Trebiñu hauteskundeen bidegurutzean

Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan sekula baino hautagai-zerrenda gehiago izango dira Trebiñun. Ezagun da zerrenda aurkeztu duten alderdi guztiek ez dutela parte hartzerik edukiko, Trebiñuko Abertzale Sozialistak taldeari eragotzi baitiote, Alderdien Lege bidegabearen izenean. Guztiarekin ere, udal hauteskundeotan inoizko zerrenda kopururik handiena edukiko dugu trebiñarrok aukeran: lau, guztira.

Printzipio bezala, zerrenden aniztasuna demokraziaren ezinbesteko ezaugarri da, dudarik gabe. Hala ere, lehenengo begiratuan paradoxikoa gerta daitekeen arren, halako zerrenda-ugaltzea oso kaltegarria da Trebiñuk nozitzen duen auzi espezifikoaren testuinguruan. Izan ere, trantsizio politikoa behatz puntetan iragan zen Trebiñuren lurralde-auziaren gainetik, eta trebiñarren borondatea hutsaren hurrengo izan zen Erdi Aroko irizpide autoritarioak betikotu nahi zituztenentzat.

Egoera anormal honetan, Araban integratzea izan da trebiñar askoren lehentasunezko jarduera politikoa, halabeharrez jarrera alderdikoiak bigarren mailan utzita, ahalik eta indar gehiena batze aldera. Ikuspuntu honetatik, oraingo bozetan integrazioaren aldekoen botoa zatikatzea ez da, inondik inora, aurrerapausoa, are gutxiago D’ Hont legearen argitan.

Orain arte, 1979 urteaz geroztik, udal bozetan bi indar politiko aritu izan dira elkarren lehian, lau urtetik behin: batetik, Talde Independentea, Trebiñu Araban sartzea defendatuz azken zortzi urtean alkatetzatik lanean diharduen herritarren mugimendu bateratua eta, bestetik, PP (eta lehenago AP zein UCD siglen pean) Burgoseko eskuindarren interesak ordezkatzen dituztenak. PSOEk 1999ko bozetan ere izan zuen zerrendarik, baina boto baliodunen % 7,23 besterik ez zuen jaso. Zinegotzi bakar bat lortzeko behar zenaren erdia, gutxi gorabehera.

Hauteskunde hauetan beste bi alderdik hartuko dute parte: PSOEk eta EAE-ANVk. Burgoseko sozialistak duela zortzi urteko langa gainditzen saiatuko dira. Nolanahi ere, gaurko errealitatea eta ordukoa zeharo desberdinak dira. Aldaketa handia gertatu da Trebiñuko egoera soziologikoan: gaur egun biztanleen erdia-edo azken lauzpabost urtean Gasteiztik etorritako gazte jendea da nagusiki, askotxo etxebizitzaren gehiegizko garestitzeak hemengo urbanizazioetan bizitzera bultzatuak. Jakinkizun dago aldaketa demografiko sakon honek zer eragin izan dezakeen udalaren osaeran. Bere aldetik, PSOEk anbiguotasun kalkulatuaren estrategia diseinatu du, eta garbi asko eszenaratu du Trebiñun egin duen agerraldian: mahaiburuan Chema Jimenez, Burgoseko PSOEren idazkari nagusia eta, bere ezkerrean jarrita, Txarli Prieto Arabako PSEren idazkari nagusia. Bien ondoan Patxi Lazcoz, PSEren Gasteizko alkatetzarako hautagaia. Zer mezu dakarte Trebiñura? Ezin sinpleagoa: herritarren benetako interesa eguneroko zerbitzuen hobekuntza da, eta ez Araban integratzeko aldarrikapen antzu eta hutsaletan korapilatzea. Zenbat herritar etorri berri eta zerbitzu-egarri zintzo seduzituko ditu sirena-kantu engainatzaile honek?

Trikimailuak trikimailu, PSOEk ondotxo daki legearen aldetik udala dela integrazio-prozesua hastea daukan erabakimen-esparru bakarra, zinegotzien bi herenak aldeko boza emanez gero. Beraz, funtsezkoa da Trebiñuko udalaren osaeran Araban sartzearen aldeko gehiengo kualifikatua erdiestea, botoa alferrik sakabanatu gabe.

PSOEko zinegotziengandik ezin dugu espero Araban integratzeko eskaririk babestuko dutenik, Burgoseko alderdiaren diziplinatik nekez aldenduko baitira. Uste honen argigarri, hona datu bat: maiatzaren 27ko bozetan Trebiñuko 36 kontzejuetan auzo-alkateak ere aukeratuko dira. Armentia herriko kontzeju handi samarrean, PSOEren udal hauteskundeetarako zerrendaburuak eta PPren bigarrenak osatzen dute zerrenda: udalean ere alkatetza bereganatzeko egin dezaketen ezkontza politikoaren aurrekari gardena.

Laugarren zerrenda EAE-ANVrena da. Ezker abertzaleak iazko apirilean plazaratutako adierazpenean amaitutzat jo zuen Trebiñuko bozetan modu alderdikoian ez parte hartzeko zeraman jardunbidea. Zilegi da, jakina, halako hautua, baina, nire ustetan, pertsonalismo politikoari lehentasuna emate hori erabaki oker eta arriskutsua da, Araban sartzearen aldeko mugimendu bateratuaren kalterako delako.

1979tik hona, Talde Independenteak egin du integrazioaren aldeko lana udalean, bere on-gaitz guztiekin, gehienetan agintean eta 1991-1999 bitartean oposizioan. Oreka hauskorra izan da beti: gaur egun bost zinegotzi dauzka Talde Independenteak eta PPk lau.

Horrengatik guztiagatik, kezkaz ikusten ditut hauteskundeok Trebiñun. Integrazioaren aldeko mugimenduaren pitzadura ez da lasai egotekoa. Arabarekin batzearen aldekoek udal gobernua galduz gero, Talde Independentearen beraren erantzukizuna izango litzateke neurri batean, herritarren behar adina konfiantza ez lortzeagatik. Baina hori bezain egiazkoa da, udal gobernua PPren eta PSOEren eskuetara makurtzen bada, integrazioaren aldeko botoetan zatiketa gauzatu dutenak ere ez direla errutik salbuetsita geratuko.