Harro dator haizea
iparraldetik
itsasoaren bilo xuriak laztuz.
Goiko paraje mortuetan barna,
ihizi izuen gisan,
argia eta xoriak
begietarik ihesi.
Udako azken egunak
hostogabetuz doaz
arrosa-liliak bezain goibel.
Bai, ez. Bai, ez…
Bihotzak bai, buruak ez.
Azken emaitzari buruz
duda guti, hala ere…
Non ote dira
berri gaiztoak ekarriz gero
mezulariei lepoa mozten zieten
errege puxantak?
Guk, ordea,
beldurraren beldurrez,
oihal batez estaltzen dugu egia
gorpu baten aurpegia bailitzan.
Haize zakarra ufaka.
Ufaka eta uluka.
Hiltzera doan norbaiten antzera
itxi ditu zeruak begi urdinak
negarrez urtu aitzin…
Baina maitale berantetsien gisan
denbora baino lehen heldu zaigun neguak,
lur beltzak ohi bezala,
itxaropenaren hazia dakar
sabelean.