Nafarroako solstizoen inguruko ospakizunak, liburu batean bildurik

Imanol Zozaya

Koldo Artola ikerlari gipuzkoarrak 40 urteko ikerketa argitaratu du Aranzadiren eskutik. Ostegun honetan aurkeztuko da Iruñeko Laba espazioan (Gaztelu Plaza, 2)

Koldo Artola, liburuarekin, bere lan esparruan. Utzitakoa 

Gustuko tokian aldaparik ez dagoela dio esaera zaharrak, eta horrela ibili da Koldo Artola Kortajarena (Donostia, 1938) azken hamarkada hauetan. Duela 40 urte hasi zituen Nafarroako euskarari buruzko ikerketek orain ikusi dute argia, Arantzadi Zientzia elkartearen eskutik. Solstizioen inguruko ospakizunak Nafarroako zenbait hizkeratan emanak. Errituen zabalera eta ospakizunen hari ezberdinak du izenburua lanak, Aranzadiren Etnografia bildumaren lehendabiziko urratsa jartzen duen liburua. Ostegunean (otsailak 17) aurkeztuko da Laba espazioan (Gaztelu Plaza. 2).

Baina ibilera honen hasiera, era batean, kasualitatea izan zen. “Txikitan ez nuen euskera ikasi etxean. Zazpi anai arrebetan txikiena izan nitzen, gerra garaian, eta beldur handia zegoen”, dio Artolak. Bere anai nagusienek zerbait ikasi zuten guda hasi aurreko urteetan, baina bera eskolarako adina zeukanean, euskerarekiko errepresioa dagoeneko ezarria zeukan Frankoren diktadurak. Gazte denboran izan zen Artolaren murgilketa. “Hasi ginen igandeetan ibilaldiak egiten, mañaneras esaten genien, hemen inguruko mendietara”, azaltzen du Artolak. Irteera haietan, gehien bat toponimiak erakarrita, bere belaunaldikoei ezagutza nahia piztu zitzaien. “Beti izan genuen lotura euskal kulturaren inguruko gauzekin”, defandatzen du Koldo Artolak. Soldaduxka egin eta gero, akademia batean sartu zen euskara maila igotzeko helburuarekin. Bertan egindako lagunekin mendi irteerak egiteko taldea egin zuten, euskera eta kirola bat eginez.

Eta gazte garaianezagutza ingurua mendia izan bazen, geroago ere mantenduko zen ikerlariaren lanen esparru. Ezkondu eta seme-alabak izan zituenean, Nafarroako Pirineoetako bailaretan pasa zituen zenbait uda. “Urte batzuetan joan ginen Isabara eta Otsagira eta inguru hoietan€ eta hor izan nuen oraindik Zaraitzu eta Erronkariko euskara zekiten gizon batzuk ezagutzeko aukera”, dio.

Hori izan zen Artolaren ia bizitza erdia hartu duen gaiaren abiapuntua. Aurrezki kutxako langile izateaz gain, pixkanaka, ikerlaritzan sartzen joan zen. “Gero jaso nuen Arantzadiren deia Euskal Herriko Atlas linguistikoa egiteko”. 1983an lehen liburukia eta 1990an, bigarrena.

Belatetik hegoaldera

Bere ikerketan Artolak muga garbia izan du: Belatetik hegoaldera dauden herri eta bailarak aztertu ditu. “Iparraldera badaude euskaldun mantendu diren toki asko: Baztan, Bortziri, Leitzaran, Goizueta… horra ez ni nintzen joan aspaldi badagoelako bertako jendea badakiena txikitatik leku horretako euskera eta nik baino hobeto egin dezakete lan hau”, azaltzen du Artolak. Eta horrela, Zaraitzu, Erroibar, Esteribar edo Artzibar izan ziren helburu. “Nire obsesioa izan zen euskara oso galdua zegoen lekuetara joatea”, dio.

Liburuaz gainera berrogei urteetan zehar grabatutako hainbat elkarrizketa bildu eta zabaldu ditu ikerlariak. “Ahotsak.com webgunera igo dira hainbat, bertan nahi duenak entzuteko”, azaltzen du. Liburua erosten duenari ere, CD bat emango zaio 8 orduko testigantzekin. “Oso interesgarria da elkarrizketetan joerak eta gaien harteko loturak nola lotzen dituzten”, argudiatzen du.

Unibertsitatetik pasa ez zen harren, etnografian maisu onak izan ditu ikerlariak. Jimeno Jurio edo Félix Zubiagaren lanen ezagutza barneratu eta, era batean, etnografiaren bideari aurrera pauso berri bat jarri dio Koldo Artolak, bere bizitza osoko laranerekin.

Noticias de Navarra