Patxi Olabarria: «Jabetu behar dugu dauzkagun sinboloak nondik datozen eta zer diren»

 

«Jabetu behar dugu dauzkagun sinboloak nondik datozen eta zer diren»

Patxi Olabarriak liburua kaleratu zuen pasa den martxoan.

Patxi Olabarriak hitzaldia eskainiko du gaur Biterin, ‘Antzuolako armarriaren aldaketa prozesutik Gipuzkoako armarrira’ izenburupean. «Konturatu behar dugu zer dugun, eta zer pentsatua eman behar digu, Borgoinako gurutzea izatea gure herriko sinbolo nagusi».

Gipuzkoako armarria oroimen kolektiborako unibertso sinbolikoaren parte da, barne memoria lantzeko adibide garrantzitsuenetako bat. Azterketa berritzaile horretarako, jardunaldia antolatu du gaurko Hernani Errotzenek, gai honetan adituak diren historialari eta kultur eragileen partehartzearekin. Horietako bat da Patxi Olabarria, eta 11:00etatik aurrera Antzuolako armarriaren aldaketa prozesutik Gipuzkoako armarrira hitzaldia eskainiko du Biterin.

Patxi Olabarria Antzuolako Kultura zinegotzia izan zen 2007 eta 2011 urte artean. «2009ko urtarrilean jaso genuen idatzi bat, Nabarralderena, esanez gure arrmarrian geneuzkala Belateko 12 kanoi, beraien esanahia azalduz, Nafarroaren konkistaren sinbolo zirela, anaien arteko borrokaren sinbolo. Gipuzkoako armarrian kendu zen bezala, gurean ere kentzeko eskatu zitzaigun. Antzuolako armarria egin zenean Gipuzkoakotik hartu zen. Gure armarri erdia garai bateko Gipuzkoakoaren erdia zen. Poliki-poliki aztertzen hasi ginen zer geneukan. Gipuzkoako armarriko kanoiak 1979an kendu ziren, Franco hil ondoren. Aurretik, Agirre Lehendakariak Eusko Jaurlaritzako armarria egiterakoan, Gipuzkoari zegozkion zatitik kendu zituen».

Prozesu horretan hitzaldiak antolatu zituzten bere esanahia erakusteko, eta azkenean erabaki zuten kanoiak kentzea Antzuolako armarritik. «Aho batez onartu zen. Horren harira, garai horretan ari ginen birmoldatzen Antzuolako Mairuaren alardea. Garai batean Mairua zapaldua irudikatzen zen eta duindu egin genuen bere irudia, prozesu horretan genbiltzan Eusko Ikaskuntzarekin batera. Hor konturatu ginen, Mairuaren alardeak eta armarriak, batak bestearekin harreman zuzena zutela. Hortik abiatuta liburu bat idatzi dut, Antzuolako armarriaren alardea. Hortik dator gonbidapena, gure esperientzia azaltzeko».

«Juana ‘La Loca’k jarri zituen Belateko kanoiak Gipuzkoako armarrian»

Hasieran Antzuolako armarriaren aldaketa prozesua zen hitzaldiaren titulua eta muina, baina gero Gipuzkoakotik egin du tiraka. «Azken batean aurreko liburuaren esperientzia baneukan eta hitzaldi honetarako, Gipuzkoakoan zentratu naiz. Askotan ez gara jabetzen zer daukagun, gu ere ez ginen jabe Antzuolakoan zer genuen. Liburuaren harira jakin dugu alarde horretan jotzen dugun musika dela Espainiako himnoa edo ereserkia izandakoa, errege etxeko himnoa. Datorren urterako beste doinu bat prestatzen ari gara Antzuolako alarderako. Herri guztietan daude sinbolo asko ez garena konsziente nondik datozen eta zer esanahi duten. Ez diogu garrantzirik ematen, baina sinbolo horiek jarri dituzten horiek oso konsziente dira zergatik jarri zituzten. Aztertu eta ezagutu egin behar da».

Gaztelako Juana ‘La Loca’ erreginak erabaki zuen Gipuzkoako armarriari hamabi kanoi gehitzea Gipuzkoako armarriaren kuarteletako batean. Arrazoia? Belateko eta Elizondoko guduetan, Gipuzkoako tropen lankidetza Iruñeko setioan.

Gipuzkoako banderetan, herri asko eta askotan Borgoinako gurutzea agertzen da, eta hori da herri askotako bandera. Borgoinako gurutzea Ehun Urteko gerran Beldurrik Gabeko Juanen tropek erabilitako ikurra zen. Maria Borgoinakoa Maximiliano I.a Habsburgokoarekin ezkondu ondoren, bere seme nagusia, Felipe ‘El Hermoso’ izenekoa, Gaztelako Juana ‘La Loca’rekin ezkondu zen eta Gaztelako Felipe I.a bihurtu zen.
Felipek Borgoniako gurutze bat zeukan bere segizioko uniforme eta banderetan. Gero, bere semeak, Karlos I.a Espainiakoak eta Karlos V.a Germaniar Erromatar Inperio Santukoak heredatu eta adoptatu zuen.
Borgoinako gurutzea Espainiako armarrietan eta banderetan sartu da, lehorrekoak zein itsasokoak, 1506tik, Felipe I.aren Guardia Borgoinarekin sartu zen garaitik. Felipe VI.aren erregealdian Espainiako Erregearen Armarritik eta haren estandartetik desagertu bazen ere, Espainiako Armadaren gaur egungo bandera, gidoi eta estandarte askok ikur hori aurkezten jarraitzen dute. Horren adibide dira Errege Guardiaren gidoiak eta estandarteak.

Patxi Olabarriak dioen bezala, «amnistiaren aurkako manifestazioetan, protestetan eta elkarretaratzeetan asko ikusten dena. Voxek orain berreskuratu du, eta gure herrietako banderetan ikusten da».

Garai bateko Espainiako Bandera zen, «Austriar etxearen bandera. Espainia haundi horren banderari armarria gehituta dira gure herri asko eta askotako banderak. Bergaran, Legazpin, Zumarragan, Hernanin, Hondarribin, Oñatin… Adibidez orain Oñatin kendu egin dute eta Hernaniko hitzaldian Oñatiko Udaleko ordezkari bat izango da».

Armarriaren gaiak Patxi Olabarriari erakutsi dio zenbat sinbolo ditugun gure artean «arrotzak direnak». Gipuzkoara mugatuz «ikertzen aritu naiz, eta errepikatzen da berdina, sinbologia interpretatzeko historian zehar zer interes egon diren. Sinbolo bat manipulatuz historia bat edo kontakizun bat eraikitzen da. Nik Gipuzkoako armarriarena aztertuko dut hitzaldian».

«Agirre Lehendakariak anaien arteko guda horren irudia kendu zuen»

Gaur egungo armarria 1990eko martxoaren 27ko 6/1990 Foru Arauak onartu zuen. 1979an aldatu zuten azken aldiz, eta geroztik hurrengo deskribapen ofiziala du: Kantoi bakarreko armarria da, urrezko zelai baten gainean hiru hagin berde dituena, bat erdian eta beste biak alde bakoitzean, proportzio berean, eta zuhaitz horien oinetan urezko olatuak, zilarrezkoak eta urdinak, eta armarri hori besarkatuz basagizon bana alde bakoitzean eta behean ondoko legenda: «FIDELISSIMA BARDULIA NUNQUAM SUPERATA».

Patxi Olabarriak gogoratzen duenez, «Agirre Lehendakariak anaien arteko guda horren irudia kendu zuen. Erregearen irudia ere kendu zuen. Bizkaikotik Jauntxoen sinboloa ere kendu egin zuen. Bi otso zeuzkan, Lope de Haroren otsoak, eta horiek ere kendu egin ziren. Agirreren aurretik, Sabino Aranak Zazpiak Bat ikurra egin zuenean ere kendu egin zuen. Ez da Agirrerekin hasten euskal pizkunde garaitik dator. 1876ko euskal pizkundean izugarrizko mugimendua izan zen sinboloen inguruan, berreskuratzen eta berrikusten».

Agirrek Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako armarrian hiru zuhaitzak eta itsasoa utzi zituen. «Hori 1936an izan zen, eta gero, 1979an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Agirreren kriterioa jarraitu zuen, baina kanpoko elementuak mantendu egin ziren. Hau da, Espainiako koroa, bi basajaunak eta beheko legenda Bardulia aipatuz. Gaur egungo Gipuzkoa hiru eremutan zegoen banatuta; Bardulia zegoen, baina baita Baskonia eta Karistia ere. Nahiz eta kateak eta erregea kendu, oraindik ere sinbolo arrotzak mantentzen dira. Hitzaldia amaitzen dut proposatuz Gipuzkoako armarria nolakoa izan ziteken».

Rosa Ayerbek honi buruz asko idatzi du, oso jakintsua da eta Patxi Olabarriak berak proposatzen duenaren ildotik doa. «Desberdintzen gaituena da, nik esanahi bat ematen dizkiedala sinboloei eta berak beste esanahi bat ematen diela. Jakin nahi duenak nolakoa proposatzen dugun, hitzaldira hurbiltzean ikusiko du». Heraldikaren koloreak garrantzia omen du, dio Olabarriak. «Rosa Ayerbek frogatu zuen armarriaren fondoa gorria dela. Ofiziala urrezkoa da, baina berez gorria da eta behar luke. Nik orain arteko bertsio ofiziala hankaz gora jartzen dut. Errelatuan dago Rosa eta nire arteko ezberdintasuna, irudi bakoitzak zer esan nahi duen. Historian zehar polemika asko izan da erregea nor zen. Gaur egungo bertsio ofizialak dio Gaztelako Enrike IV.a zela. Nik, berriz, ezetz diot. Frogak emango ditut, argi erakusten dutenak ez dela Enrike IV.a. Horri buelta ematen saiatuko naiz».

 

Aldaketak urte luzetako prozesuak dira eta Eusko Ikaskuntzak onartu behar ditu

Aldaketak egitea ez omen da erraza, Patxi Olabarriaren hitzetan. «Urte luzetako prozesua izan zen gurea. Udaleko Batzar Nagusian gehiengo bat baduzu, logo bat egin dezakezu egun batetik bestera. Baina armarri edo sinbolo bat aldatzea prozesu zaila eta luzea da. Udalbatzak onartzeaz gain, gero Eusko Ikaskuntzari idatzi behar zaio. Heraldikari buruz idatzitako txostena bidali behar da Eusko Ikaskuntzara, azalpenak emanez zegatik egin nahi den aldaketa. Zer proposatzen den azaldu behar da, eta gero Eusko Ikaskuntzak onartu behar du. Hortik igarota Foru Aldundiak eman behar du azken onespena. Azkenean denbora joan egiten da. Antzuolan aldaketa egin genuenean Rosa Ayerbe bera zen heraldika arduradun Eusko Ikaskuntzan. Arduraduna zein den, eragina dauka prozesua eramaterako orduan, pertzepzioen arabera».

Oso barneratuta ditugun ohiturak aldatzea oso zaila izaten da, eta herri askotan geratzen da. Adibide asko ditugu Euskal Herrian, eta Antzuola ere horren adibide da, Patxi Olabarriaren esanetan. «Alardeko musika doinuarekin gertatzen da. Jabetzen zarenean zer den, kasu honetan Borboi etxeko musika, hasi zaitezke pausoak ematen. Urriaren 12an militarren desfilean entzun zen Erregearen aurrean. Sinbolo horiek denak Espainiako protokoloetan oso ongi ezagutzen dituzte, eta guk, berriz ,nahasmen haundia eta ezjakintasuna dugu sinboloen inguruan». Eraikinetako harrizko armarriak ezin dira aldatu babestuta daudelako, «bai ordea zigilu edo paperetan»