Sorgin ehizaren inguruko jardunaldia

Sorgin ehizaren inguruko jardunaldi oparoa izango da bihar Erribera kulturgunean

Kronika ASTIGARRAGA

Goiz osoko egitaraua antolatu du Nabarraldek: Asisko Urmeneta, Koro Irazoki, Kike Fernandez de Pinedo, Iñaki Idigoras, Isa Otero eta Mari Carmen Basterretxea izango dira hizlari.

Aurten ere kultur astea antolatu du Nabarralde elkarteak, Astigarragako Udalaren babesarekin. Oraingoan, Nafarroako sorgin ehizaren gaiari helduko diote, eta bihar izango da amaiera, jardunaldi garrantzitsuenarekin. 

Sorgin ehiza Pirinioetan erakusketa martxan da. Bihar arte izango da zabalik, Erribera kulturgunean, eta doan ikusi daiteke. Bihar bertan, jardunaldiak ospatuko dituzte, eta goiz osoko egitaraua antolatu du Nabarraldek, goizeko 09:15etatik eguerdiko 13:30ak bitarte. 

Goizeko 09:30etan hasiko da egitaraua. Harrera, eta akreditazioen eta materialaren banaketa egingo dira lehenbizi, eta ondoren jardunaldiei hasiera emango zaie, Aingeru Gorrotxategi musikariarekin batera. Asisko Urmenetak eskainiko du aurreneko hitzaldia: Euskal emakumeak sutan, goizeko 10:00etan hasita. 

Ondoren, Koro Irazoki Nafarroako sorginkeri prozesuez arituko da, 10:45etan hasita. Eta, atsedenaldia baino lehen, 11:15etatik aurrera, Kike Fernandez de Pinedok Arabako ekialdeko Sorgin-ehiza izango du hizpide. Atsedenaldia eta kafea izango dira segidan. 

Eguerdiko 12:15etan, atsedenaldiaren ondoren, mahai-inguru batekin emango zaio amaiera jardunaldiari: Las brujas vascas; entre la fantasía, la tradición y la ley de vagos y maleantes. Mahai-inguruko partehartzaileak izango dira Iñaki Idigoras, Isa Otero eta Mari Carmen Basterretxea. 

Saio guztiak doan izango dira, eta euskera eta gaztelania tartekatuko dituzte. Hala ere, parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, eta nabarralde.eus webgunean egin daiteke.