Neguko haizeteak

Udazkenak badaki haizez narras agertzen: orbelez orbel, kantoi zoko guztiak orbeltzen, zuhaitzak biluztuz. Neguak berdin: zuhaizti gureak biluzi harrapatu ohi zituen, sustrai sendoen gainean zut, sasoi batean. Duela 80 urte pasatxo, gure pendizetara ekarri genuen pinu beltza, sustrai-sare azaleko edo lur argikoa. Ez da harri-tzekoa, hemengo haize gure betikoak, beltzak justu betebetean harrapatzea, hauexek gehien ipurditik iraultzea edo gerritik triskatzea. Haizeari adar tartetik pasatzen ez baitiote uzten.

Aspaldikoa da eskarmentua, antzinatik esaera zaharretan ageri zaiguna. Otsailak ez du apenas haize atsotitzik. Martxoak bai: asko erantsi zaizkio. Badira penintsulako ordokietan ere: «En marzo, la veleta ni dos horas se está quieta». «Cuando marzo ventea, abril aguanevea». «En marzo marzadas: frío, viento y granizadas». Eta ezagunena egin dena: «Marzo ventoso y abril lluvioso, sacan a mayo florido y hermoso».

Azken honen itzulpen librean datozkigu honako hiru euskal erranairuak ere: «Martxoan haize eta apirilean busti, urtea ez da izanen zapuzti». «Martxo haizetsu, apiril euritsu, maiatza gero eguzkitsu». «Martxoan haizia, apirilian euria, uzta ona ta fruta hobia (euskaldunari loraren gainetik fruta eta uzta inporta zaio)».

Baserritarrak asko zuen jokoan sagarrondoekin eta sagardoarekin. Begira nola erreparatzen zuen martxoan: «Martxo haizetsu, urte sagartsu». «Martxoan haize, sagardian lore, hastean ezpada, finitzean».

Datorren igandean dugu ilbehera. Honek ere bazuen erreparo punturik hala baratzerako nola aroarekiko: «Martxoko ilbeheria, kipule gorrixe ipintteko sasoe onena». «Martxoko ilbehera pasatuz gero, kitto! eguraldi ona hasten da».

Baziren eskarmentu eskasekoak ere: «Martxoko haizea, urteko gosea». Eta hego haizearen eragin makurzalea ere hor dago seinalatua: «Martxoan usu hegoa, hark baitu makurtzen gogoa».

Publicado por Gara-k argitaratua