Beñi Agirre
2022ko Martxoaren azken larunbatean, Amaiurko gertaerak aztertzeko kongresua antolatu zen Hernanin. Jardunaldiak oso formatu interesgarria izan zuen. Lehenengo hiru ponentziek gertaerak testuinguruan jarri eta gertatutakoa zientzia historikoaren kuspegitik aztertu zituzten. Ondoren, Amaiurrek gure herriaren oroimen historikoan duen garrantzia landu zen. Bai, orain 500 urte gertatutakoak Euskal Herriaren oroimenean duen eragina bizirik dirauela erakutsi zen. Azkenik, Amaiurrek gaur duen garrantzia eztabaidatu zen lau laguneko mahainguruan. Gainera, “habitat erakusketak”, Amaiurren paisaia margo baten presentziak eta kantaldiak goiz atsegina pasatzen lagundu zuten.
Zergatik Amaiurri buruzko jardunaldia Hernanin? Norbaitek zalantza baldin bazuen, argi geratu zen goiz osoan zehar nazio berberaz hitz egiten ari ginela; beraz, Hernanin Amaiurri buruz hitz egitea edo, Amaiurren, Donapaleun edo Tuteran Hernaniri buruz jardutean nazio euskalnafarraz aritzea baino gauza normalagorik ez dagoela esan daiteke. Normala ez ezik beharrezkoa ere badena.
Historiografia franko-espainiarren mito batzuk ere erori ziren bertan. Argi geratu baitzen, euskalnafarrek espainolekin zuten gerraren testuinguan gertatu zirela borrokak. Etxauzeko jauna euskalduna zen eta Jaime Belaz Medranokoa eta bere semea, beste 150 lagunekin batera, bizia emateko prest ziren espainiarrak ez izateko. Gaztelua errenditu zutenean, batzuk Iruñera eraman zituzten preso eta inbasoreen esku hil ziren, edo zituzten, aste pare bat geroago, inork argibide zentzuzkorik eman gabe.
Amaiurko gaztelua 1522ko uztailaren 19an errenditu zuten Gaztela-Espainiarren aurrean eta gutxira, irailaren 6an, Joan Sebastian Elkanok bukatu zuen bere mundu bira Espainiaren zerbitzuan. Artean, Carlos V. Alemaniakoa eta I. Espainiakoak agintzen zuen, Hondarrabiako setioa eta menderatzea agindu zuen berberak. Nola liteke halako kontraesana? Zertan ari zen euskalnafar handiki jendea garai hartan?
Handiki batzuk, askok agian, Ameriketako urreaz eta mundu biran irekitako espezien bidean aberastea lehenetsi zuten. Aberaste horrek, ordea, tokiko miseria eta kapitalaren metatze hasiera ekarri zuen, baita Inperioarekin lotura ere, baina ez euskalnafar lurraldearen askatasuna. Gureak ez ziren gerratan nahasteak, miseria, zatiketa eta “Nafarroa munduaren miresgarri” izateko aukeratik aldentzea ekarri zuen. Bi nazionalismo inperialen mende bizitzera kondenatu gintuzten.
Kongresuak, ordea, irauli bat eman zuen mahaingurukoei euskalnafar paradigmaz galdetu zitzaienean. Zeren eta historia, kongresu honetako kasua ez bada ere, irabazleek kontatu ohi dute eta oraintsu arte, gutakoek kontatu dutenean ere, ofizialetik gutaz ari ziren zatitxoak lotuz osatua izan da. Paradigma berri batetik ekin behar diogu gure historiaren narrazioari.
Orain baino lehen, foralitatean eta eskubide historikoen aldarrian saiatu ziren euskalnafarrak bi karlistaldietan; horiek ukatu gabe, munduan sortzen ari zen naziotasunaren joerari lotu zitzaien XIX. mendean “Euskal Herria da euskaldunen aberri bakarra” aldarrikatzen hasi zirenean. Horiek, ordea, muin politikoa uzten zuten alde batera; hau da, Nafarroak batu gintuela euskaldunok erakundetze politiko bakar batean. Eta hori kontuan hartu gabe, nekez sor daiteke zentsu zuzena garatuko duen etorkizuneko alternatibarik.
Porrot epiko bat gogoratzen dugu amaiurren, munduko beste hainbat herrik egiten duten moduan, katalanek Diadarekin edo juduek Holokaustoarekin, adibidez. Ezin dugu ahanztura hartu bidelagun, nondik gatozen jakin gabe nor garen definizio zuzena ematea ezinezkoa da eta horiek gabe nekez asmatu daiteke etorkizuneko bideorria, ahanzturak, ezjakintasunak bezala, noraeza dakar. Ondorioa argia izan zen: Euskalnafarren herriak behar duena da, independentzia berriro ere.