Okupazio aldiko oroitzapenak

Hainbat erresistentzia talde borrokatu ziren gerran Ipar Euskal Herrian. Maule haiek askatu zuten, kasurako, baina nazien errepresioa ezagutu zuten aurretik herritarrek. Bonbardaketa odoltsuak ere jasan zituzten hiriek.

Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko milaka gazte deitu zituzten Frantziaren aldeko borrokara Alemaniaren aurkako gerra piztu zenean, 1940an. Alta, III. Reichak azkar amaitu zuen auzia. Herbehereak eta Belgika inbaditu ostean, Frantzian sartu ziren. Ekainaren 22an armistizioa sinarazi zieten agintari frantziarrei. Aurreko asteetan hiru herrialdeotako euskaldun asko hil ziren azken borroketan, eta beste asko Alemaniara eraman zituzten preso. 5.000 inguru guztira. Porrotaren behazunaren aro hartan, oso gutxik lortu zuten ihes egitea, etxera itzultzea.

Frantzia bezala, Iparraldea ere bi zatitan banatu zuten naziek euren administrazio berrian. Marra batek eremu okupatua eta eremu askea bereizi zituen. Ustezko eremu aske hori Petain mariskalaren agintaritzapean geratu zen. Arnegin hasi eta Donibane Garazitik igarota Donapaleura zihoan muga, Biarnoko Salieseraino.

Ekainaren 27an iritsi zen nazien gudarostea Baionara. Handik kostalde osoa okupatu zuten, baita barrualdea ere. Baina ez zen armada handi bat. Muga zaintzeko, soldaduak etorri ziren batik bat, Gestapo eta atsedenaldian edo antolakuntza berriaren zain zeuden soldaduak. Luftwafferentzat, ordea, kokaleku garrantzitsua izan zen, Miarritzeko Parma aireportua zela eta. Horrez gain, Kriegsmarinek bere postuak kostalde osoan jarri zituen.

Okupazioaren hasierako aro horretan SS soldaduek hainbat herritar hil zituzten. Je suis un terroriste (terrorista bat naiz) zioen kartela zintzilikatzen zieten askori. 40 batek galdu zuten bizia modu horretan. Mixel Estebanek Regards sur la Seconde Guerre Mondiale liburuan aipatzen duenez, Baionako Herriko Etxean jarri zuten naziek euren Kommandantur-a. Zainketa tinkoak hasi ziren orduan, janari murrizketak, petrolioa, zapatak eta papera lortzeko zailtasun izugarriak, etxeratzeko agindua 22:00etan… Giro horretan iritsi zen Adolf Hitler Euskal Herrira. Urriaren 23an elkartu zen Francorekin Hendaian, milaka orrialde idazteko eman duen elkartze historikoan.

Erresistentziaren jarduera

Erresistentziako gerrillarien jarduera berantiarra izan zen, 1944a arte ez baitzuten ekintza ikusgarririk egin. Zuberoan eta Nafarroa Behereko ekialdean izan ziren borroka armatu batzuk; Lapurdin, berriz, informazioa eskuratzeko ekintzak izan ziren batez ere, eta pertsonak mugaz beste aldera pasatzekoak. Norvegiatik Hendaiara kostalde osoa babesteko erabakia hartu zuen Hitlerrek 1942an. Blockhaus anitz eraikitzeko lanak abiatu ziren, aliatuen lehorreratzea galarazte aldera. Atlantikoko murrua esan zioten babes marraren eraikuntzak ikus daitezke oraindik Lapurdin.

Halaber, 1942an eremu askea inbaditu zuten alemanek, eta aliatuen bonbardaketak hasi ziren. 1944ko martxoaren 27an Miarritze eta Angelu bonbardatu zituzten AEBetako aire armadako Liberator hegazkin ahaltsuek; Parmako aireportua suntsitu nahi zuten, eta lortu zuten, baina aldi berean 200 bat pertsona hil zituzten hiriotan. 40 bat SS ehortzi zituzten Baionako hilerri batean.

Londrestik jaso zuten koordinazioa lagun, erresistentzia talde txikiak batzen hasi ziren 1943an. MUR osatu zuten Combat, Franc-Tireur eta Liberation taldeek, De Gaulleren ildoarekin. Armee Secreten (AS) euren talde armatuak zituen MURek. Zuberoako ASeko arduraduna Jauregiberri izan zen. Dena den, erresistentzia talde indartsuena ORA izan zen, Organisation de Resistance de L’Armee. Pommies teniente-koronelaren eraginpean Normandiako lehorreratzea prestatzen lan handia egin zuen. Zuberoan bere atala zuen talde horrek.

Informazioa landu eta ekintza zuzena proposatzen zutenen erdibidean, Pierre Fort baionesaren taldea zegoen. Confrerie Notre-Dame Castille talde armatuak informazio zerbitzu zabala antolatu zuen Bordeletik Hendaiara. Londresera txosten baliagarriak bidali zituen. Pierre Fort bera ASeko arduraduna izendatu zuten euskal eremuan. Sabotajea eta arma eta lehergaien garraioa bermatu zuen. Forten lagun min Daniel Argote irakasle baionesa ere oso eraginkorra izan zen, harik eta segada batean hil zuten arte, 1944ko abuztuan.

Mauleren askapena

Baina erresistentzia taldeen arteko harremana ez zen erraza izan Frantzian, eta horrek bere isla izan zuen Euskal Herrian; nork bere interesen alde egiteko joera zuten, ildo politikoaren arabera. Edonola, Maule askatzeko gai izan ziren. Aurretik naziek ORAren aurkako ekintza batzuk egin zituen, eta hainbat gerrillari hil.

1944ko abuztuaren erdialdera, soldadu alemaniarrak ihes egiten hasi ziren. Joan aurretik txikizio batzuk egin zituzten. Baionan, kasurako, kamioi batetik tiroka hasi ziren Maubec kalean , eta hiru hiritar hil zituzten. Hilaren 10ean ORAko makiek konboi militar bati eraso zioten Bildozen (Zuberoa). Alemaniarrek soldadu gehiagoren laguntza jaso zuten eta, era berean, ASeko gerrillari gehiago joan ziren Bildozeko borroketara. Agorrilaren 23an naziak errenditu egin ziren. Biharamunean Baionan sartu ziren gerrillariak; Mauletik eta Kanbotik zetozen, besteak beste. Ipar Euskal Herria askaturik zegoen naziengandik.

Mendekuaren ordua zen. Mixel Estebanek kontatzen duenez, kolaboratzaileen ehiza hasi zen. Susmagarrien aurka atentatuak egin zituzten lehergailuz; kaleetan tiroak entzun ziren egun batzuetan. Alemanekin harremanak izan zituzten emakumeei ilea moztu zieten jendaurrean.

Heriotza, tortura, erbeste eta borrokarako urteak izan ziren euskal herritar askorentzat nazien okupazioa. Zauriak bistakoak dira oraindik hirietan eta hiritarrengan; itxitako zauriak dira.

===========================================

 

Ibarnegarai eta Borotra, Petainen gobernuan aritu zen bikotea

Naziak Ipar Euskal Herrira iritsi zirenean gizarte kontserbadorea eta tradizionalista aurkitu zuten. Sistema horren goiko mailan zegoen Jean Ibarnegarai pilotari ohia (Uharte Garazi, Nafarroa Beherea, 1883); Frantziako mugimendu faxistaren buruetako bat izan zen. Croix du Feu eta PSF Frantziako Alderdi Soziala sortu zituen. 36ko gerran Francoren alde egin zuen, Agirreren abertzaleen aurka. Hitlerrek Petain baimendu zuenean agintzeko, haren gobernu kolaborazionistan aritu zen Familiaren Ministerioan; handik jazarri zitzaien errefuxiatu euskaldunei.

Jean Borotra teniseko Davis koparen irabazle ohia (Miarritze, 1898) haren alboan egon zen; Gorputz Heziketaren ataleko buru izan zen Ibarnegarairen ministerioan. Gerraren amaiera aldera beste alderdira pasatu ziren biak, eta naziak atzetik izan zituzten. Horrek salbatu zituen; absoluzioa ekarri zien kolaborazionista izateak.

===========================================

‘Aintzina’, susmoen menpe geratu zen euskarazko kazeta

Hilabetekariko hainbat idazle erresistentziaren alde aritu ziren, baina beste hainbat, Petainen eta nazien alde

X. Martin.

Piarres Lafittek bultzatutako euskarazko Aintzina aldizkaria Hegoaldeko abertzaletasunaren eraginpean kaleratu zen bere lehen aroan, 1934tik 1937ra. Hilabetekari kristaua eta tradizionalista zen. Aranart, Jeuregiberri anaiak, Haztoi, Dubosq eta beste hainbatek idatzi zuen urte haietan Aintzina kazetan.

Hiru urtez kaleratu zuten, eta tarte horretan Frantziako eskuindar ildoarekin bat egin zuen; Ibarnegarairentzat eskatu zuen botoa, Fronte Popularraren aurka. 36ko gerra hasi zenean neutraltasunean kokatu zen.

Aldizkariaren bigarren aroa 1943tik 1945era izan zen. Okupazioaren urte gogorretan aldizkaria berriro kaleratzeko ekimenak indar rahartu zuen Petainen babesean. Marc Legasse, Labergeri anaiak, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton eta beste hainbat kolaboratzaile berri hasi ziren idazten, eta euskal abertzaletasunaren eraginpean, gainera. Lafitte, Andre Ospitale eta Larzabal bera erresistentziaren alde jarri ziren, beste batzuk Petainen agintaritzarekin.

Eugene Goihenetxe

Eugene Goihenetxe uztariztarrak, 1932tik EAJko kidea, harreman estuak izan zituen nazien buruzagiekin. 1941ean Best SSetako doktorearekin elkartu zen, Frantzia okupatuaren kudeatzaile militarrarekin. Gerra naziek irabaziko zuten ustea zuen Goihenetxek, eta euskaldunak garaipen horretan ongi kokaturik egotea nahi zuen. Argudio horiekin zuritu nahi izan zuen bere jarrera. Halaber, Hegoaldeko hainbat euskalduni laguntza eman ziela esan zuen, Ziaurnz EBBko presidentea aipatuz. Kolaboratzaile izan zelakoan epaitu, eta kartzelatu zuten. Besteak beste, EAJren presioari esker salbatu zuen bizitza, baina 37 hilabete egin zituen preso. Aintzina susmopean geratu zen.

Berria-k argitaratua