Nafarroari buruz aritzeko Donostiako hiru damatxo doinua hautatu zuen Xalbadorrek. Huskeria esanguratsua.
«Betitikako arrain handien lege okaztagarriak, gaitu napartar anai-arrebak bi taldetan ezarriak. Baina ele huts dira tratuak, itxura huts zedarriak, hitzez ta harriz ezin hautsiak dira gure lokarriak» dio zazpigarren bertsoan. Mende erdi bat igaro da bertso hori idatzi zuenetik, eta erabaki okaztagarri batek harriz itxi ditu hainbat muga-gune Nafarroan. Endredo handia lan kontuak edo familia-harremanak direla medio egunero batetik bestera ibili behar dutenentzat. Eta endredoa hain usu jasan behar ez dugunontzat ere mina, ohartzen baikara mugak nahi dituztenean eraiki eta ireki, ezarri eta hertsi egiten dituztela. Bertsoak hitz etsigarri bakarra du. Lehena. Betitikako horrek ez du belarririk gozatzen eta bihotza mindu egiten du…
Beste lehen hitz bat arbuiatzen du berak, ordea. Hala dio: «Ene sortzeko agerietan ni naiz baxenafartarra, titulu horrek lehen hitzean galtzen du bere indarra; ni beheretar zendako deitu, nerez banaiz orotarra? Goi ta beherik ez da enetzat, Naparro bat da bakarra». Jakin bezate erabakia hartu dutenek Xalbadorrentzat orotarra izatea ez zela munduko hiritar moderno eta lainoa izatea. Nafarra zen. Aski zuen.
Berria