrako bi kanpaina deskribatzen ditu oso modu zehatzean, leku-izen asko aipatzen dituelarik. Eskuizkribu horren kopia bakarra Gothako Dukearen liburutegian gorderik dago, baina erreprodukzio mikrofilmatua kontsultatzeko aukera izan nuen.

Eta zer aurkitu zenuen testu horretan?
Ezuste handiak ekarri zizkidan, agerian jarri zidalako edizioetan agertzen diren izen ugari manipulatu zituztela eskuizkribuan agertzen diren izenak gaur egungo toponimoekin bat etor daitezen. Bete modu batean esanda: edizioan agertzen diren toponimoak, eta askoz gehiago itzulpenetan, ez datozela bat eskuizkribuan agertzen direnekin. Hori dela eta, notizien bilduma honetan eskuizkribuan agertzen diren leku izenak erreproduzitu ditut eskuizkribuetan agertzen diren bezala, puntu bat ere aldatu gabe.

Arabiar testuhauetan suma daiteke zer-nolako hartu-emanak zituzten arabiarrek orduko euskaldunekin?
Baskoien eta arabiarren arteko harremana oso aldakorra izan zen, baina hiru aldi ikus daitezke. Lehenengoa ezezaguna da: 711ko konkistatik IX. mendearen erdialdera arte. Garai horren inguruan ez dakigu ezer, baina zantzu guztien arabera, harremana ona izan zen. 711n, Iruñea konkistatu zuten itun baten bidez, eta horrek esan nahi du biztanleek haien estatusari eutsi ziotela, betiere yizyaizeneko zerga ordaintzen bazuten. Ez da kroniketan agertzen, baina 2003an Iruñeko plazan agertutako nekropoli islamikoak esaten digu harreman onak izan zirela eta, horren ondorioz, biztanle batzuk, asko behar bada, islamizatu ere egin zirela.

ENEKO ARITZA, KORDOBAKO EMIRRAREN ESANETARA

Eta noizkoak dira notiziarik argigarrienak?
Lehenengo notiziak IX. mendearen erdialdera agertzen dira, Eneko Aritzarekin. Badakigu Kordobako emirrak Iruñean aitortu zuela bere agintaritza. Horrek ez du esan nahi Eneko Aritzak emirra menderatu zuela, kontrakoa baizik, Eneko Aritza errege edo sahib izan zela Kordobako emirrak onartu zuelako.

Hirugarren aldia IX. mendearen bukaeran hasten da, al-Andaluseko gerra zibilarekin batera eta gerraren ostean, mugak finkatzen direnean, Iruñea Antso Gartzesen mendean zegoelarik. Garai hartan, harremana zeharo aldatu zen: ordura arte, al-Andaluseko zati bat izan zen erresuma dar al-harb, hau da,  gerrako lurraldebilakatu zen. Elkarren aurkako kanpaina militarrak egin zituzten sarritan, Antso Gartzesek al-Andalusen kontra, batez ere, Tuteran eta inguruan eraso eginez, eta kontrakoa, Abd al-Rahman III.ak Iruñearen kontra. Bi adibide dauzkagu liburuan, kronistek xehetasun osoz kontatu zizkigutenak.

Eta euskararen arrastorik bai dokumentu hauetan?
Zoritxarrez, albiste bat besterik ez daukagu hizkuntzari buruz eta oso berantiarra da: XIV. mendekoa, hain zuzen. Notizia horrek dio Iruñeko hiriko biztanle gehienak al-baṣkiyya hitz egiten zutela eta, horregatik, ez zitzaiela ulertzen.Notizia falta hau ez da harritzekoa: gauza bera gertatzen da al-Andaluseko biztanleek hitz egiten zituzten hizkuntza guztiekin, hau da, latina, hizkuntza germanikoak, eta abar.

Testu horiek baliatuz badago jakiterik ‘noraino’ heldu ziren arabiarrak? Esaterako, Anton Erkoreka historialariak dio agian Gernika aldean ibili zirela, bikingoei erasoka.
Testu hauek bakarrik erabiliz ezin da jakin arabiarrak noraino iritsi ziren. Jakin badakigu Iruñeak itun bat sinatu zuela konkistatzaileekin 718 inguruan, eta ez daukagu berririk armada musulmana harantzago iritsi zela esaten digunik. Hala ere, horrek ez du esan nahi harantzago iritsi ez zirenik.

Iruñeko kasuan zaila baldin bada, Arabako kontua are zailagoa da, ez dakigulako Araba non zegoen ere. Emirrek espedizio militar ugari burutu zituzten VIII. eta IX. mendeetan Arabaren kontra, eta zenbait kasutan kronistek toponimoak erregistratu zituzten, esaterako, Yarniq. Arazoa da leku horiek non zeuden jakitea edo, hobeto esanda, kroniketan agertzen den leku izena gaur egungo zein toponimorekin lot daitekeen. Nolanahi ere, liburu honek ez du erantzunik eman nahi, ezpada, guztiz kontrakoa: testu arabiarretan agertzen diren toponimoetara hurbiltzeko tresna bat izan nahi du, bereziki, arabieraz irakurtzen ez duten ikertzaileentzat.

(*) Jesús Lorenzo Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Historiako doktorea da eta, batez ere, arabiar hizkuntza eta kultura ikertu ditu.

https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/komunikazioa/plazaberri/5823-xiv-mendeko-albiste-arabiar-batek-dio-iruneko-biztanle-gehienek-al-ba-kiyya-hitz-egiten-zutela-eta-horregatik-ez-zitzaiela-ulertzen?fbclid=IwAR3zHteKlSe0UGytxbiH-IihrvcjMKNeEPQY3qo62VbUKQkY6fHUx1Q1x1w