Subiranotasun monetarioa eta fiskala

Etengabeko zor pribatuan oinarritzen den hazkunde estrategikoa jasanezina da eta azkenean arazo fiskala agerian jartzen da

AEBak, Japonia, Britainia Handia, Kanada ez daude zor- arriskuan. Printzipioz, gobernuek eta banku zentralek politika fiskalak eta zor-arazoen aferak konpondu ditzakete.

Barneko sektore pribatuak aurrezteko joera daukanean, aurrekontu publikoaren defizita beharrezkoa da. Gainera, langabeziari aurre egiteko defizit hori ezinbestekoa da.

Herrialde horiek ez daukate inolako arazorik zor subiranoaren krakak jasotzeko, ez orain, ezta etorkizunean ere: Paul Krugman Nobel sariak ulertzen ez duena.

Izan ere, Krugmanek uste du Europan defizitak murrizten ez badira, krisia etorriko dela. Bill Mitchellen aburuz, kontrakoa da gertatu dena. Krisia baino lehenago, gobernuek politika fiskal hedatzaile bat erabili izan balute (defizitak areagotuz), hazkunde ekonomikoak langabezia handia irentsiko duela segurtatzearren, orduan aurrezki pribatuak handiagoak izango ziratekeen eta kreditu pribatuaren hazkundea txikiagoa, hazkunde ekonomikoa babesteko.

Kontabilitate nazional orokorra argi dago -gobernuaren superabitak ez-gobernuaren defizita berdintzen du-. Baina gobernu bat austeritate fiskalaren atzean badago (edo superabitak sortzearen alde), ekonomia hazteko bide bakarra ez-gobernuko sektorea defizitean egotea da. Jakina, kanpo defizitekin barneko defizit pribatuak azalduko dira.

Gainera, etengabeko zor pribatuan oinarritzen den hazkunde estrategikoa jasanezina da eta azkenean arazo fiskala agerian jartzen da, familiak beren aurrezkia areagotzen saiatzen diren heinean.

Okerragoa dena, krisia eta gero, ez-gobernuko gastuen baldintzak kontuan harturik, austeritate fiskala erabiltzeak edo/eta maila egoki batera beren defizitak ez hedatzeko gobernuen ahaleginek, krisia iraunarazi dute eta herrialde gehienetan epe luzeko langabezia sortu. Krisiaren eragina txikiagoa ahal izango zatekeen baldin eta gobernuek egokiro erabili izan balituzte beren erantzukizun fiskalak.

Beste aldetik, Krugman konturatzen ez bada ere, Europan ez da gauza bera Europako Diru Sisteman (EDS), eurogunean egotea (Grezia, Irlanda, Portugal, Espainia…) ala kanpoan egotea (Britainia Handia, Norvegia, Danimarka…). Politika fiskala eta monetarioa erabat desberdinak dira.

Kasu, Bretainia Handian (AEBetan, Kanadan eta Japonian bezala), gobernu subiranoa dago. Berez, gobernu subiranoak ez daude finantzialki mugatuta, nahiz eta makineria eduki mugak jartzeko. Muga horiek, politikoki, nahietara daude eta gainditu daitezke.

Hortaz, gobernu horiek nahi duten politika fiskala eraman dezakete, bono merkatuen jarrerari eta gorabeherei begiratu gabe .

Azkenik, herrialde horien banku zentralek nahi duten interes tasa jartzen dute. Banku zentral batek «zero» interes tasa jartzen badu, horrek ez du esan nahi kreditua «merkea» dela. Merkatu pribatuko tasek arriskuaren balorazioa islatzen dutela esan nahi du.

Hala ere, herrialde bat eurogunean sartzen denean, bere subiranotasun monetarioa galtzen du (finantzialki mugatua bilakatzen da), baita interes tasak jartzeko ahalmena ere. Halaber, bere kanpo malgutasuna galtzen du (haren truke tasa era efektiboan tinko bilakatzen da).

Euroguneko gobernu guztiak hertsagarritasun berean daude, eta, ondorioz, insolbentzia jasaten dute. Horixe da egun hauetan etengabe ikusten ari garena.

Mitchellek honela dio: bere subiranotasun fiskalari buruz amore ematen duen herrialde batek ezin dio erantzunik eman finantza krisi bati edozein egoeratan zeren bono merkatuek gobernu horren ahalmena (eurotan, de factoko atzerritar monetan) murriztuko baitute. Oso garrantzitsuena dena: gobernuak erabili behar du output publikoaren eta pribatuaren nahasketa. Output publikoa ez-nahikoa dela baloratzen badute, orduan baldintza horietan orekaturiko balantze bat ez da izango desiragarria. Horixe da, hain zuzen ere, ekonomia mistoaren giltza.

Hona hemen Mitchellen zenbait irizpide sendo:

– Ez dago inolako analogiarik familia baten eta gobernu (subirano) baten aurrekontuen artean.

– Familien gastuak finantzialki mugaturik daude. Ez-gobernuko eragileek fondoak lortu behar dituzte (irabaziak, aktiboen salmentak, aurrezkiak edo maileguz hartuak), gastatu baino lehen.

– Gobernu subirano bat ez dago inoiz murriztuta, bera delako monetaren jaulkitzailea. Ez du behar zergatzea edo maileguz hartzea gastatu ahal izateko, eta logikoki gastatu behar du zerga errenta biltzeko edo fondoak maileguz hartzeko.

– AEBetako Gobernua subiranoa da bere aukera fiskalekiko.

– Edozein gobernu nazional subirano beti gai izango da bere pentsio obligazioak ordaindu ahal izateko.

Mitoa: aurrekontu superabitek aurrezki nazionala sortzen dute; hortaz, gobernuak ekonomian duen rola murriztu behar du, gastuak gutxituz, nahiz eta langabezia egon. Etengabe esaten zaigu sakrifizioak egin behar direla gobernuak aurrekontu superabitak edukitzeko, etorkizunean gastatzeko baliabide gehiago edukitzearren.

Egia: aurrekontu defizitek ez dute etorkizunean inongo gastu estrarik hornitzen. Gobernu subirano batek bere monetan gastatzeko mugaturik gabeko ahalmena dauka.