Nazio bat zera da: herri batek bere buruari buruz kontatzea erabakitzen duen kontakizuna. Eta, haren muin-muinean, bulkada baldar baina sakon bat dago taupaka, gainerakoei eta norberak bizileku duen lurrari lotua sentitzekoa. Edonoizko eta edonongo gizakiak beti behar izan ditu arbaso batzuk, historia bat, etxe bat eta zentzu bat kolektibo baten barruan duen lekua esplikatuko duena, eta ez modernitateak eta ez arrazionalismoak deuseztatu ahal izan dute behar hori. Paul Kingsnorth
Ismael («Deitu niri Ismael») Ahab kapitainaren Pequod barkura batu zenean, berehala konturatu zen ekinaldi hartan proiektu bakarra zeukala kapitainak: Moby Dick-i mendeku hartzea. Ez Moby Dick ehizatzea, ez: mendeku hartzea. Balea zuriari —antza, kaxalote bati— mendeku hartzea, topo egin zuten aurreko aldi batean hanka bat erauzi ziolako. Ahabek istorio bat zeukan, helburua markatzen ziona eta, horrexegatik beragatik, baita agenda markatzen ziona ere.
Agenda bat sortu eta ezartzeko, proiektu bat eduki behar da. Proiektu hori eratzeko, nahitaezkoa da nork bere burua subjektutzat hartzea. Moby Dick liburuan, Ahabek subjektu rola du, argi eta garbi. Subjektu hori, gainera, munstrotzat daukan zerbaiten erasoa bere larru-larruan sufritu duen subjektu bat da. Bada, Ahab kapitainak Herman Melvilleren nobelan daukan errealitatearen analogo gisa planteatu daitezke gizarteko errealitateak ere. Ahabek kontakizun bat zeukan, eta proiektu bat sortu eta garatu zen hortik: Moby Dick-en kontatzen den istorioa, hain justu.
Nazio batek, Kingsnorthek dioen bezala, besteren mende ibili gabe bere kontakizuna kontatzea erabakitzen badu lortzen du nazio izatea: bera mamitzen den subjektu sozialean ardaztutako kontakizun bat kontatzen badu. Gu, gaur egungo euskal-nafarrok, nazio baten parte gara, baina nazio horretan zaila da aurkitzea denok nazio gisa mamituko gaituen kontakizuna. Zenbait kontakizun ditugu, baina ez denak ikuspegi autozentratu berekoak.
Bizi garen mundu honetan, nagusiki, komunikabideek daukate kontakizun hori sortzeko gaitasuna. Irratia eta batez ere telebista izan dira XX. mendean kontakizunak eratzeko erabilitako gotorleku printzipalak. Eta, gurean, nazio honen parte baten komunikazio sistema publiko nagusi dena, EITB, askoz gehiago lerratzen da herrialdea bera desegituratzera, kontakizun propio bat sortzera baino.
Kontakizuna, nahiz eta baden Historia ere, ez da Historia bakarrik. Kontakizuna Memoria da. Walter Benjaminek zioen bezala, garaituen Memoria giltzarria da haien porroten ondoren erreparazioa eta justizia iritsiko badira. Eta, oroz gain, etorkizunean pentsatu ahal izatea da: planak egin eta burutan ateratzea. Horretaz dihardu Eguzki Urteagak berriki atera duen artikuluan, Elaborar e implementar una agenda nacional vasca izenekoan (Euskal agenda nazional bat sortu eta ezarri).
Artikulu iradokitzailea da, eta modua ematen du etorkizuneranzko bide batzuk urratzeko. Haren arazoa da, ordea, jakintzat ematen duela zer subjektuk egin behar duen bide hori. Urteagak kontsideratzen du badela bai euskal nazio bat eta bai haren euskarri den Zazpiak bat bat. Ez du aintzat hartzen gure nazioak sufritu duen prozesu luze hori, barnean hartu dituena konkistak, okupazioak, ordezkapen instituzional bidegabeak eta orotariko jazarpenak —sozialak, politikoak, linguistikoak, kulturalak eta abar Horiei erreparatu gabe, ordea, oso zaila da ohartzea, adibidez, Zazpiak bat hori Espainiaren eta Frantziaren dominazioaren emaitza dela, ezen ez datu ahistoriko intenporal bat.
Urteagari eskatuko genioke zehatzagoa izateko bere testuaren parte batean, ahaztu baitzaio esatea nafartasuna oinarrizkoa dela gure kontakizunean, gure nazioan: gure nazioaren alde politiko instituzionala dela. Ez dezagun ahatz Urteaga soziologoa dela eta, hala denez, kontuan hartu beharko lituzkeela bi datu nongotasunari buruzko inkestetan atera direnak eta lortzen errazak direnak. Lehena, hauxe: Espainiako Estatuko autonomia erkidegoen artean Nafarroan dagoela soilik espainiar sentitzen direnen ehunekorik txikiena —%5 baino gutxiago; EAEn, berriz, %9,5, eta Katalunian, %21,5—. Eta hona bigarren datua: EAErekin konparazio erraz bat eginez gero eta kontuan hartuz gero zenbat sentitzen diren soilik espainiar, zenbat euskal herritar baino espainiarrago, zenbat berdin euskal herritar eta espainiar, zenbat espainiar baino euskal herritarrago, zenbat soilik euskal herritar, eta euskal herritar horren ordez nafar jarriz gero, parekoak dira portzentajeak. Datu soziologiko guztiz garrantzitsua da hori, ez ikusi egin ezin zaiona.
Euskal herritarra izatea eta nafarra izatea txanpon beraren bi alde dira: «nazioz egina» ez ezik (Joan Francesc Mira) «estatuz egina» ere badagoen mundu honetan, horixe dugu guk munduan egoteko modua. Eta bi mapak ezin dira oso aise gainjarri. Nafar izatea euskal Estatuaren memoria da. Horixe dago bizirik Foru Komunitatean, eta horixe gailentzen da gaur egun lurralde horretan. Euskal herritar izateak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan dirau batez ere, eta partez baita gure Herrialdeko eremu kontinentalean ere. Beraz, kontakizunak bi ikuspegiak hartu behar ditu kontuan, gaur egungo egoera ez baita zerutik eroria, prozesu historiko luze batzuen emaitza baizik.
Hortik aurrera, Eguzki Urteagak dioen guztia komenigarria ez ezik beharrezkoa ere bada. Kontakizun propio batean oinarrituta heldu nahi badiogu etorkizunari, eskura ditugun tresna guztiak erabili beharko ditugu, baina sekula ez tresna horiek helburu bihurtu. Hortaz, hala gaur egungo administrazioak —nahiz eta menperakuntzatik eratorriak izan— nola mugaz haraindiko proiektuak —zeinek alderdi teknokratiko argiak baitituzte eta estatuek manipulatuta baitaude—, den-denak izan daitezke eta den-denek izan behar dute bide gaur egungo euskal-nafarrok eduki behar dugun helburu demokratiko bakarra lortzeko, hots: gure emantzipazio politikoa, gure independentzia.
Berria