NOAIN, Getzeko gudukaz

1512. urtean, Fernando Katolikoaren lurreko armada Nafarroaz jabetzen delarik indarka, Iruñetik ihes egin behar du Catherine erreginak, Jean II Labrit-Albreteko errege kontsortearekin. Orthezen kokatzen dira, Biarnoko Jaurerrian andere subiranoa baita ber denboran gure Catherine, bi etxeren jabea. Beren erregina zuzenak 1512 horretako udazkenean, Frantziako Louis XII monarkoaz lagundurik. Nafarroa Beherea uzten du Albako dukeak bere soldaduekin.

Iruñea setiatzen dute Frantziako eta Nafarroako 12.000 soldaduk. Baina Gaztelatik datorkie gudaloste indartsu bat. Atzera egin behar dute aliatuek, gipuzkoar batzuen erasoak jasanez Baztango ibarrean: hortik “Probintziako” ezkutu zaharrean agertzen ziren hamabi kanoiak.

Berriz saiatzen dira 1516. urtean, Fernando Errege Katolikoa hil den bezain laster. Haatik Frantziako erregearen laguntzarik ez dute oraikoan: Italian dago, eta bere indar guzien beharra badu hango guduan. Erasoak osoki huts egiten du, aitzindaria duen Pedro Nafarroako mariskala presoner egiten dute Gaztelakoek, eta Simancas-ko kartzelan hilen da bitxiki 1523an, beti errege zuzenei leial egonez.

AUKERA BERRIA

Aukera berri bat agertzen da 1521. urtean, Gaztelako “Comuneros” delakoen matxinadaren kariara. Karlos I.a erregea (Karlos V. enperadorea) urrun dago: katua ez hor, eta saguak dantzan!

Henri II.ak Frantziako François I ospetsuaren laguntza lortzen du, hau Karlos V.aren etsai zuzena baita. Bien armada manatuko du Andre de Foix, Asparrozko jaun gazteak. Bospasei mila gaskoi eta nafar Donibane Garaziko hiriaz eta gazteluaz jabetzen dira maiatzaren 15ean. Baigorri Etxauzeko jaunak, bi mila gizonekin, Leringo jaunarenak Gaztelu Peñontik haizatzen ditu. Asparroz Iruñerantz doa zuzen, hara da maiatzaren 19ko, 12.000 gizonekin.

Naiarako dukea zen Antonio Manriquek lekuak husturik zituen Gaztelako gerlan parte hartzeko. Pozik omen dago Iruñeko jendea. Tafalla eta Olite-Erriberri gudukarik gabe hartzen ditu Nafarroako mariskalaren semeak. Halaber entregatzen dira, tirorik bota gabe, Tutera, Lizarra eta Larraga.

Haatik Iruñeko gazteluan irmo dago Iñigo Loiolako kapitaina. Errendatzeko prestik daude hiriko buru den François de Beaumont eta gazteluko aitzindaria den Herrera bere mila gizonekin. Baina gartsuki aurka egiten die gipuzkoar kementsuak. Frantses kanoien sua jasanen dute beraz sei bat orduz. Iñigori bala batek bi zangoak xehatzen dizkio. Laster entregatzen dira Gaztelako soldaduak. 1521eko maiatzaren 20a da, Mendekoste biharamuna.

ASPARROZ-EN HUTSAK

Aste pare batez libre dago Nafarroa, dena posible da dirudienez. Beaumontarrak barne, beren ohiko erregeari men egiteko prestik daude nafarrak. Baina gaztea da Asparrozko jauna, esperientziarik gabea eta sutsua. Huts handi batzuk eginen ditu.

Nafarroan indartzeko ordez, mendebaldeko euskal lurralde galduen berriz eskuratzea gogoan hartzen du, eta Logroñoraino heltzen da. Gaztelako armadaren erantzuna berehala datorkio, “comuneros” delakoen afera xuriturik, eskuak libre baititu horrek. Iruñeruntz atzera egin behar dute nafar eta frantsesek.

Bigarren hutsa: bere gaskoien kopuru on bat etxera bidali du goizegi: ordaintzeko diru eskasez ote? Ala zikoitzez?

Ondotik hirugarren hutsa: guduka onartzen du Noain/Getzeko naban, goizegi hau ere. Hiru egun berantago, garaipen ederra erdietsiko zuen antza denez. Eiki mila bat nafar gudari biltzen Ollokiko jaunaren agintean. Bi talde horien laguntzarekin, garaitza seguru bezala zuen.

GAZTELAKOEN GARAIPENA

Zuhurtzia eta pazientzia eskasez, Asparrozko Jaun gazteak Gaztelako armada eraso zuen, horren pozerako: munduko infanteria onena omen zen, eta sona hori baieztatuko du erabateko garaipena lortuz.

Izigarriko galtzeak dituzte frantsesek eta nafarrek. Hil ugarien artean dago Carlos de Mauleon, Arrada eta Traybuenasko Jauna, Zuberoako azken bizkondarren ondokoa, hura Oier III.a izan baitzen (Auger III de Mauleon), XIV. mende hasieran (1305-1318) Arradako jauna eta nafar gudalosteko “alferez” nagusia.

Asparroz gaztea, itsuski zauriturik, presoner egin du Frances de Beaumont jaunak: mila ezkuturen sarian Aragoira eramanen du, eta gero mugan aske utziko, errege-ordearen atzamarretik urrunduz: hori bederen, ez baitzen gutiz uztekoa!

ETA GU?

Gero badakigu zer gertatuko zen: Amaiur, Hondarribia, San Frantses Jatsu eta Xabierrekoaren bi anaiak barne; legezko erregeak Pauen, laster helas Parisen; Nafarroa Beherea Karlos I.a bazter utzia, baina teorian bederen erresuma subiranoa; bertze bortzak ahantziak… baina gu hemen gaude, berriz tente, kementsu, Nafarroa osoaren alde.

Hori da, Noain-Getzeko guduka galdua gogoan, ekainaren 30 horren inguruan ospatu nahi duguna, oroitzapena bihotzean, esperantza buruan, edo alderantziz, berdintsu baita. Gora beti Nafarroa, euskaldunon erresuma!

J.L. Davant Iturria: Pierre NARBAITZ, “Nabarra ou quand les basques avaient des Rois”-1978- Zabal, Baiona. (PP. 520-527).