Nazio-eraikuntza eta Islamaren eragina sobietar osteko Uzbekistango Errepublikan

Uzbekistango Errepublika Erdialdeko Asiako estatu itsasgabe bat da, estatu itsasgabez inguratua. Historikoki garrantzitsua izan da, Zetaren Bideko oso leku estrategikoan baitzegoen. Biztanleria 33.570.609 (2020ko erroldaren arabera). Hiri nagusiak Bukhara, Samarkanda, Namangan eta Taxkent hiriburua dira. Herrialdeak 447.000 km karratu ditu. Mugakideak: Iparraldean eta ipar-mendebaldean Kazakhstan eta Aral itsasoa, hego-mendebaldean Turkmenistan, hego-erdian Afganistan, hego-ekialdean Tadjikistan eta ipar-ekialdean Kirgizistan. Uzbekistango Errepublika Amu Darya (Oxus) eta Syr Darya ibaien artean dago. Eremuaren %10 baino gutxiago dira landa lurrak, batez ere ibai eta oasi ertzetan. Gainontzekoa basamortua eta mendiak dira.

Aurrekari historikoak

Antzinaroan, gaur egungo Uzbekistango ibaien haranetan irandar jatorri kulturaleko pertsonak bizi ziren, sogdiarrak. Lehen kolono irandarrak Bukhara eta Samarkanda hirietan kokatu ziren. Txinatar Inperio eta Erromatar Inperioaren arteko merkataritza garatu zenean, hiri hauek, geroago Zedaren Ibilbidea bezala ezagutuko zen ibilbidean estrategikoki kokaturik zeudenak, oso aberats bihurtu ziren. Zoroastro profeta (buruzagi erlijiosoa) gaur egun Uzbekistan denaren eskualdean bizi zen. Ezarri zuen erlijioa, Persiako erlijio nagusi bihurtu zen milurteko batez, Islamak ordezkatu zuen arte. Islamaren armadek Erdialdeko Asia, Persia, Ekialde Ertaina eta Ipar Afrika suntsitu zituzten. Gaur egun Uzbekistan denaren lurraldeari arabiarrek Mawarannahr (Transoxiana) deitu zioten. Turkiako tribu edo konfederazio batek, Ghaznak, Amu Darya ibaitik hegoaldera hedatzen zen estatu bat ezarri zuen, gaur egun Afganistan, Iran eta Indiako iparralderaino. Bere domeinuak, beste turkiar tribu batzu (Qarakhandar eta Seljukar)-en inbasioarekin amaitu zuen.

XIII. mendean, Genghis Khanek tribu mongoliar eta turkiarren aliantza bat eratu zuen Asiako iparraldean, beranduago Urrezko Horda bezala ezagutua, Asiaren zati handi bat konkistatu zuena. Hala ere, XIV. mendearen hasieran, inperioa bere zati eratzaileetan banatzen hasi zen. Timur (Tamerlan), borroka hauetatik azaleratu zen 1380ko hamarkadan Mawarannahren indar nagusi bezala, bere gobernari bihurtu zen, eta Erdialdeko Asiaren mendebalde osoa, Iran, Asia Txikia eta Aral Itsasoaren iparraldean dagoen hegoaldeko esteparen eskualdea konkistatu zituen. Timurrek Mawarannahren azken loraldia hasi zuen, Samarkanda hiriburuan, konkistatutako lurraldeetako artisau eta aditu ugari bilduz. Pertsona horiek babestean, Timurrek bere inperioari kultura pertsiar-islamiar oso aberatsa eman zion. Timurren eta bere ondorengo hurbilenen agintaldietan zehar, Samarkandan eta beste herrigune batzuetan eraikuntza erlijioso eta jauregi proiektu ugari hasi ziren. Timurrek zientzialari eta artistak ere babestu zituen. Timurtarren dinastian, turkiera (Chaghatai turkialkia), Mawarannahren literatur hizkuntza bihurtu zen, Timurtarrak berez persiarrak ziren arren. Timur hil ondoren, estatua bi zatitan banatu zen. Garai hartan uzbek tribu nomadak Aral itsasoaren iparraldean bizi ziren.

XV. mendean, uzbekiarrek, behe Volga eta Aral itsasoaren arteko eremu bat kontrolatzen zuten. Ondoren, hegoaldera joan ziren, gaur egun Kazakhstan den aldera, eta, azkenik, egungo Uzbekistango lurraldera iritsi ziren, non jada irandar hizkuntza eta kulturako populazio bat bizi baitzen. Helburua Bukhara eta Samarkanda hirietan nagusitasuna lortzea zen. Bertako biztanleria, uzbekiarrek bereganatu zuten, iranieraren eragin handia zuen turkiar hizkuntza bat hitz egiten zutenak (uzbekera).

1510ean, uzbekiarrek Erdialdeko Asiaren konkista burutu zuten, egungo Uzbekistanen lurraldea barne. Hiru Estatu ezarri zituzten: Bukhara, Khiva (Khorezm) eta Kokand. Boteretsuena Shaybanida dinastia kementsuak zuzendutako Bukharako Khanerria zen, Mawarannahr kontrolatzen zuena. Bigarren Estatua, Khiva kanerria, Khorazm oasian ezarri zen, Amu Darya iabaiaren bokalean, 1512an. Baina XVI. mendean zehar, Zetaren Ibilbideko hiriak gainbeheran hasi ziren Ozeano Atlantikoan merkataritza hazi ahala. Khanerriak gainbehera nabarmeneko fase batean sartu ziren, isolatuta eta ahulduta, Iranen aurkako gerren eta iparraldeko nomaden erasoen ondorioz. 1729 eta 1741 artean, Nader Shah Persiakoak khanerri guztiak bihurtu zituen basailu.

XVI eta XIX. mendeen artean, oasien konfigurazio etniko eta linguistikoa erabat aldatu zen. Turkiar inbaditzaileak egon baziren ere, herritar gehienek iranieraz hitz egiten jarraitzen zuten. Hasierako aldian, iritsi berri gehienak estepa eta basamortu guneetan ezarri ziren, eta ondoren, pixkanaka, oasietan. Honek, tokiko populazioaren turkiartzeari lagundu zion, baina osaketa etnikoaren aldaketak, oasi bakoitzean ezberdinak izan ziren. Hala ere, uzbek tribuen finkapenak, beren ondorengoak hizkuntzaz aldatzea baldintzatu zuen, talde horietako turkiar dialektoak (turkialkiak) hartuz (Qarakhanidarrak), mongoliar aurreko garaian oasietan ezartzen hasi zirenenak, hain zuzen. Gaur egun, uzbek gehienek Qarluq turkialkiak hitz egiten dituzte, eta askoz gutxiago iparraldeko estepetatik jasotako Qipchaq turkialkiak (kazakhera eta kirgizerarekin ahaidetuagoak).

Beraz, gaur egungo uzbekiarrak azken 1.500 urteetan turkiar nomadak Transoxaniako oasietara iritsi zirenetik gertatutako populazio eta hizkuntza nahasketa konplexu baten emaitza dira. Bere forma garaikidean, hizkuntzak ere prozesu hau islatzen du, iraneraren hiztegi eta gramatikaren eragin handia baitu. Honek, turkieradunak (une horretan euren buruari uzbekiarrak deitzen ez ziotenak), ezarritako populazio sedentarioaren (garai hartan tajik deitzen hasia zena) eta oasietatik kanpo zeuden talde nomaden (gehienak qipchaq eta turkieraren oghuz aldaeren hiztunak) arteko tarteko posizio batean jarri zituen.

XIX. mendearen erdialdean, Errusiak, eskualdeko merkataritza potentzialak (bereziki, kotoiak) erakarrita, Erdialdeko Asiaren konkista militarra hasi zuen. 1876an, Errusiak hiru khanerriak (egungo Uzbekistan osoa) bere inperioan sartu zituen, khanerriei autonomia mugatua emanez. XIX. mendearen bigarren erdialdean, Uzbekistango biztanleria errusiarra hazi egin zen eta nolabaiteko industrializazioa gertatu zen.

Britainiarren eta errusiarren eragin-esparruak Angliar-Errusiar Konbentzioaren unean (1907)

1920ko hamarkadan gobernu sobietarra ezarri zenean, gauzak sakonki aldatu ziren. Ideal sozialista berriek, paradoxikoki, bereizketa etnikoak indartzeko mugimendu indartsu bat bultzatu zuten. Mugaketa nazionaleko politikaren esparruan, bi prozesu paralelo burutu ziren: unitate etnikoen finkapena, eta Errepublika Sozialisten sorrera, bost Erdialdeko Asiaren kasuan. Erakunde etnikoek, horien artean kazakharrek, kirgiziarrek, tajikiarrek, turkmenek eta uzbekiarrek, eboluzio mailarik altuena lortu zuten, nazioa, sobietar hierarkiaren barnean.

Hauen artean, Uzbekistanek zentralitatea hartu zuen, lurraldeko gunerik jendetsuena bihurtzeaz gain. Agintari sobietarrek uzbekiarren nazioa antzinako zibilizazio sedentarioen agerpen gisa sortzea erabaki zuten, jada turkiar aurreko garaikoak zirenak. Beraz, sobietarrek Uzbekistango Errepublikaren alde egin zuten beste batzuen gainetik, lur eremu handiak gehituz, non jende gehienak tajikera hitz egiten zuen. Mugetan zehar liskarrak izan ziren arren, “uzbek” etiketaren kontzeptu berria erraz onartu zen.

Independentziak ezustean hartu zituen Uzbekistango eliteak, beste sobietar errepublika ohi gehienekin gertatu zen bezala. SESBen bat-bateko kolapsoak, erreforma ekonomikoak hastera, sistema politiko subirano bat sortzera eta estatu honetan bizi diren pertsonak batuko zituzten puntu komunak bilatzera behartu zituen. Uzbekistango eraikuntza nazionalaren prozesuan, sobietar iraganarekin jarraipen harrigarria dago. Eta horrela, esan daiteke gaur egun uzbekiartasuna antzinako kultura sedentario batean, Islamari emandako garrantzi moderatuan eta Estatuko lurraldearekiko atxikimendu sendoan oinarritutako kontzeptu etniko gisa ulertzen dela. Halaz guztiz ere, Uzbekistanen historia eta geografia anitzak uzbekiartasunaren (uzbek-izatearen bizitzeko edo ulertzeko) lau modu baldintzatzen ditu.

Lau agertokien uzbekiartasuna bizitzeko eta ulertzeko.

1-Bukhara oasia. Uzbekistan garaikidearen erdigune geografikoan kokatua, Bukhara, neurri handi batean, basamortuez inguratua dago, eta, beraz, inguruko oasietatik nahiko urrun. Honek, eskualdearen osaera etnikoan ere eragina izan zuen. Inguruan larre-gunerik ez dagoenez, nomada iritsi berriak finkatu egin behar izan ziren, eta, kasu gehienetan, berehala bereganatu zituzten bertako biztanleak.

Bukhara Tajikistango gotorlekua da. Ofizialki, tajikiarrak probintziako biztanleriaren % 5 besterik ez badira ere, tajikeradunen kopurua % 50-60koa da. Jendeak erraz aldatzen du hizkuntza, lanean, kalean edo familian, elebitasuna gizartean ohikoa baita. Jendaurrean ez dago joera argirik uzbekera hizkuntza nazionaltzat hartzeari dagokionez. Azken urteotan, ordea, tajikerazko irakaskuntza eskolen kopuru esanguratsu batek itxi egin behar izan du, gurasoek uste izan baitute beren seme-alabak desabantailan egongo direla etorkizuneko karreretan. Horrek bizkortu egin du asimilazioaren mendeurreneko prozesua.

Elebitasun orokorra dela eta, oso ohikoak dira tajikeradun eta uzbekeradunen arteko ezkontzak. Oso zabaldua, partekatua eta gizarteratua da bukharar-izatearen ideia. Kidetza eta nortasuna, funtsean, sozializazioaren eta kultura-ingurune partekatu baten ondorio dira. Honek, Bukharako uzbekiarrak eta tajikarrak, beste jatorrikoetatik bereizten ditu, eta tokiko nortasun indartsu bat ematen laguntzen die. Tokiko beste talde batzuk, hala nola turkmenak eta kazakharrak, fusio honetan sar daitezke, kultur jarreretan duten antzekotasunaren arabera.

2-Fergana harana (mendebaldetik ekialdera 100 kilometro inguru eta iparraldetik hegoaldera 30) uzbek-araztasunaren gotorlekutzat hartzen da hizkuntza eta kulturari dagokionez. Bukharan bezala, ekologiak konfigurazio etnikoari eragin zion denboran zehar. Fergana harana, beti artzain talde ezberdinak izan dituzten mendikatez inguratuta dago. Beraz, talde sedentarioak eta nomadak askoz hurbilago bizi izan dira elkarren artean, eta horrek harreman oso konplexua eta elkarlotua izatea ekarri du. Haran osoan zehar sakabanatuta bizi diren tajikiar eta kirgiziarrez gain, tokiko uzbekiarren arteko barne banaketa indartsu bat dago. Hauetako batzuk, seminomadak izan ziren iraganean, tokiko qipchaq eta turkiarrak kasu, mongoliar aurreko aroan iritsi zirenak. Beste batzuek (uigurrek-Qashgariarrek), ondoko Xinjiangen dute jatorria.

Hala ere, barne-bereizketa horiek ez dute hizkuntza-desberdintasunik sortzen. Haraneko kirgiziar eta tajikiar askok uzbekera hizkuntza nagusitzat hartu dute, etnia aldatu gabe. Elebitasuna, beraz, ez da hain ohikoa, eta uzbekera da nagusi. Oro har, uzbekiartzerako joera argia dago, gobernuak tajikiarrak mugimendu islamiarrarekiko bereziki sentikorrak direlako uste izateak ere sustatua.

Fergana haranean, beraz, Bukharan baino zeinu gehiago daude, etnizitateak betetzen duen rolaren garrantzi handiagoa adierazten dutenak. Senidearen jatorriak eta aurrekariek garrantzi handiagoa dute, nahiz eta oraindik malgutasun handia dagoen, ezkontza mistoak oso ohikoak dira eta sustatu ere egiten dira. Talde guztiak batzen dituena, herrialdeko beste toki batzuekiko eta, izatez, Erdialdeko Asia osoarekiko nagusitasun kulturalaren sentimendu partekatu bat da. Horietako batzuk, Bukharan bezala, “gune kultural” batetik gertuago daude beste batzuk baino, uzbekiarren eta tajikarren arteko lotura estuagoetan ikus daitekeen bezala, uzbekiarrak beste talde turkiar batzuekin lotzen dituzten laxoagoak ez bezala.

3-Khorezmen oasia. Uzbekistango mendebaldeko muturrean,  Amu Daria ibaiaren deltan eta Aral itsasoaren inguruan dagoen eskualdea da. Khorezmek, isolatuta eta beste bizileku batzuetatik urrun, bereziki sufritu zuen azken urteetan Aral itsasoaren hondamendi ekologikoaren ondorioz. Khorezmen turkiartze-prozesua duela zenbait mende burutu zen. Gaur egun, ez da tajikiarrrik geratzen, eta eskualdea turkieraz hitz egiten duten hainbat taldek populatzen dute: uzbekiarrak (bi turkialki hitz egiten dituztenak, oghuzera eta kipchakera), kazakharrak, karakalpakarrak eta turkmenoak. Turkiartze-prozesuak ez zuen uzbekeraren domeinua ekarri eta, izan ere, lau hizkuntza ofizialetako hiztunek asimilazio gutxi gertatzen den oreka lortu dute. Litekeena da hori tajikiarrrik ez egotearen ondorio bat izatea, beste ingurune batzuetan, uzbekeraren garrantzia indartzeko faktore erabakigarria izan baita. Hemen mundu guztiak bere hizkuntzan hitz egiten du, elkarren artean, turkmenera izan ezik, nahiko ulergarria direnak.

Familiek etnia edo hizkuntza bakarrekoak izateko joera dute, eta ezkontza mistoak bakanak dira. Eskualde-nortasun komunaren zentzu sendoa dago. Biztanleriak uste du gobernu zentralak, eskualdetik oso urrun, miseria ekologiko eta ekonomikoan utzi duela. Lau agertokietatik, hau da tokiko etnikotasunaren kontzeptuari garrantzi gehien ematen diona.

4-Goiko Qashqadarya. Ur eta lur berde ugariko eskualdea da, Amu Daria ibaiaren goialdean eta inguruko mendietatik gertu dagoena. Erdiko kokalekuetan, nagusiki uzbekiarrak bizi dira, ondoko Samarkandatik edo uzbekera literariotik oso desberdina ez den uzbekalki bat hitz egiten dutenak. Esteparen gerrikorantz dauden kanpoko herrixketan, ordea, nabarmen ezberdina den Qipchaqen aldaera bat erabiltzen da. Ondorioz, bere hiztunak zhokchilar bezala sailkatzen dira, “zhok” (“ez”) esaten dutenak, “yok” esaten duten uzbekera estandarreko hiztunekin kontrastean. Haien uzbekalkiak eta kokalekuek gogorarazten dute zhokchilarrak antzinako artzainen ondorengoak direla eta kulturalki kazakhar edo kirgiziarren antzekoak. Izan ere,  uzbekiarren benetako oinordekotzat jo litezke, baina tokiko testuinguruan haien hizkuntza eta bizimodua ez daude ongi ikusita, ezta estimatuta ere. Beraz, elebitasun gutxi dago eta, pixkanaka, uzbekera literarioa edo yokchia nagusitzen ari da.

Ondorioz, uzbek-izatearen eskualde-desberdintasunak onartuak izaten dira. Uzbekiartasuna ez da gai bateratzailea, tokiko praktika eta ideia desberdinen batura baizik. Beraz, “nortasunaren lurralde-kontzeptua” da. Herrian egiten den enfasi horrek ezberdintasuna ez ezik, aldatzeko aukera eta mugen nolabaiteko iragazkortasuna ere badakartza. Horri esker, uzbekiarrek beste talde etniko eta sozial batzuetako kideak erraz erakarri eta sartu ahal izan dituzte historian zehar. Uzbek-izatea onuragarria da, elkarreragin ekonomiko eta sozialerako bazkide potentzialen kopurua handitzen delako. Uzbekiarrak (turkieradun sedentarioak), hizkuntzari eta kulturari dagokionez, tokiko irandar biztanleriaren eta estepa-eskualdeko artzainen artean zeuden. Uzbekistan garaikidean, nortasuna aldatzeko pizgarria handiagoa da oraindik tajikiar ugari dauden tokietan.

Aldaketa horien oinarrian hizkuntzaren erabilera dago. Bukharan, uzbekeraz hitz egiteko joera etengabeko ezaugarria da, eta, hasten denean, berehala aldatzen da dagokion herrixkaren izaera. Gauza bera gertatzen da jendeak bere seme-alabak etorkizunerako prestatzean duen jarrera oso kontziente eta estrategikoan, ez baititu tajikerazko irakaskuntza-eskoletara bidaltzen. Halarik ere, ezkontzarako hautuei dagokienez, lehentasunak oso desberdinak dira, hurbiltasun geografikoa eta aurretik zeuden ahaidetasun-harremanak baitira kontuan hartuenak; aldiz, hizkuntza-bereizketek edo karrera-kalkuluek garrantzi txikiagoa dute horretan. Hala ere, ezkontza mistoek berehala eraman dezakete uzbek-bizimodu bat hartzera gutxiengoen artean.

Beraz, muga etnikoak ez daude argi eta garbi mugatuta edo zehaztuta. Zenbait ingurunetan, hurbiltasun geografikoa faktore etniko eta linguistikoa baino indartsuagoa izan daiteke. Horren arabera, identitatearen transmisioari buruzko ideiek kontrastea egiten dute Erdialdeko Asia barneko eta kanpoko beste ingurune batzuetako ereduekin. Beraz, pertsona baten bizitzan zehar egindako uzbekiartzea da, gizarteratze goiztiarraren ereduak azpimarratuz, jatorrikoak baino gehiago. Ondorioz, jarrera linguistiko eta kulturalen aldaketa mailakatuak norbanako bat beranduago uzbekiar bihurtzea ahalbidetzen du, genealogiaren eta jatorriaren ideologietan (patrilineala) oinarritutako gizarteetan (kazakh eta kirgiziarrenetan kasu) nekez uler daitekeen prozesua. Ondorioz, uzbek-izatea tokiko biztanleek onartzen dute, baina “bizileku komuna eta kultur adierazpen partekatua” kontzeptu jakin batean, ez genealogikoan. Historikoki, Uzbekistanen nortasunaren eraketa populazio sedentario eta nomaden konbinazio baten arragoan gertatu izan da, baita turkieradunen eta iranieradunen arteko elkarreragin batean ere, oraindik abian dagoena, eta mendeetan zehar indarrean egon dena.

Estatuak paper erabakigarria du honetan, eta beti egin izan du. Iraganeko asimilazio-prozesuak ez dira izan gaur egun direnak baino gutxiago politikoak. Aurreko turkiar estatuek, Khanerri uzbekiarrek kasu, euren menpekoen hizkuntza eta nortasuna aldatu zituzten, aldez aurretik gizarte izaeraren aldaketa hauekin lotutako kostu eta onurak ezarriz. Hori da, neurri handi batean, Uzbekistango estatuek eta bertako bizilagunek gaur egun egiten dutena. Goi-mailako hezkuntzaren hizkuntza eta boterean dauden pertsonen etnia gogokoena definitzean, pertsonentzako pizgarriek mila urte eta erdi inguruko asimilazio-prozesua aldatu eta bizkortu dute. Denborak aurrera egin ahala, tajikeraren bazterketa handiagoa ekar dezake, gutxienez bere izena daraman errepublikatik kanpo dauden lurraldeetan.

Nazio-eraikuntza

Inguruko Estatuekin alderatuta, Uzbekistan postsobietarrak eraikuntza nazional prozesu erraz samarra izan du. Egiturazko hainbat arrazoik azaltzen dute zorioneko egoera hau.

1-Lehen arrazoia Uzbekistanek duen historia sendoa da. 1920ko hamarkadaren hasieran, erregimen sobietarra lehen entitate nazionalak eraikitzen hasi zenean, Uzbekistan beti izan da aurkeztua, eta Moskuk hala ikusi du, Erdialdeko Asiaren bihotza bezala. 1924an sortua, Uzbekistango RSSak lehentasuna izan zuen bere bizilagunen gainetik. Uzbek eliteek arrakastaz presionatu zuten Mosku Bukhara eta Samarkanda errepublikan sar zitzan, tajik eliteen nahien aurka. Taxkent, eskualdeko  hiriburu ukaezin bihurtu zen Turkestango tsarraren gobernazioko hiriburu izaerari esker, eta nagusitasun hau Sobietar Batasunaren kolapsora arte mantendu zuen. Hiriak, ospe handiko erakundeak izan zituen, bereziki esparru akademikoan eta goi mailako hezkuntzan, baita erlijosoan ere (Erdialdeko Asiako Musulmanen Batzorde Espirituala). Sobietar erregimenak Uzbekistan ere goraipatu zuen sozialismoaren eta Ekialdearen arteko aliantza gorpuzteagatik, narratiba hau mundu islamiarrera hurbiltzeko kanpo politikarako tresna bezala erabiliz. Gainera, Uzbekistanek, eskualdeko ondare arkitektoniko ospetsuaren zati handi bat hartzen du, Estatuaren zentralitate eta jarraitutasun historikoaren zeinu bezala interpretatua izan dena. Tokiko elite komunistek independentzia inoiz aktiboki bilatu ez zuten arren, erraza izan zitzaien estatu/nazio uzbekiar independente bat eraikitzea premisa hauen gainean.

Taxkent hiriburua

2-Bigarren arrazoia demografikoa da. Kazakhstan edo Kirgizistan ez bezala, biztanleriaren osaketa etnikoak ez zuen identitatearekin lotutako segurtasun ezarik eragin. Uzbek etnikoak biztanleriaren % 71 ziren sobietarren azken erroldan (1989), eta kopuru hori % 85 ingurura hazi da. Herrialdeko homogeneotasun etnikoa indartzeko asmoz herritarrak talde etniko titularreko kide gisa identifikatzera behartzea leporatu diete agintariei, eta hala ere, Uzbekistan uzbekiarren estatu-nazioa da, zalantzarik gabe. Tirabira nabarmen bakarrak Bukharan eta Samarkandan kokatutako tajikeradunekin gertatu dira,  uzbekiartzera behartuak izan baitziren, hau da, bere pasaporteetan etnikoki uzbekiar gisa identifikatzera, eta espazio publikoetan, administrazioetan eta hezkuntza-erakundeetan tajikeraz hitz egiteko eskubidea ez aldarrikatzera. Ofizialki, tajikiarrak biztanleriaren % 5 baino gutxiago dira orain, baina kopuru hori ez da esanguratsua, Bukharako eta Samarkandako familia asko elebidunak baitira eta etnikoki edozein talderekin identifika baitaitezke.

Bestalde, ez da uste beste talde etniko batzuek herrialdearen homogeneotasun etnikoa arriskuan jar dezaketenik. Errusiar gutxiengoa nabarmen egin du behera (1989an 1,6 milioitik, gaur egungo 500.000 milioira), Taxkent hiriburuan eta Navoi hirian kontzentratzen da, bertan baitaude herrialdeko erauzketa-industria nagusiak. Kazakhstanek ez bezala, Uzbekistango gutxiengo errusiarrak ez du inoiz eskubide zehatzik eskatu eta ez da arrisku sezesionistekin lotu. Karakalpakar gutxiengoak (milioi erdi pertsona inguru), herrialdearen ipar-mendebaldean kokatuak, formalki estatus autonomoa du, baina ez da benetako autonomia existitzen, oso mugatuak diren alderdi kultural batzuk izan ezik. Karakalpakstango lurralde osoa herrialdeko txiroen eta urrunenetakoa da. Ondorioz, karakalpakar askok hurbileko Kazakhstanera (kultura- eta hizkuntza-kidetasun handikoa) emigratu dute aukera ekonomiko gehiago eskaintzen baiditu.

  1926 1939 1959 1970 1979 1989 2017
Uzbekiarrak 73,0 65,1 62,2 64,7 68,7 71,4 83,7
Tajikiarrak 7,4 5,1 3,8 3,8 3,9 4,7 4,8
Kazakhak 4,0 4,9 4,1 4,6 4,0 4,1 2,5
Errusiarrak 5,2 11,6 13,5 12,5 10,8 8,4 2,3
Karakalpakarrak 3,0 2,9 2,1 1,9 1,9 2,1 2,2
Kirgiziarrak 1,7 1,4 1,1 1,0 0,7 0,8 0,9
Tatariarrak 0,6 2,3 4,9 3,7 3,5 2,4 0,6
Turkmenak 0,7 0,7 0,7 0,6 0,6 0,6 0,6

 

3-Arrazoi hauek, SESB kolapsatu ondoren, nazio-eraikuntza azkartzeko oinarri sendoa ziren. Independentzia baino lehen ere, Uzbekistanek identitate nazionalari buruz egindako eskaerei Sobietar Batasunak aurre egin behar izan zien. Eraikuntza prozesuan dagoen nazionalitatea izan arren, beraz, erabat osatu gabe, uzbekiarrek pasaporte uzbekiarrak zeramatzaten, ikasketak uzbekeraz egiten zuten, egunkari uzbekiarrak irakurtzen zituzten, eta, beraz, jada “uzbek-izatearen ideia errotik barneratu egin zen”. Brezhneven aroan, uzbekiarrek presio handia egin zuten komunikabideetan uzbekera gehiago erabiltzeko. Era berean, Gorbatxoven garaian, uzbek-eliteek autonomia handiagoa eskatu zuten Uzbekistango lurretan ingurumen-hondamendia eragin zuten sobietar politikak geldiarazteko.
Independentziarekin, Karimov buruzagi uzbekiarra nazioa eraikitzeko politikak ezartzen hasi zen. Horretarako, azkar diseinatu zuen naziotasun- eta herritartasun-politika. Uzbekera estatu-hizkuntza bakarra zela adierazi zuen, errusierak edozein estatus ofizial galdu zuen, eta hizkuntzaren alfabetoa aldatu zuen, zirilikotik latinora pasatuz, bere errusiar iraganekiko lotura sinbolikoak are gehiago mozteko asmoz. Gaur egun, uzbekera da, zalantzarik gabe, esparru publikoetan, komunikabideetan eta erakunde akademikoetan gehien erabiltzen den hizkuntza, eta errusiera, berriz, gero eta baztertuagoa dago. Uzbekistango herritartasun politikari dagokionez, aldiz, bere ondare sobietarrean oinarritu da: herritartasunaren eta nazionalitatearen/talde etnikoaren arteko aldea pasaporteetan eta administrazio-dokumentuetan mantendu da. Errepublikan jaio diren edo 1991tik aurrera bere lurraldean bizi diren pertsona guztiak uzbekiartzat hartzen dira; aldiz, beren burua uzbekiartzat hartzen duten baina muga nazionaletatik haratago bizi diren pertsonak Tashkent eremutik kanpo geratzen dira.
Ikur nazionalei dagokienez, Uzbekistanek bere armarritik eta banderatik zuen iragan sobietarra ezabatu zuen. Armarrian, noblezia eta zoriona irudikatzen dituen Khumo txori mitikoak, igitaia eta mailua ordezkatzen ditu. Bandera nazionalean, lau kolore nagusi daude, horietatik urdinak Timurren bandera irudikatzen duelarik, eta berdeak, informalki behintzat, Islama. Islamaren eragina islatzen duten hamabi izar eta ilgora bat ere badaude.

Timur heroi nazional bezala aukeratua izan zen, eta Lenin eta Marxen estatuak ordezkatu zituen. Uzbekistanen, Timurren oroimenerako eraiki ziren hamaika monumentu eta museo bat daude. Honela, uzbek nortasun nazionala goraipatzeko balio zuen gerlari harrigarri batekin lotura bat sortzen zen.
Hala ere, nazioa eraikitzeko prozesua ez zen hasiera batean zirudien bezain erraza izan. Kontuan hartu behar da Uzbekistanen nazio-nortasuna nazioz gaindiko eta nazioz azpiko bi identitatek osatzen dutela. Nazioz gaindiko nortasuna turkiar eta islamiar kidetzari dagokio, nazioz azpiko nortasuna, berriz, klan/tribuari eta eskualde/tokikoari. Nortasun ezberdin horiek, ezpairik ez, eragina dute nazio bateratu baten ideian, biztanleriak bere burua unitate txikiagoetan kokatzen baitu.
Herrian eta tribu-nortasunean oinarritutako botere-taldeek zeregin garrantzitsua dute oraindik eguneroko harremanetan eta egitura politikoan, eta, beraz, Uzbekistango politikan klanak esanahi handia du. Horrela, klan-identitatea uzbek-identitatea baino askoz ere nagusiagoa da Uzbekistanen. Ikusten denez, herritarrak oraindik tokiko tradizioen eta klanaren arauen arabera bizi dira, Uzbekistango Errepublikaren legeen ordez. Hala ere, nazioaren eraikuntza prozesuan oztopo bat izan arren, klan-nortasunak nortasun etnikoaren gainean duen nagusitasunak Uzbekistanen egonkortasuna mantentzen du, balizko gatazka etnikoak prebenitu eta saihesten baititu. Hala ere, klan-identitateek “zatiketara daramate”, eta, beraz, “ez dira ofizialki onartuak izaten”.

Islam Karimov, Uzbekistango lehen presidentea (1990-2016). Bere agintaldiak 26 urte iraun zuen.

Islamaren eragina

Asia erdialdeko estatu guztien artean, Uzbekistan mugimendu islamista erradikalen mehatxurik larrienaren pean dagoela uste da. Hala ere, aldi berean, islama kultura-ondarearen zati integral gisa ikusi da, Estatuaren nortasunaren beharrezko osatzaile gisa. Dilema hau gainditzeko, Karimovek identitate sekularra zuen nazio estatu bat eraikitzea bilatu zuen, aldi berean Islamaren paper tradizionala sustatuz eta honen bertsio erradikalak salatuz. Ildo horretan, Islamak eragin eraikitzaileak eta suntsitzaileak ditu Uzbekistango estatuaren eraikuntza-prozesuan.

Islamak prozesu horretan duen eginkizuna ulertzeko, bi gai garrantzitsu jorratu behar dira: batetik, muturreko Islamaren goranzko joera eta horri buruzko estatu-politikak, eta, bestetik, Islamak eskualdean izan duen garapenaren aurrekari historikoak. Uzbekistango historia islamiarra VIII. mendean hasi zen. Amu Daryaz haragoko lurraren konkistatik aurrera, Mawarannahr bezala izendatua izan zena, islamiar kultura loratzen hasi zen eskualdean. Bukhara eta Samarkanda islamiar zibilizazio goiztiarraren gunerik garrantzitsuenak izan ziren. XIX. mendearen erdialdean tsarren Errusiak eskualdearen kontrola hartu ondoren, islamiar kultura inolako begirunerik gabe zapaldua izan zen. Gerra Zibilaren lehen garaietan, boltxebikeek Asia erdialdeko musulmanak “aliatu taktikotzat” hartzen zituzten, eta euren “sinesmenak eta erabilerak beti askeak eta bortxaezinak direla” ziurtatu zieten. Hala ere, Stalinek alfabeto arabiarraren ordez zirilikoa erabiltzea agindu zuen, meskitak eta madrassak itxi zituen, eskualdeko kultura islamiarraren aurka zegoena. Eta horrela izaten jarraitu zuen sobietar aldi osoan.

Afganistango erregimen sobietarraren inbasioaren ondoren, islamiar ideia erradikalak Fergana haranaren inguruan sortzen hasi ziren. Moskuk soldaduak bidali zituen Erdialdeko Asiatik Afganistanera gudari islamiarren aurka borrokatzeko eta berehala konturatu ziren euren “etsaiak” musulmanak zirela eta, gainera, horietako batzuek Erdialdeko Asian jatorriak zituztela. Ondorioz, soldadu kopuru handi batek alde egin zuen, eta beste batzuk, itzultzean, “Islam salafisten printzipioekiko bereziki harkor bihurtu ziren”. Imam Zaharren pasibotasunaren, gaitasun teologikoaren eta estandar moral baxuen aurka, fenomeno berri bat agertzen hasi zen: Imam Gazteak deiturikoek Islama ikusgarriagoa izateko joera zuten, bai eguneroko bizitzan, bai bizitza politikoan. Gertaera hauen erdian, Golkoko herrialdeak, nagusiki Fergana Haranaren inguruan zeuden “orientazio salafistako” taldeak finantzatzen hasi ziren.

Independentziaren ondoren, islamiar berpizkundea are ikusgarriagoa bihurtu zen, bereziki Fergana haranaren inguruan, egoera ekonomiko aldakorrek, bizi maila baxuek, gobernu politika faltak eta “nahasmen ideologikoak” eragin handia izan zuten eremu honetan. Erradikalizazio-joera honetaz gain, Fergana haranean 1990ean Hizb al-Tahrir al-Islami agertu zen, gobernu sekularra boteretik kendu eta, horren ordez, islamiar estatu bat ezarri nahi duen erakundea. Hizb al-Tahrirrek ospea irabazi zuen bere “propaganda trebearen, salbazio mezuaren sinpletasunaren eta ohiko islamaren tolerantziaren” ondorioz. Erakundeak bere burua indarkeriarik gabekotzat jo zuen, baina Karimoven erregimenak hura zapaldu eta desagerrarazi nahi izan zuen, Hizb al-Tahrirren azken helburua erregimena aldatzea baitzen. 1996an sortutako erakunde jihadista erradikalago bat, Uzbekistango Mugimendu islamiarra (IMU), Karimoven erregimenarentzat mehatxu larria izan zen. Hizb al-Tahrir ez bezala, IMUk indarkeriazko jardueretarako joera zuen Karimoven erregimena kendu eta, bere ordez, estatu islamiar zorrotz bat ezartzeko. Erantzun bezala, Karimovek mugimendu islamiar guztiak debekatu zituen, imam prosalafistak espetxeratu zituen eta imam gazteen ordez Karimovekiko leialak ziren imam tradizionalak ezarri zituen. IMUren aurka Karimovek errepresio politika gogorragoak jarraitu zituen eta horietako asko Pakistanera erbesteratu behar izan ziren. Honi dagokionez, adierazgarriak dira Andijanen jazotako gertaerak, haren interpretazioak eta Karimoven gobernuak emandako erantzunak.

Andijango sarraskia. 2004ko ekainaren 23an, 23 enpresari atxilotu zituzten “estremismo, fundamentalismo eta separatismoa” leporatuta. Ondoren, poliziak Akromiyako kide izatea leporatu zien, gobernuak terrorista izendatu zuen erakunde batekoa. Enpresariek ukatu egin zuten kargua eta bertako herritarren artean gero eta babes handiagoa zutelako atxilotu zituztela esan zuten. 2005eko maiatzean egindako epaiketan, protestak etengabeak eta jendetsuak izan ziren. Maiatzaren 11rako 4.000 manifestari baino gehiago bildu ziren epaia entzuteko. Fiskalek hiru eta zazpi urte arteko espetxe zigorra eskatu zuten 20 akusaturentzat, gainerako hirurak askatzea eskainiz. Hala ere, gobernuak epaia atzeratu egin zuen eta, azkenean, sekretupean iragarri zuten epai irmoa: 23 gizonei 12 eta 22 urte arteko zigorrak ezarri zizkieten.

Manifestariak epaitegiaren aurrean

Maiatzaren 12ko gauean edo maiatzaren 13ko goizaldean, gizon armatuek enpresariak zeuden espetxea erasotu zuten, eta enpresariak, beste ehunka presorekin batera, askatu egin zituzten; espetxeko zenbait guardia hil egin ziren. Jarraian, udaletxea hartu zuten eta herri-auzitegi bat ezarri zuten; bertan, pertsona askok hartu zuten hitza, gobernuak eta segurtasun-zerbitzuek egindako presioak kritikatuz. Matxinada zapaltzeko, agintariek armada bidali zuten, manifestazio baketsu baten gainean tiro egin zuena. Maiatzaren 19an, osteguna, astebete geroago, GKE batzuek eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak adierazi zuten errepresio horretan 500 eta 1.000 pertsona artean hil zirela, eta Uzbekistango gobernuak 187 hildako baino ez zituela onartu. Gertaera horien ondorioz, jende askok Kirgizistanera erbesteratu behar izan zuten.

Andijango sarraskia gertatu zen plazaren panoramika (2005eko maiatzaren 13a)

Gobernu uzbekiarrak, hasiera batean, Uzbekistango Mugimendu Islamiarrak istiluak antolatu zituela esan zuen, eta manifestariak Hizb ut-Tahrirreko kideak zirela. Kritikoek diote etiketa “islamiar erradikala” jartzea aitzakia baino ez dela herrialdean erregimen zapaltzailea mantentzeko. Zalantzan jartzen da soldaduek bereizi gabe tiro egin ote zuten kolorezko iraultza bat eragozteko, edo legez jardun ote zuten espetxetik ihes egitearen aurka borrokatzeko; hirugarren teoria baten arabera, gatazka klanen arteko borroka bat zen estatuko boterea lortzeko. Azkenik, gobernu uzbekiarrak eskualdeko baldintza ekonomiko txarrek eta herriaren erresuminak matxinadan paper garrantzitsua izan zutela onartu zuen.

Mendebaldeko gobernuek nazioarteko ikerketa bat eskatu zuten, Uzbekistango atzerri politikan aldaketa garrantzitsu bat eragin zuena. Garai hartan, Uzbekistango gobernuak oso lotura estuak zituen Estatu Batuetako gobernuarekin; Bushen gobernuak, duela gutxi, Uzbekistan Estatu Batuen segurtasunerako ezinbestekoa zela adierazi zuen, herrialdeak, AEBetako indar militarrekin base militar handi bat kontratatua baitzuen. Gobernu uzbekiarrak Estatu Batuek Karshi-Khanabaden zuten aire-basea ixteko agindua eman zuen, eta, ondoren, Txina eta Errusiarekin zituen loturak hobetu zituen, Andijango istiluetan Karimoven erregimenaren erantzuna babestu zuten herrialdeak.

ondorioz, Karimovek Islamarekiko zuen politikak bi dimentsio zituen. Islam politiko eta erradikalaren aurkako errepresioaz gain, Islama bultzatu zuen uzbekiarren oinordetza kultural gisa. Izan ere, Karimoven politika ideia islamiarren zabalkundea bere herrialdearen independentzia indartzeko moduan erabiltzea izan zen. Islama, orduan, Estatua eraikitzeko prozesua sustatuko zuen batasun faktore bat izatera bideratuta zegoen. Beraz, estatu islamiar bat baino gehiago, estatu sekular bat ezartzea zen Karimoven helburua, oinordetza islamiarra nabarmenduz. Ikuspegi hau nabarmenagoa izan zen Karimovek Korana eta konstituzioa bere kargu hartu zituenean. Beraz, Islamaren kontzeptualizazio hau Islam elitista bezala izendatua izan zen, non estatuak erlijioaren dinamika nagusiak arautzen eta ideia erradikalizatuegiak oztopatzen dituen.

Estatu laiko bat eraikitzen ari zen bitartean, Karimovek “Islamaren modu nazionalizatu batean” indarra egin izanak boterea sendotzen lagundu zion. Islama, faktore bateratzaile bezala, Uzbekistanen asko erabili zen Karimoven aroan. Uzbekistango banderak ilgoraren eta hamabi izarren ikur islamiarrak ditu. Honekin batera, Kamirovek sufismoa Islam politikoaren aurkako tresna gisa eta “uzbek-nazioaren tradizio humanistaren” oroigarri gisa erabili zuen. Bestalde, Karimovek sufismoarekiko loturak berpiztu zituen, santutegi sufiak berrituz. Beraz, Islamaren berpizkundeak ez du nahitaez estatu-nazioaren autoritatea iraultzen, baizik eta sakonki nazional, sekular eta apolitiko bihurtzen. Hala ere, Karimoven politika antifundamentalistek, “muturreko islamaren mehatxuaren mitoa” erabiliz, oposizio politikoa eta gizarte zibila erreprimitzeko balio izan zuten, bere boterea sendotzeko helburuarekin. Bestalde, gaur egun ere, Ferghana harana, gobernuaren kontrol zorrotz baten pean dago. Kontrol-puntu eta segurtasun-indar asko daude, baita zaintza-baliabide gehiago ere. Islama gai delikatua da Uzbekistanen. Alde batetik, Estatua eraikitzeko prozesuan laguntzen du, uzbekiarrei dituzten kultura-loturak gogorarazten dizkietelako, eta, bestetik, oztopatu egiten du, bertsio erradikalek prozesu hori ezegonkortzen dutelako.

Ondorio gisa

Karimoven nazioa eraikitzeko proiektuaren funtsezko zati bat errusiar/sobietar joeratik aske dagoen iragan nazional baten berridazketa da. Uzbekiarrak antzinako zibilizazio gisa aurkezten dira, Txina, India eta Persiako Zeta Bideko merkataritza-kideekin batera. Asia erdialdeko figura zientifiko eta literarioak, Beruni, Navai eta Ibn Sina (Avicena), uzbekiartzat soilik hartzen dira. Kaleak eta dendak heroi nazional hauen omenez berrizendatzen dira eta beren monumentuak espazio publikoetan agertzen dira. Uzbekistango nazioa eraikitzeko kanpainaren ikono nagusia Timur (Tamerlan) XV. mendeko konkistatzaile eta gobernari turkiarra da. Taxkent hiriburuko erdiguneko plaza batean dago Timurren irudi dotorea, gerra-zaldi baten gainean. Timurren kartelak nonahi saltzen eta ikusten dira. Uzbek-nazioa Timur konkistatzailearengan gorpuzteak eta nazioaren ikuspegi monoetnikoa izateak kezka sortzen die uzbekiar ez direnei. Uzbek subjektu nazionala gorestean, estatuak modu arriskutsuan baztertzen ditu errepublikan bizi diren besteak, uzbekiarrak ez direnak. Adierazlerik nabarmenena, Sobietar Batasuna amaitu zenetik Uzbekistanen hainbat belaunaldiz bizi izan ziren errusiar, ukrainar, alemaniar eta juduen emigrazio masiboa da. Honek Uzbekistanen garapenerako trebetasun baliotsuak dituzten garun-ihesa dakar, eta, ondorioz, aniztasun sozial txikiagoa.

Timurren omenezko monumentua Taxkent hiriburuan

Nazio-eraikuntzaren beste arriskua bere lurralde-mugetan datza. Errepublikaren mugak Erdialdeko Asian ezarri ziren, nazionalitateen politika sobietarraren arabera, biztanleria aberri nazionaletan banatzeko. Baina Sobietar Batasuneko lurralde-administraziotik jasotako errepublikaren mugak nazionalitateen politika sobietarretik oinordetutako bereizketa etnikoak bezain problematikoak dira. Muga hauen bideragarritasun politiko eta ekonomikoa arrisku handiagoan dago Fergana haranean, Uzbekistan, Kirgizistan eta Tajikistanen artean banatutako gune ekologiko jendetsu eta emankorra. Taxkentetik Fergana haranera joateko, Kirgizistan eta Tajikistanekin dauden mugak 5 aldiz zeharkatu behar dira. Hiru errepublikek zorrotz zaintzen dituzte muga horiek, baldintza ekonomiko eta politiko desberdinek errefuxiatuen, migratzaileen eta kontsumo-ondasunen legez kanpoko fluxua sustatzen dutelako, droga-trafiko itzela aipatu gabe. Fergana haraneko errepubliken arteko mugak ere problematikoak dira, talde etnikoak euren jatorrizko herrialdeetatik banatzen dituztelako. Uzbekiar gehiengo bat haraneko Tayikistanen lurraldean bizi da, kirgiziar asko haraneko Uzbekistanen zatian bizi dira, eta, haraneko Kirgizistango bi hiri nagusiek uzbek-biztanleriaren gehiengo bat dute. Eremu mugatu eta oso jendetsuan bizi diren etnia ezberdinen nahaspila hau kontuan hartuta (Fergana, Asia erdialdeko gunerik jendetsuena da), gatazka etnikoak egotea bidezkoa da, ur eta lur landagarrien eskasia dela eta.

Uzbekistango gobernuak ondare sobietarra jaso du oinordetzan, uzbek-nazioaren ikusmolde sobietarrean eta uzbek-lurraldearen mugen konfigurazio sobietarrean trabatuta (mugatuta, determinatuta, hobe esanda) utzi duena. Biak oinarri hartuta, uzbek-nazioa indartsu eraikitzen ari da.

https://busturianaiak.home.blog/2021/09/27/nazio-eraikuntza-eta-islamaren-eragina-sobietar-osteko-uzbekistango-errepublikan/