Sri Lankako Errepublika Sozialista Demokratikoa, Hegoaldeko Asiako uharte-estatua da, Indiako ozeanoan kokatua, Indiatik 50 kilometrora eta Palk itsasarteak banandua. Gaur egun, 21 milioi biztanle inguru ditu, horietatik %82 sinhalarrak, %9 inguru tamilak. Gerra zibilaren aurretik, %74,8 ziren sinhalarrak, eta %18 tamilak.
1-Sinhalarrak. Sri Lankako talde etniko nagusia dira; biztanleriaren % 74,9 osatzen dute. Bere hizkuntza sinhala da, indoariar hizkuntza familiakoa. Sinhalarrak budistak dira gehienbat, nahiz eta horien proportzio txiki bat (% 6,5) kristauak izan. Uhartearen hego-mendebaldeko eta erdialdeko eremu oso jendetsuetan bizi dira.
2-Tamil srilankarrak. Sri Lankako tamilak dira uhartearen iparraldean eta ekialdean bizi diren bigarren talde etnikoa (%12 inguru). Tamilera hitz egiten dute, drabidiar hizkuntza familiakoa, eta, erlijioaren aldetik, gehienak hinduismoaren jarraitzaileak dira. Sri Lankako tamil komunitatean, proselitismo kristauak arrakasta handiagoa izan zuen haiengan sinhalar komunitatean baino.
3-Tamil indiarrak. Badira beste tamil batzuk ere, Indiatik etorritako tamilak (landaketako tamilak ere deituak). Beste talde etniko bat osatzen dute, laugarrena garrantziari dagokionez, biztanleriaren % 4,1 hartzen duena. XIX. eta XX. mendeetan nahita ekarri zituzten Hego Indiatik Sri Lankara, uhartearen erdi-hegoaldean zeuden te, kautxu eta kafe sailetan lan egiteko.
4-Mairu srilankarrak Herrialde arabiarretatik iritsitako merkatariak, Sri Lankan finkatu eta bertako emakumeekin ezkondu ziren. Beraz, gaurko mairu srilankarrak merkatari arabiar haien ondorengoak dira, eta biztanleriaren % 9,3rekin hirugarren talde etniko handiena osatzen dute. Gehienak uhartearen hegoaldeko hiriguneetan biltzen dira, erdialdeko eta ekialdeko probintzietan funtsezko populazioak dituztelarik. Portugaldar kolonizazioaren garaian, mairuak jazarriak izan ziren, eta askok erdialdeko goi lurretara eta ekialdeko kostaldera alde egin behar izan zuten. Bere hizkuntza nagusiki tamilera da, baina bere nortasun iturri nagusia erlijio islamiarra da hizkuntza baino gehiago. Sri Lankako komunitate musulmanak malaysiar komunitate txiki bat ere badu.
5-Burges zeilandarra. Sri Lanka kolonizatu eta gero uharteko emakumeekin ezkondu ziren europarren ondorengoak dira. Burgesek komunitate ezberdin bat garatu zuten, ingelesa lehen hizkuntza bezala eta kristautasuna erlijio bezala, bere ezaugarri bereizgarriak zirelarik. Independentziaren ondoren, Sri Lankako politikariek tokiko hizkuntzen erabilera bultzatu zutenean, burges askok emigratu zuten, batez ere Australiara.
6-Gutxiengo txikienen artean daude: veddak, Sri Lankako herri indígena nagusia; malaysiarrak, austronesiar kolonoen ondorengoak; txinatarrak, XVIII. eta XIX. mendeetan uhartera iritsitako etorkinak; eta azkenik, kafreak, Afrikatik etorritako populazio txikia.
Aurrekari historikoak
Koloniaurreko garaian, Sri Lanka uhartea zenbait erresumatan banatuta zegoen, eta horietako askok harreman konplexuak zituzten Asiako hegoaldeko eta hego-ekialdeko gobernu-sistemekin. Batzuetan, tokiko errege batzuek botere handia zuten, baita itsasoz haraindiko lurraldeak erasotzeko gaitasuna ere, baina, aldi berean, Sri Lankako erresumak Asiako hegoaldeko potentzia ezberdinen eraginpean zeuden. Erresuma-galaxia bat osatuko lukete, hau da, erresuma zentral ahaltsu bat, beste erresuma satelite ahulenen agindupean. Uhartea Indiako Ozeanoan dagoenez, bere nortasuna Indiako hegoaldetik eta harantzagotik iritsitako migrazio-olatu ugarik moldatu zuten. Gainera, uhartea “kosmopolis” sanskrito eta mundu budista deitutakoaren zati zen, Asiako hegoalde eta hego-ekialde modernoak hartzen zituena.
Zeilan portugaldarra (1597-1658)
Portugaldarrak 1505an iritsi ziren uhartera merkataritzaren (ez lurraldearen) kontrolaren bila. Geroago, sinhalrren aurka gerran hasi ziren, eta kanela baliotsuaren ekoizpena kontrolatzeko ahaleginean uharte osoko lurraldea bereganatu nahi izan zuten. Portugaldar domeinu zuzena Kotte erresumako Dharmapala erregea hil ondoren hasi zen. Dharmapalak 1580an utzi zion bere erresuma Portugalgo erregeari, eta 1597an oinordekorik gabe hil zenean, portugaldarrek Kotte Erresuma erreklamatu zuten. Portugaldar domeinuak bi modutara eragin zuen sinhalarren identitatea:
1-Portugaldar domeinuaren dinamikak berak, lehenik komertzialak, gero militarrak, sinhalarren arteko banaketa soziologikoa bultzatu zuen. Portugaldarrentzat, Sri Lanka, hasieran, garrantzitsua izan zen merkataritza-postu gisa, zeinaren bidez Indiako Ozeanoko espezien merkataritza kontrolatzen baitzuten, bereziki uhartean hazten zen kanelarena. Merkataritza-interes horiek laster bihurtu ziren politiko, eta, beraz, lurralde-kontrola bilatu zuten. 1597rako, portugaldarrek hegoaldeko behe lurrak kontrolatzen zituzten, eta 1619an iparraldekoak ere erantsi zituzten. Baina barrualdeko lurretan sartzeko egin ziren hurrengo kanpaina militarrek porrot egin zuten eta Kandy Erresumak independente izateari eutsi zion. Ondorioz, herrialdeko itsas eskualdeak mendebaldar kulturaren eraginpean denbora askoz luzeagoan egon zirenez, kostaldeko eta barnealdeko eskualdeetan bizi zirenen arteko ezberdintasun soziokulturalak areagotu egin ziren.
2-Portugaldarrek kristautasun-katolizismoa sartu zuten erlijio anitzeko gizarte batean, garai hartan budismoa, hinduismoa eta islama barne hartzen zituena. Portugaldarrek erlijioa helburu ekonomiko eta politikoak sustatzeko tresna politiko gisa erabili zuten. Kolonbo iparraldean zeuden kostaldeetan elizak ezarri zituzten. Portugaldar proselitismo katolikoaren mende batek kristau populazioak eman zituen tamil eta sinhalar komunitateetan.
Zeilan holandarra (1664-1795)
1627an iberiar ekonomiaren kolapsoaren eta herbeheretarrek portugaldarren aurkako gerran lortutako garaipenaren ondoren, Holandak Asiako kolonia portugaldar gehienak bereganatu zituen 1638 eta 1658 artean, Zeilan barne. Kandy Erresumak Ekialdeko Indietako Holandar Konpainiaren laguntza bilatu zuen, eta hasieran akordio batera iritsi ziren. Herbeheretarrak, herrialdearen babesle izendatuak, sinhalatarrek gonbidatu zituzten portugaldarren aurka borrokatzen laguntzeko. Herbeheretarrek ere ez zuten Kandy Erresuma konkistatzea lortu, baina 1766an Kandyko erregea itun bat sinatzera behartu zuten, uharteko kostalde osoan subiranotasuna eman ziena. Komtuan izan behar da Kandy Erresuma 1476an sortu zela, Kotte Erresuma erori ondoren. Sri Lankako azken monarkia independentea izan zen, eta paper garrantzitsu bat izan zuen bere historian. Geografikoki uhartearen erdialdean kokatua, herrialdeko kostaldeak kontrolatzen zituzten portugaldar eta holandar domeinuetatik independente mantentzea lortu zuen. Hala ere, britainiarrek konkistatu zuten 1815ean.
Herbeheretarrek gobernatutako lurraldeak hiru eskualde administratibo-militarretan banatu ziren, Colombo, Halle eta Jaffna hiriak erdigune zituztenak. Administrazio kolonialeko funtzionarioak gobernadorearen mende zeuden, hau, aldi berean, Ekialdeko Indietako Herbehereetako Konpainiaren arduradun zelarik. Boterearen aparatu zentraleko funtsezko postuak Herbehereetako funtzionario kolonialei esleitu zitzaizkien, probintzia gobernua, berriz, ia erabat atxiki zuten sinhalar eta tamil eliteek. XVIII. mendearen hasieratik, burges deiturikoak, herbeheretarrek bertako biztanleekin izandako ezkontza mistoen ondorengoak, Holandako agintarien zutabe bihurtu ziren. Ezkontza horiek Ekialdeko Indietako Konpainiak bultzatu zituen, metropolitik uhartera kolonoak erakartzeko politikak ez baitzuen nahi bezalako emaitzarik eman. Era berean, erregimen kolonialari gizarte-laguntza gehitzeko, administrazioak kristautasuna zabaltzeko kanpaina aktiboa egin zuen. Horren ondorioz, Sri Lankan komunitate protestante bat sortu zen, burgesez, sinhalarrez eta tamilez osatua, aparatu kolonialaren zerbitzura. Portugaldar domeinu garaiko neofito katoliko gehienak ere protestantismora pasa ziren.
Zeilan britainiarra (1795-1648)
1802an, holandarrek britainiarren esku utzi zituzten beren lurraldeak (Amienseko Ituna), eta Zeilan britainiar koroaren kolonia bihurtu zen. 1815ean, lurraldearen bihotzean sartu ziren, Kandyren erresuman, eta uharte osoa kontrolpean hartu zuten. 1833an, britainiarrek gobernantza-modu berri bat ezarri zuten. Colebrooke eta Cameron Batzordeak erreforma ekonomiko eta legal zabalak proposatu zituen, Jeremy Bentham eta John Stuart Mill filosofo utilitaristen ideologia politiko erreformistan oinarrituta. Colebrooke-Cameronen erreformek erabateko aldaketa ekarri zuten, feudalismotik arrazionaltasun burokratikora, tradiziotik modernitatera igarotzea bizkortu zuena. Batzordearen ardura modernizatzailea agerian geratu zen administrazio-sistemaren arrazionalizazioan. Ordura arte, eskualdeen arteko desberdintasun administratibo asko zeuden, batez ere Kandy erresuma zaharraren eta itsas probintzien artean zeudenak. Batzordeak argudiatu zuen bereizketa horiek hazkunde ekonomikoa eta aurrerapen soziala eragozten zutela, eta, beraz, uhartearen zatiketa politiko zaharrak indargabetu zituen, estatu moderno baten espazio bakarra sortuz. Horretarako, administrazio uniformea proposatu zuen, uhartearen 5 probintziatako lurralde-banaketa arbitrarioan oinarrituta.
Erreformek Zeilango gobernantza tradizionala errotik aldatu zuten, ekonomia, zuzentza, hezkuntza eta administrazio zibileko sistema moderno eta uniformea ezarriz. Ingelesa administrazioko eta hezkuntzako hizkuntza bihurtu zuten, ez soilik subjektu kolonialak “goi mailako” mendebaldeko kulturara asimilatzeko, baita administrazio kolonialari itzultzaile eta bitartekarien lan-indar elebiduna emateko ere. Langile horiek ezinbesteko lotura bihurtu ziren gobernu kolonialaren eta bertako biztanleriaren artean. Hezkuntza-erreformek ingelesari modernitate eta aurrerapen-estatusa egotzi zioten, tokiko hizkuntzak, berriz, baztertuta eta mespretxatuta geratu ziren. Nolanahi ere, ingelesezko irakaskuntza eskola gutxi batzuetara mugatzen zen, hauen bidez britainiar interesekiko leialak ziren hiritarrak hezi behar zirelarik.
Aldaketa ekonomikoei dagokienez, itsas eskualdeetako landaketen ekonomiaren oinarriak finkatuta zeuden jada, eskualde horien kolonizazio goiztiarraren ondorioz. Hala ere, Kandyko zonalde garaietako lur baldarrak, estatuaren jabetza izatera pasa ziren, gero espekulatzaile edo landatzaileei salduak. Gainera, India hegoaldeko langileen joan-etorri sistematikoa 1840an hasi zen. Honek guztiak goi-lurretako nekazarien pobretzea ekarri zuen, etorkizuneko gizarte-gatazken eragile. Bestalde, ekonomian izandako aldaketen ondorioz, komunikazio-sistema berri bat eraiki zen, uhartearen barrualdea eta kostaldeko eskualdeak lotuko zituena, ekonomia modernoa garatzea ahalbidetu zuen garraio-sistema moderno baten hasiera markatuz.
Laburbilduz, Zeilanen kolonialismoak mendebaldar kultura-erlijio intrusiboaren eta bertako budismoaren arteko gatazka eragin zuen, egiturazko aldaketa sakonak eraginez. Pertsonek elkarri eragiteko zituzten moduak aldatu ziren, eta hierarkia tradizionalak oso desafiatuak edo ordezkatuak izan ziren. Erlijioaren eta estatuaren arteko lotura tradizionalak, 2.000 urte baino gehiagoko antzinatasuna zuenak, bere oinarria galdu zuen, praktikan, herentzia budista ezeztatua geratuz (bereziki Kandy Erresuma 1815ean erori ondoren). Sistema ekonomiko, erlijioso eta kultural tradizionalak goitik behera aldatu ziren. Antzinako gizarte tradizionalaren nonahiko harreman hierarkikoak desagertzen joan ziren; orain, jendeak elkarrekintza eredu eta ingurune erabat berrietara egokitu behar izaten du. Hau guztia gutxi balitz, langile atzerritarren etorrerak nahasmen handiago sortzen lagundu zuen, oreka demografikoa aldatuz.
Errolda eta identitateen kategorizazioa
Britainiar zientzialariek eta administrazio kolonialak sailkapen sistema bat sartu zuten Sri Lankan, identitate sinhalarrari eta tamilari forma eman ziena, aurretik existitzen ez ziren mugak sortu zituena eta gatazka postkolonialaren oinarrietako bat ezarri zuena. Britainiarrak identitateen sailkapen bat egitera bultzatu zituzten arrazoiak bi izan ziren: alde batetik, kultura-aniztasun handiko uharteko populazioaren konplexutasun itxuraz ulertezina ordenatzea; bestetik, “divide et impera” politika aplikatzea biztanleen gainean boterea gauzatzeko.
Britainiarrak Zeilana iritsi zirenean, uhartea aparta zen bere heterogeneotasun eta aniztasun kulturalari dagokionez. Zeilango biztanleak, duela asko, indiar azpikontinentetik iritsi ziren nagusiki, gero, munduko toki ezberdinetatik etorritako beste pertsona batzuk gehitu ziren. XIX. mendea baino lehen, biztanleen identitatea aldakorra eta testuinguruaren araberakoa izan zen. “Sinhalar” terminoak etiketa kultural zein politiko gisa funtzionatu zuen, jatorri partekatu batean inolako sinesmenik izan gabe. Honetaraz gero, ondoriozta daiteke identitateen kategorizazioak etnikoki garbiak eta elkarren artean erabat ezberdinak ziren komunitateen eraikuntza baldintzatu zuela, hala nola, sinhalarra edo tamila.
Britainarrak, errolda egiterakoan, herbeheretarrengandik jasotako nortasun ereduetan oinarritu ziren. 1818 eta 1824ko lehenengo bi erroldetan, kategorizazioaren oinarriak kasta eta erlijioa izan ziren. 1871koan, “arraza” eta “nazio” kategoriak dira sailkapena markatzen dutenak, 78 nazio eta 24 arraza daudela egiaztatzen dutelarik. 1881eko erroldan, arrazak, kategoria nagusi bezala, zazpira murriztu ziren: europarrak, sinhalarrak, tamilak, mairuak, malaysiarrak, veddahak eta beste batzuk. 1881etik aurrera, arraza kategoria hauek uhartearen identitate ofizialaren diskurtsoaren oinarria eratzen hasi ziren, eta horrela izaten jarraitzen dute kolonial osteko aldian, “arraza” etiketaren ordez “etnia” erabiltzea izan ezik.
Identitateen instituzionalizazio politikoa
Geroago, inperialismo liberalak “bertakoak” gobernuan sartzeko ahaleginak egin zituenean, identitate horiek zeregin politikoagoa eta instituzionalagoa hartu zuten. Britainiarrek hainbat talde etnikotako elite-kideak izendatu zituzten herritarren edo arrazen ordezkari gisa. Egia esan, ordezkaritza-sistema hori nolabaiteko gobernantza parte-hartzailea ahalbidetzeko keinu bat izan zen, baita gobernantza kolonialerako elite-talde garrantzitsuen babesa lortzeko bitarteko bat ere.
Baina komunal-ordezkaritzako sistema horretan, tokiko ordezkarien kopuruak ez zuen islatzen ordezkatzen zituzten erkidegoen kopuru-indarra. 1830eko hamarkadatik 1889ra sinhalarren eta tamilen arteko parekotasuna nagusitu zen; horrela, garai hartan hiru europar ordezkari izan ziren, sinhalar bat, tamil bat eta burges/euroasiar bat. 1889ko erreformek hiru eserleku gehiago sortu zituzten: 2 sinhalar (Kandyn eta beheko lurretan), eta beste mairu bat. Beraz, aldatu egin zen ordezkari sinhalarrei eta tamilei parekotasuna emateko hasierako praktika, eta honek tamil-elitearen nahigabea eragin zuen.
1931n, Donoughmoreko komisionatuek, ordezkaritza komunala, Sri Lankako politikaren ezaugarri atzerakoi eta anakroniko bat zela adierazi zuten, baita sufragio unibertsala garai hartako eskakizun bat zela ere. Elite tamilak argi eta garbi egin zuen kontra, eta gehiengoaren tirania baten beldurrak adierazi zituen, ordura arte, boterea, bere komunitatearen indar numerikoak zehaztua ez egotera ohituta zegoena, bat-batean, zalantzazko etorkizun bati aurre egiten aurkitu baitzuen bere burua.
Sydney Webb sozialistak, 1927ko liberal eta laboristen arteko koalizio gobernuan Kolonietako Estatu Idazkariak, Donoughmoreko komisionatu hauek izendatu zituen, beraiekin, britainiar inperio sozialista eta ekitatibo baten nahia partekatzen zuelako. Horregatik guztiagatik, Zeilanerako konstituzio-akordio bat proposatu zuten, uharteko erkidego guztiek boterea eta zoriontasuna lortzeko aukera izatea bermatuko zuena.
Donoughmoreko Konstituzioa aurrerapen esanguratsua izan zen. Lehenik eta behin, Britainiar Inperioaren konstituzio bakarra zen (Australia, Hegoafrika eta Kanadako domeinu “zurietatik” kanpo), sufragio unibertsaleko hauteskunde orokorrak ahalbidetzen zituena eta barne arazoak kontrolatzeko boterea delegatzen zuena. Bigarrenik, gobernu-batzordeen sistema bat sortu zuen Zeilango arazo multietnikoei aurre egiteko. Sistema honen pean, komunitate etniko bakar batek ere ezingo luke eremu politikoa menderatu. Aldiz, gobernuko sail bakoitza komunitate etniko guztietako parlamentarien batzorde batek gainbegira lezake. Sistema honetan, botereak eta finantzaketak oinarri zabaleko babes multietnikoa hobetzeko gaitasuna zutenen alde egin zuten; beraz, adostasun-politiken aldeko negoziatzaileak eta bakegileak indartu egin ziren, eta demagogoak eta belizistak, berriz, kaltetu.
Sidney Webb sozialista (1859-1947), Kolonietako Estatu Idazkaria, bere emazte Beatriceren ondoan
Budismoa eta sinhalar identitatea
Misiolari kristauen proselitismoak mugimendu erlijioso eta kultural budista berrituaren erresistentzia eta aktibazioa eragin zuen, “budismo protestantea” deiturikoa. Modernizazio-prozesuan, Sri Lankako budismoak elementu kristau protestanteak bereganatu zituen, testuen irakurketan oinarritutako doktrina, aktibismo budista laikoaren (sangha-klero ofizialistaren zeregin tradizionalaren aurkakoa) paper garrantzitsua, eta misiolari arduratsua nabarmenduz. Gainera, ekintzaile budista laiko askok budismoari buruzko mendebaldeko interpretazio “arrazionalistak” onartu zituzten. Horregatik guztiagatik, XIX. mendean Sri Lankako budistak Mendebaldearekin konfrontazioan eta elkarrizketan zeuden bitartean, tokiko eta Asiako budistekin senidetze harremana zuten.
Bestalde, budista sinhalarrak botere politikotik alienatzen ari zirela konturatu ziren. Horrela, ingelesa menderatzea aldez aurreko baldintza bat zen gobernuko goi mailako administrario postuetarako, eta ingelesezko hezkuntza, estatuak finantzatua, soilik kristau misiolari eskoletan zegoen eskuragarri. Gauzak horrela, askok beldur ziren bi faktore horiek kristautasunera bihurtzea sustatuko ote zuten eta tokiko kulturaren diluzioa ekarriko ote zuten. Beldur horiek zirela eta, budista sinhalar askok erabaki zuten beren seme-alabak eskola kristauetara ez bidaltzea eta eskola budista propioak sortzea, ingurune “segurua” izan zezaten; horrela, haur budista sinhalarrek ingelesa ikas zezaketen baita beren lan-perspektibak hobetu ere, kristautasunera bihurtzeko arriskurik izan gabe. Halarik ere, eskola horietan bertan sustatu zen identitate etno-erlijioso bat, epe laburrean britainiar nagusitasun kulturalari aurre egingo diona.
Berpizte budista honetako pertsonaia nabarmenetako bat Anagarica Dharmapala (1864-1933) izan zen. Indian budismoaren berpizkundean aitzindari izan zen, zenbait mendez ia desagertuta egon ondoren, eta budistekiko solidaritateak landu zituen Japonian eta Indian. Halaber, Asian, Ipar Amerikan eta Europan predikatu zuen lehen misiolari budista izan zen. Bestalde, Dharmapala Sri Lankako Independentzia Mugimenduko kide nabarmena izan zen, eta indarkeriarik gabeko nazionalismo budista sinhalarraren sortzailea. Britainiar domeinuaren kritikari porrokatua, Dharmapala izan zen lehen sinhalarra Sri Lankako nortasun kolektiboa eta kontzientzia nazionala eraikitzeko beharraz ohartu zena.
- mendean, berpizkunde budistak inplikazio sakonak izan zituen. 1-Budismoaren eta Sinhalaren batasuna eta zatiezintasuna sustatu zituen, eta uhartearen iragan historikoa soilik budista sinhalarra zela pentsatu zuen. Bi kontsiderazio hauek ez zuten ondorio politiko zuzenik izan XIX. mendean, baina bai hurrengo mendean. Sinhalar eta budista identitateen senidetze honek, Dharmapalaren erretorikan ikus daitekeenak, inplikazio politikoak izan zituen 1931n sufragio unibertsala eman zenean, hainbat politikari budismora bihurtu baitziren beren irudi publikoa “autentifikatzeko” asmoz. 2-Budismoa askoz ere politikoagoa bihurtu zen. Aktibismo budista laikoaren eta sangharen (ofizialistaren) arteko banaketa-lerroa gero eta lausoagoa izan zen XX. mendean zehar, budismoaren paper publikoan aldaketa garrantzitsua nabarmenduz. Honen ondorioz, 1940ko hamarkadan monje budista ekintzaileak mundu politikoan ahots nagusi bezala agertu ziren.
Anagarica Dharmapala (1864-1933)
1915eko mairuen aurkako istiluak
Sri Lankan erlijioa izan zen kolonialismoaren nagusitasun ideologikoari aurre egiteko esparrua eman zuena. 1880ko hamarkadan jada nabarmena zen budismoaren berpizkundea nazionalismoaren aitzindari argia zela. Hasieran, mugimendu budistak kristautasunaren aurka zuzendu zituen bere kezkak, alkohola (budismoan debekatua) sartzearen eta sinhalarren ohiturak galtzearen errua egozten baitzizkion. Ondoren, sinhalar iragan historikoaren handitasuna berresten zuten hondakinen aurkikuntzak, sektore budista bere ideiaroaren autobaieztapenera eraman zuen. Ordutik aurrera, bere ekintzaileen amorru eta sumindura inbaditzaile atzerritartzat hartzen ziren talde ez sinhalar guztien aurka bideratu zen. Gobernuaren erreforma batek (1912) alkohola saltzen zuten dendak legeztatu zituen, eta horrek egoera larriagotu zuen, budisten nahigabea biztanleriaren zati handi batengana zabaldu baitzuen. 1915ean, jendearen ezinegona mairuen aurkako istiluetan lehertu zen.
Zergatik mairuen aurka? 1880ko hamarkadan, mugimendu islamiar berritu bat iritsi zen Zeilanera, eta beste identitate musulman bat sortzen hasi zen. Mugimendu islamiar honek wahabi ideologian oinarritutako korronte ultrakontserbadore batzuk zituen, musika bokalari zein instrumentalari uko egiten ziona.
Zeilanen, jaialdietako praktika budista tradizionalak prozesioetan danborrak jotzea, dantzatzea, petardoak jaurtitzea eta kantatzea izaten dira. Hala ere, administrazio kolonial britainiarrak uste zuen danbor hotsak gauez bakea asaldatzen zuela. Horrela, kulturen arteko talka bat gertatu zen, alde batetik, isiltasuna baloratzen zuen estatu kolonial batena, eta, bestetik, zarata atsegin zuen tokiko budistarena. Ondorioz, estatu kolonial britainiarrak prozesio budistetan zarata arautzeko neurri legegile eta administratiboak hartu zituen.
Kontuan izan behar da gertakari horiek mugimendu sinhalar-budistaren aktibazio baten testuinguruan jazo zirela. Beraz, sinhalarrek laido gisa hartu zuten erregulazio hori, beren kultura britainiarrarekin bateraezina balitz bezala. Musulmanek, askotan, Estatuak zaratarekiko zuen jarrerarekin bat egiten zutenez, festa budista hauek, komunitate sinhalar-budista eta musulmanen arteko liskar iturri izan ziren. 1899 eta 1915 artean, gutxienez 14 liskar izan ziren bi komunitateen artean, 1915eko istilu larrien aurrekariak izango direnak.
Budaren hortzaren erlikia sakratuaren prozesioa Kandy hirian
1915eko istiluak 1915eko maiatzaren 28an hasi ziren Kandy hirian. Kandy hirian urtero Perahera (desfilea, sinhalaz) izeneko jaialdi bat egiten da Budaren hortz sakratuen erlikiari omenaldia egiteko. Musikariek, elefanteek, dantzariek, abeslariek, akrobatak eta beste artista batzuek parte hartzen duten prozesioa da. Danborrak etengabe astintzeak eta petardoak botatzeak zarata burrunbatsua eragiten du prozesioan bere ibilbide osoan zehar. Poliziak Kandyko meskita baten ondotik igaro behar zuen prozesio budista desbideratzea erabaki zuen, eta horrek ezohiko indarkeria eragin zuen budista sinhalarren eta musulmanen artean. Budista sinhalarrek ikusi zuten meskita prozesio zaratatsu budistatik babesteko erabakia, britainiarrek musulmanei ematen zieten lehentasunezko tratu gisa. Amorruak eramanak, sinhalar-budista jendetzak meskitari eta inguruko musulmanen dendei eraso zien. Musulmanen etxebizitza, negozio eta meskiten aurkako erasoak Kandytik herrialde osora zabaldu ziren eta bederatzi probintzietatik bosti eragin zieten. Istiluek bederatzi egun iraun zuten, 40 hildako, 189 zauritu eta lau emakumeren bortxaketa eragin zuten. 4.000 denda musulman baino gehiago arpilatu zituzten, 350 etxe eta 17 meskita erre zituzten.
Zeilango indarkeria kolektiboaren eztanda horiek gizarte-aldaketaren eta herri-ideologiaren arteko elkarreraginaren ondorio dira. Ekonomia modernoaren garapenak, botere politiko, ekonomiko eta sozialaren banaketan ondoriozko aldaketekin, modu erabakigarrian motibatzen eta definitzen ditu sinhalarrek identitate sozialak sortzeko eta politika ikusteko dituzten moduak. Beraz, bidezkoa da pentsatzea gizarte-ezinegona arlo ekonomikotik erlijiosora bideratu zela. Hala eta guztiz ere, mugimendu budistak zenbait alderdi sekular zituen bere baitan, klase ertain eta langile berriei nortasun sozial eta kultural propioa sortzeko aukera eman zietenak, eta goranzko gizarte-mugikortasuna zuten sinhalarrei eliteko familia tradizionalenei aurre egiteko ahalbidetu zietenak, horietako asko kristauak baitziren. Bestalde, mugimendu budistak elkartasun sentimendu zabala sortu zuen, bai hiriguneetan, bai landa-eremuetan, Kandy Erresuma desagertu zenetik existitzen ez zena. Ordurako, komunikabide berriek ahaztutako iragan kultural eta erlijiosoa berrezarri eta berreskuratzeko beharra sortu zuten iritzi publikoan. Anagarika Dharmapala izan zen prozesu honi budista-sinhalar nortasuna mamitzera eta sinhalarren autoestimua goratzera eraman zuen norabide egokia eman ziona.
Kandy hiriko meskita 1905ean
Historia, zientifismo britainiarra, arkeologia eta sinhalar identitatea
1-Historia. XIX. mendearen hasieran ikerketa historiko fidagarri bat hasi zen Sri Lankan. Historiografia kolonialeko gertaera esanguratsuenetako bat pali hizkuntzaz idatziriko kronikak (wansak) aurkitu izana izan zen, horietako nagusia Mahavamsa. Testu mitohistoriko honek (V. mendean idatzia) Zeilango erregetza budistaren historia kontatzen du. Interpretazio nazionalista modernoetan, testuak lotura estua ezartzen du lurraren, budismoaren eta sinhalar herriaren artean, halako moldez non sinhalarrak, Buda hil ondoren, Zeilango erlijio budista zainduko duen arraza hautatu gisa irudikatzen baititu. Aukeratutako arraza baten ideia horrek, mito gisa funtzionatzen duenak, eragin handia izan zuen (eta du) independentziaren ondorengo politikan.
Gainera, kronikaren pasarteak berrinterpretatu egin dira, sinhalar eta tamil komunitateen artean data luzeko etsaitasunaren ebidentzia historikoa emateko. Kronikak dioenez, II. mendean Dutugemun sinhalar erregeak Indiako hegoaldeko errege tamila, Elara, garaitu zuen. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Dutugemunuren mitoa 2.500 urteko harrotasun historikotzat hartzen zen. Baina independentziaren ondorengo Sri Lankako sinhalar-tamil gatazkaren gorakadarekin, bereziki 1983ko tamilen aurkako pogromoaren eta tamil nazionalismo militantearen sorreraren ondorioz, Dutugemunu-Elara gertakaria, sinhalarren eta tamilen arteko etsaitasun historikoa adierazten hasi zen. Eta hau, geroago, arrazionalizatu egin zen gerra justuaren ideologia sortuz, honen arabera, tamil komunitatearen aurka aplikatutako indarkeria, beharrezkoa baitzen erlijio budista eta sinhalar nazioa babesteko.
2-Zientifismo britainiarrak hizkuntzen eta arrazaren teoria ariarra sartu zuen, Sri Lankako sinhalar biztanleriaren autoikuskera garaikidean paper garrantzitsua izan zuena (eta betetzen jarraitzen duena). “Royal Asiatic Society”-k Zeilani buruz egindako ikerketa akademikoak britainiarrek uhartearekin zuten harremanaren ikuspegi interesgarria eskaintzen du. Aditu horiek ondorioztatu zuten Sinhala, sinhalarren hizkuntza, ariar hizkuntza-familiaren deribatu zuzena zela, eta tamilera, tamilen hizkuntza, berriz, drabidikoa. Aurkikuntza horren ondoren, sinhalarren eta tamilen arteko hizkuntza-banaketa hori arrazara zabaldu zuten. Aditu horiek atera dituzten ondorioen arabera, sinhalarrak ariarrak dira arrazaz, beraz, sinhalarrak bai arrazari, bai kulturari dagokionez, maila gorenekoak dira, paregabe, ezin hobe. Royal Asiatic Societyk argitaratutako artikulu asko sinhalar herriaren eta bere kulturaren aldekoak ziren; jarrera horren aurka argudiatu zuten ahotsak ez ziren argitaratu. Laburbilduz, hizkuntzaren teoria ariarra “arrazializatu” egin zen, eta behin Sri Lankako diskurtso nagusian integratuta, ordura arte sozialki elkarregileak izan ziren bi komunitateen arteko eten adiskidezinak sortu zituen.
3-Arkeologia. Mahavamsak sinhalar zibilizazio loriatsu baten xehetasun testualak eman zituen bitartean, arkeologia kolonialak lagundu zuen hari onargarritasuna ematen. Ikerketa arkeologiko koloniala eta historiografia elkarren osagarri ziren XIX. mendeko Sri Lankan. Mahavamsa eta beste kronika batzuk aurkitu eta itzuli ziren ia aldi berean, gaur egun Iparraldeko Probintzia Zentrala bezala ezagutzen den eremua irekitzen ari zen Indiako hegoaldetik zetozen migratzaile tamilek landaketetan lan egin zezaten. Ordura arte, biztanle gutxiko eta interes eskaseko lurraldea zen, baina, eremuan errepideak eraikitzen hasi zirenean, Anuradhapura hiri zaharraren hondakinak aurkitu ziren. Hiri hau, sarri, Mahavamsan izendatzen da, uhartean budismoa sagaratu eta erlijioaren babes politikoaren tradizioa ezarri zen tokia bezala. Hondakinen aurkikuntzak Mahavamsari berrespen fisikoa eman zion eta kronikaren narratibaren onargarritasuna are gehiago ezartzen lagundu zuen.
Estupa Ruwanwelisaya Anuradhapura hiri sakratuan
Aurkitutako hondakinen tamaina eta nolakotasun estetikoek harridura sortu zuten guztiengan. Sri Lankako iraganari buruzko diskurtso arkeologikoak eragin esanguratsua izaten jarraitzen du orainaldian, eta herri kontzientzian ere sartu da, sinhalar herriaren narratiba handiaren zati gisa. Anuradhapurak nazionalismo sinhalar-budistaren irudimenean duen garrantzia nabaria da hirian zentratzen diren ekitaldi politiko-erlijiosoetan. Independentzia ondorengo gobernuek diru asko inbertitu dute Anuradhapurako eta inguruko azpiegituren garapenean. Gaur egun ere, sinhalar alderdi politikoek Anuradhapura aukeratzen dute beren kanpaina politikoak inauguratzeko.
Estupa Jetavanaramaya Anuradhapura hirian
Eliteak eta nazionalismo zeilandarra
Holandako eta Portugalgo domeinuan kristautasunera bihurtu ziren Zeilango biztanleak talde pribilegiatu gisa tratatuak izan ziren; aldiz, budismo, hinduismo edo islama praktikatzen zuten pertsonei zigorrak eta murrizketa zorrotzak ezarri zitzaizkien. Hala ere, garai kolonialean, kristauek (protestanteak eta katolikoak) inoiz % 10a gainditu ez zutenak, paper garrantzitsua izan zuten Sri Lankako historian uharteko elite gisa. Elite hau herrialdeko talde aberats eta sozialki nabarmena zen, nagusitasun politikoa oinordetzan hartu zuena. Bere boterea oso handia izan zen, herrialdeak aurre egin behar izan zion arazo handienetako bat bihurtuz kolonialismotik independentziarako trantsizioan, baita hamarkada batzuk geroago ere. Uneren batean, bazirudien egoera horrek, sinhalar-tamil arrailaren ordez, Sri Lankako bizitza politikoko zatitze-faktore garrantzitsuena izaten jarraituko zuela. Hortik dator Sri Lankako eliteak uhartearen ikuspegi nazionalista baten formulazioan eta egungo gatazka-egoeraren zenbait alderditatik eratorritako informazioan duen eginkizuna ulertzearen garrantzia.
Heziketa Kolonbon. Kristautasuna Zeilanen sartzeak eta zabaltzeak ez zuen arrakasta handirik izan. Bere misiolari eskolek ez zuten mendebaldeko hezkuntzaren monopolioa izan, Madraseko Teosofia Elkarteak ingelesez eta sinhalaz heziketa ematen duten zenbait eskola budista Kolonbon ezarri dituelako. Sartu berri den ingeles-sinhalazko hezkuntzak identitate komunitarioaren nozioa indartu zuen, eta, aldi berean, esfera publikoan ingelesa hizkuntza franko gisa erabiltzea jatorri etniko edo erlijioso ezberdinetako komunitateak konektatzeko bide bat izan zen. Ondorioz, ingeles-eskoletako “klase ertaineko” munduak, zerbitzu publikoak, auzitegiek eta britainiar jabetzako merkataritza- eta finantza-establezimenduek elkartze-lotura sustatu zuten elite sinhalar, tamil eta burgesen artean, halako moldez non modernitate-ikurtzat jotzen baitzuten beren komunitateko kide izatearen sentimenduei uko egitea.
Kolonboko eliteen nazionalismoa. 1870ean gobernuaren zerbitzurako eta lanbiderako sarbidea ireki zenean, mendebaldeko hezkuntza zuten sinhalarrek eta tamilek kristau komunitate burgesaren nagusitasunari aurre egin zioten. Horrela, mendebaldeko hezkuntza zuen elite multietniko bat sortu zen, Kolonbo hiriburuko hezkuntza erakundeen ugaritzearen ondorioa izan zena. 1870 eta 1920 artean, Indiako Ozeanoko hiri inperialak (Bombay, Madras, Kolonbo, Calcuta eta Singapur) elkartruke intelektual eta kulturaleko gune oparo bihurtu ziren. Kazetaritzak eta komunikazio-sare inperialen hobekuntzak pentsalari-komunitateen arteko interkonexio handiagoa ekarri zuten. Intelektualtasunak gero eta kontaktu handiagoa izan zuen elkarren artean eta kanpoko munduarekin; munduko hainbat lekutako ideologiak, albisteak eta ikuspuntuak askoz azkarrago zihoazen.
Testuinguru honetan eratzen ari ziren elite berriak intelektual konprometitu bihurtu ziren eztabaida politikoan. Intelektualtasun elebidun horrek, oso ohitura eta manera anglosaxoiak zituenak, bilera publikoak egiten zituen maiz, eta indarrak batzen zituen erreforma politiko edo sozialerako ekimen berberetan. Batasun nazionaleko zentzu integratu eta multietniko baten bila zebiltzaten. Horietako batzuek zenbait etiketa bereizgarri (sinhalar, tamil, burges) ezabatzeko konpromisoa hartu zuten, eta, horren ordez, biztanle guztiak hartuko zituen “zeilandar” izena erabiltzea onartu zuten. Aldi horretan zehar, nazionalismoaren modu inklusiboa sustatu zen, askotan lehen mugimendu nazionalisten zati integrala zena. Nazionalismo hori tokiko eliteek estatu-nazioaren eta nazionalismoaren ideia europarrekin izandako kontaktuaren ondorioa zen, baita Sri Lankako entzuleria zabalagoari egokitzearen emaitza ere.
Zeilango Estatu Kontseiluko ministroak 1936an
Komunitarismoa vs unibertsalismoa. XIX. mendearen amaieran, tokiko eliteak eta intelektualtasunak uharteko gobernuan parte hartzea zuten helburu. “Komunalismoa” edo “tribalismoa” bezalako terminoak nazionalitate bakarraren mendebaldar kontzeptuaren etsai bihurtu ziren; leialtasun etnikoak zaharkitutzat, parrokialtzat eta zatitzailetzat jo ziren. XX. mendearen hasieran, Sri Lankan hainbat talde etniko edo erlijiosoren identitate baieztapenak “komunalista” bezala estigmatizatuak izan ziren eta zilegitasuna ukatu zitzaien. Beraz, nazionalismo zeilandar goiztiarraren ikuspegi inklusibo unibertsalek ingelesez hezitako elitea baino ez zuten lotzen. Egia esan, dimentsio globaleko eta etnia anitzeko identitate nazional bat sortzeko saiakerak, barnealdeko sentimendu komunitarioaren indarrarekin erabat kontakturik ez zuen mendebaldartutako koadro baten ilusioak izan ziren.
Nazionalitate bakarraren mendebaldar kontzeptuaren iraunkortasun ideologikoak, Sri Lankan hezitako klasearen buruetan errotua, uhartearen barnean etnien arteko egokitzapena oztopatu zuen. Are gehiago, denborak ematen duen ikuspegiarekin, naziotasun bakarraren kontzeptu hori Sri Lanka estatu gisa integratzeko eta bizirik irauteko mehatxu larria izan zela ondoriozta daiteke. XX. mendearen hasieran, buruzagi zeilandarrak beldur ziren komunitate ezberdinen eskaerei amore emateak mugimendua ahulduko ote zuen eta helburuak kolokan jarriko ote zituen. Hau oso nabaria izan zen 1917an, Ponnambalam Arunachalam tamil politikaria, Zeilango Erreformaren Ligako lider bihurtu zenean, gero, 1919an, Zeilango Biltzar Nazionalekoa.
Zeilango Biltzar Nazionala luzaroan atzeratutako konstituzio-erreforma bat lortzeko sortu zen. Bere lehen urteetan, behin eta berriz adierazi zuen etnia anitzeko nazionalitatearekiko konpromisoa. Helburu integratzaile hauek William Manning gobernadore ohiaren jarrerak blokeatu zituen, tamil eta zingales eliteen arteko zatiketa sustatu baitzuen. Horretarako, goi-kastako elite kandyarren sentimendu komunitarioak indartzen eta Zeilango Kongresu Nazionalaren aurka jartzen saiatu zen. Urte batzuk geroago, Zeilango tamilek eta Kandyko sinhalarrek beren ordezkaritza komunalak izan nahi zituzten. Kongresuak jarrera zurruna izan zuen ordezkaritza komunalarekiko, eskualde eta etnia berezitasunak baztertuz. Biltzarkideek, gehienak abokatu anglosaxoiak eta lurjabe handiak, batasun konstituzionalari eutsi nahi zioten.
1920 inguruan, nabari zen estatu kolonialaren hegemonia ideologikoaren galera, eta ondorioz, britainiarrak prest zeuden botere politikoa zeilandarrei itzultzeko. Horretarako, Donoughmore Batzordea sortu zuten, izen bereko Konstituzioa bultzatu eta mamitu zuena. Donoughmore batzordeak, sufragio unibertsala sartzeaz gain, independentzia partzialeko sistema bat ezarri zuen herrialdearentzat, Estatu Kontseilua ezarriz, garai hartako legegintzaldia zena. Estatu Kontseilua Batzorde Betearazleen sistema batean oinarritu zen (ideia garai hartan London County Councilen eta Genevako Nazioen Ligan nagusitzen ziren sistemetan sortu zen), eta honek Estatu Kontseilurako hautatuek Gobernu gaietan aktiboki parte hartzea ahalbidetu zuen. Bestalde, Donoughmore Batzordeak Zeilanen bozketa unibertsalaren sistema sartu zuen. Beraz, Zeilan izan zen sufragio unibertsala hartu zuen lehen britainiar domeinua, eta ondorio erabakigarriak izan zituen etorkizunari begira. XIX. mendean gehiengo berdintzailea zuten bi komunitateren (sinhalar eta tamil) adostasun koloniala behera etorri zen, sinhalarren nagusitasun numeriko garbiaren aurrean. Sufragio unibertsala sartzeak izugarri aldatu zuen botere-oreka. Ordutik aurrera, oinarri zabalagoko ideologiak sartuko dira lehian, nazionalismo kulturala, nazionalismo sekularra eta sozialismoa barne. Buruzagi politikoek, herrialde barruko botoen bila, estrategia aldatu behar izan zuten, nazionalitate zeilandarraren nozioa alde batera utziz. Kolonboko azpikultura elitistaren ideia unibertsalistek jada ez dute balio. Barnealdeko botoak lortzeko, beharrezkoa da politika komunalistara itzultzea.
Estatu Kontseiluko Idazkaritza (Kolonbo hiriburuan), gero Sri Lankako lehen parlamentua izango dena
1948an, Zeilanek independentzia lortu zuen. Sinhalar gehiengoaren eta tamil gutxiengoaren arteko polarizazio etnikoa ez zen historikoki saihestezina izan. Kolonboko hiri-elitearen nagusitasun ideologikoak behera egin zuen arren, indartsu eutsi zion nazionalismo sekular multietniko eta unibertsalistaren ideiari. Baina, Zeilan postkolonialaren dinamikan alderdi bat egon zen, zeilandar nazionalismo unibertsalistaren ordez sinhalar nazionalismo budista masiboki zabaltzera eraman zuena. Eta nabarmendu beharreko faktorea da, irlako biztanle guztientzat izan zituen ondorio larriengatik. Izan ere, mendebaldeko eredu europarraren eragin sakonak oztopatu egin zuen aldarrikapen etnikoei egokitutako kontzesioak egitea. Seguruenik, komunitate etnikoen eskaerak onartzeak, gerora ikuspegi unibertsalistago batean txertatuz gero, indarkeria komunitarioaren eztanda ekidin zezakeen.
Sri Lanka (1). Sinhalar identitatearen eraketa aro kolonialean (1597-1948)