Ovava

Zinemazaleok hamaika harakiri egin behar izan dugu intimitatean publikoki eta lotsagorritu gabe zinemazale garela esan ahal izateko, benetako zinemazale esan nahi da. Adibide ugari jarri nitzake, baina akaso esanguratsuenetako bat D.W. Griffithen maisu deiturikoaren Nazio baten jaiotza (Birth of a nation, 1915) ikusi nuenekoa izan zen. Hiru ordu luze VHS zaharrari begira, izerditan, ondoren, jendaurrean eta lotsagorritu gabe, benetako zinemazale nintzela esan ahal izateko. Pelikula xenofoboa da, berdin da nondik begiratzen zaion, Ku Klux Klanen jaiotze epikoa kontatzen du, zertarako gehiago esan, baina deigarriena ez da agian hori, baizik eta pelikulako beltzak. Grabaketan hemezortzi mila antzezlek parte hartu bazuten ere, Griffithek ez zuen beltz bakar bat erabili, eta emaitza barregarria da: ikatzez belzturiko gizon-emakume sudur luze eta ezpain finak esklaboena egiten.

Laurogeita hamar urte geroago Montxo Armendarizen azken filma aurkeztu dute, Obaba. Eta kasu honetan ez benetako zinemazale izateko baizik eta benetako kulturzale izateko joan gara ikustera. Mamiari ez diogu erreparatuko, ezta egokitze ahalmen bikain edo eskasari ere. Hemen, Nazio baten jaiotza-n lez, euskaldunarena egin duten gizon-emakume espainolak dibertigarriak egingo zaizkio ikusleari, batez ere Gabon kanta euskaraz abesten duteneko ñabardura etnografikoarekin topo egingo duenean. Griffithenarena eta Armendarizenaren artean alde handia dago, ordea: lehenak nazio baten jaiotza kontatzen du, eta bigarrenak, herri baten heriotza.