Oi ama euskara maitea!

Estatu espainiarrak etengabean dihardu erasoan euskararen kontra, euskal nortasuna eta kultura desmantelatu eta desintegratu nahian, haien lege-txilindroa erabilita. Ustez okurrentziatzat har daitekeen arren, Espainiako Unibertsitateetako ministroak dekretu aurreproiektu bat jarri du abian,, non Euskal Filologia karrera unibertsitarioa Filologia Hispanikoen baitara lerratuko duten edota Hizkuntza Modernoen babesera. Esan nahi baita, euskara behin eta berriro ari direla erasotzen, bigarren mailako hizkuntzatzat hartzen, gaztelania ahalguztidunaren menpeko izaten jarrai dezan. Espainiako legea alde dute nahi dutena egiteko. Ez dute gutxi epaiketen bitartez euskararen kaleko presentzia desagerrarazteko ahaleginean, udaltzainen aferan bezala. Orain unibertsitate mailara jo dute eta euskal zantzu berebizikoa duen asignatura nahi dute Filologia Hispanikoen azpira igorri. EHUtik zera gogorarazten digute «Euskal Filologia ez dagokio adar erromanikoari eta, beraz, indoeuroparrari, hispanikoa edo galiziarra eta katalana bezala». Hots, euskara ente linguistiko propio, bereiz eta bakarra da. Ikertu eta babestu beharrekoa. Eta ez jipoitu eta azpiratu beharrekoa.

Ez da beste inondik aberrazio horren kontrako ahotsik jaso. Gure politikariak patxada ederrean daude hauteskundeei begira, Doñanan duten ur gabeziaren aferaz artikuluak idazten eta deklarazio altisonanteak kaleratzen: «Eragindako kaltearen aitorpen zintzoa egin behar dute betikoek» matrakarekin nahikoa dute haien alferkeria politikoa estaltzeko. Eta iskin egiten diete oinarrizko dugun gai intrinsekoari: herri independente gisa izateko nahi eta beharrari. Eta, nire ustez, benetan ardura behar diguna da Euskal Herriak Espainia eta Frantziaren menpeko bigarren mailako lur eremu izaten jarraitzen duela, euskarak legetxe, eta politikari hauek hobe luketela arrainontzi txikia laga eta aukeratu itsasoaren zabala, benetako arrainak direla aldarrikatzeko, eta ez inoren maskota.

Naiz