Nafarroaren konkistaren inguruko hitzaldia eman du Beñi Agirre Nabarraldeko kideak

irudia0099Aiarako Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak gonbidaturik, Beñi Agirre historialariak Nafarroaren konkistaren inguruko hitzaldia eman zuen bart arratsean Arespalditzako udaletxeko aretoan.

Beñi Agirre Nafar-Euskal Herriaren memoria historikoa sustatzeko lanean diharduen Nabarralde kultur elkarteko kidea da.

Datorren urtean Nafarroaren konkistaren V. mendeurrena izango da, eta garaiko gertakizunen berri ematera gerturatu da Beñi Arespalditzara. Izan ere, Nabarraldeko kidearen arabera, Nafarroako konkista borondatezko hitzarmen gisa aurkezten diguten arren, egitan, Gaztelako Erreinuak indarrez hartu zuen Nafarroa. Nafarroako Erreinua Frantziaren kolaboratzailea eta Elizaren aurkakoa zela leporatuta, Gaztelako Erreinuak 12.000 soldaduko gudarostea bidali zuen; Iruñak orduan 6.000 biztanle zeuzkan eta Nafarroa etzen inbasioari aurre egiteko gai izan.

Garai hartako gertakariak ezagutarazteko Nabarraldek ekoitzitako bideoa ikusteko eta Beñi Agirrerekin mintzatzeko aukera izan zuten hitzaldira gerturatutako 40 bat lagunek.

Nafarroako konkistaren eta Nabarralde elkartearen informazio gehiago nahi izanez gero www.nabarralde.com ataria bisitatu.

 

Aiaraldea-k argitaratua