Orreaga-2005


Aitortu behar dut nik ere amestu nuela haurtzaroan Orreagako gatazkaren erdian nintzela, Erroldan madarikatuak gidatzen zituen franko gaiztoei harri eta azkonak jaurtitzen. Larrutik ordaindu behar zuten Iruñea suntsitu izana! Erosi nuen lehenbiziko liburua Orreagako gatazkaren ingurukoa zen, Pierre Narbaitzek idatzia. Liburua irakurririk, zenbat burutazio egin nuen, gatazka hori idurikatuz! Ametsak ziren horiek, alta, amets hutsak. Gerora, gai honetaz bi gauza ikasi ditut: lehena, Orreagako gatazka ez zela izan nik amesten nuen bezalakoa, eta bigarrena, hobe dela horrelakoak gertutik ez ezagutzea.

Orreagaz oroitu naiz europear Konstituzioa mahai gainean dagoen honetan. Ikurrak ikurrak dira, eta Orreagarena hagitz zabaldu eta barneratuta dago euskaldunon artean. Orreagan orduko euskaldunek garai hartako inperio handi eta indartsuaren armada garaitu zuten. Karlomagnok erromatarren inperioa berreraiki nahi zuen, bere menpe, jakina. Herriak ez ziren kontutan hartzen asmo horretan, erlijioaren bedeinkapenaz eta armen indarraz aski baitzen frankoen menpeko lurraldeak zabaltzeko. Baina Orreagan izugarrizko zaplaztekoa hartu zuten. Historiatik at kokatutako euskaldunak agertu ziren orduan, eta nola!

Hainbatek Karlomagno orain eraikitzen ari diren Europaren aurrekari gisa aurkeztu dute, zernolako Europa maite duten argituz. Ez da ene iritzia, beraiek aitortu dute! Inposaketa, inbatsioak, militarismoa, zapalkuntza, kulturen arteko mailaketak, genozidioa, aberatsen neurriko gizartea, hori da inperioaren ideia gauzatzeko egindako saioen emaitza, eta kritikarik egin gabe, ontzat hartzen dute ibilbide hori, etorkizunerako oinarri bilakatuz. Karlomagno, beren iduriz, herrien arteko nahasketaren aitzindaria zen, kulturen uztarketaren bultzatzailea.

Mendeak iragan badira ere, betiko ideiak bizirik daude: agintari guttien eskuetan dago Europaren etorkizuna. Aldarrikatzen dute hiritarrei ematen zaiela hitza, baina ez da egia. Europear gehienendako, nahiz estaturik gabeko herriendako, ez dago deus erabakitzeko aukerarik. Nik ez dut horrelako Europarik nahi, eta horregatik Orreagaz akordatu naiz, ene ustez europear konstituzioaren kontrako Orreaga sinbolikoa egin beharko genukeelako. Oraingoan azkon edo harrien ordez, boza har dezakegu eskuetan, gure lurra maite dugula adierazteko. –

17.01.2005

Publicado por Gara-k argitaratua