Setio egoeran bizi gara euskaldunok eta katalanak Espainiako Estatuan, eta gainera ez dugu horren kontzientzia argirik, uste dut. Katalunian hori oso nabarmena izan da azken hauteskundeetan eta ondorengo egoeran.
Benetan aztertzeko modukoa da gertatu dena: Espainiako botere faktikoen esku hartzea hauteskunde kanpainan, Madriletik bertatik zuzenean gidatua, batetik, eta horren ondoren lurralde katalanetan gertatu diren estatu-agenteen “lehorreratzeak”, bestetik. Aipa dezadan ikusgarriena, nabarmenena: Pedro Sánchezen jokabidea Kataluniara begira. Haren “bost egunen” melodrama nardagarria burutu zenean, efektua zuzen-zuzenean bideratu zuen hauteskunde katalanetan eragitera, TVE zein beste hainbat estatu-komunikabide modu esklusiboan eta lotsagabe erabiliz, eta ondoren Katalunian (nagusiki Bartzelonan) behin eta berriro agertuz eta kanpainan parte hartuz, iragarrita edo sorpresaz.
Paraleloan, estatuko komunikabide indartsuenek, prentsa-irrati-telebistan zein sare sozialetan, independentista katalanen eta zehatzago Carles Puigdemonten aurkako eraso amaigabean jokatu dute etengabe.
Praktikan esan daiteke hauteskunde-lehia guztiz desorekatua gertatu dela, eta Kataluniatik kanpo kozinatu direla emaitzak neurri handi batean. Gogoratu Pedro Sánchezen bost egunen show haren ondoren, kanpaina katalana hasi eta hiruzpalau eguneko bitarte laburrean, Salvador Illaren PSC-PSOEren zerrendak bi puntu pasa egin zuela gora boto estimazioan modu adierazgarrian. Horren ondoren etorri zen tsunami interbentzionistaren efektuak zehazten zailak diren arren, azken emaitzetan ikusarazi dira.
Kontrapuntuan, hor ikusi genuen independentismo elektoralaren erreferente nagusi bihurtu den Carles Puigdemont, jada sei urtez atzerriratua, nola baztertua izan den hauteskundeen gunetik bertatik, eztabaida nagusietatik, kanpainako ekitaldi ikusgarrienetatik.
Goian aipatu dudan guztia konstatazio hutsa besterik ez da. Baina harrigarriena ondoren gertatu da: Kataluniako hauteskundeen emaitzen interpretazio guztiz manipulatua, eta horren ondorioz, Espainiako Estatuak eta PSOEren gobernuak berak sortu duten giro politiko itogarria. Dotrina ofizialak azkar batean erabaki du, eta guztioi sinestarazi, Katalunian unionismo espainiar zaleak irabazi dituela hauteskundeak eta horrekin batera independentziarako bidea erabat itxi dela betirako, eta orain Salvador Illa (hau da, Espainia) Kataluniako agintean ezartzea beste aukera demokratikorik ez dagoela.
Hego Euskal Herrian ez gara PSOE style horretatik libratu. Hiru aste lehenago izan ziren hauteskundeak EAEn, eta orduan ere ikusi genuen nola jokatu zuten Madrileko “gobernu progresista” hartako nagusiek; EAJ-PSOE aliantza-komodina nahikoa boto ez lortzeko arriskutan ikusi zutenean, orduantxe atera zuten manipulazio-bateria mediatiko madrildarra eta lokaztu zuten goraka zetorren alternatiba, eta haren gorako bidea izoztu zuten.
Katalunian edo Euskal Herrian, PSOE aliatu progresista gisa ikusi nahi duenak, eskuinaren eta eskuin muturraren gobernua ekidin ahal izateko aliatu gisa, bere burua engainatzen du eta gu, herritarrok, etengabeko frustraziora kondenatu. Galdetu bestela Kataluniako Esquerraren jarraitzaileei. PSOE bera baita Espainiako Estatu horren egitura ukatzaile eta zapaltzaile guztien zaindaria. Aitzitik, naziogintzan lana sendo egin eta independentziara bidea berpiztean dago gure aukera.
Argia