Duela zortzi urte ekitaldi anitz antolatu eta argitalpen anitz plazaratu zen Nafarroaren konkista gogora ekartzeko. Gaztelak 1512an konkistatu zuen Nafarroako Erresumaren zati handiena; 300 urte lehenago, 1200ean zehazki, konkistatua zuen beste zati handi bat, hala nola gaur egungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Gaztelak ez zuen lortu, ordea, Nafarroako lurren kontrol guztia, nahiz eta ahalegindu zen. Nafarroako estatua indarrean zegoen, oraino, Nafarroa Beherean.
Aurtengo urriaren 15ean beteko dira 400 urte Nafarroak independentzia galdu zuenetik. 1620ra arte, Nafarroa Behereko lurren kontrola zeukan bakarrik. Nafarroako Enrike III.ak Nafarroako lurrez gain beste hainbat eremutako buruzagi kargua zeukan, eta Frantziako errege ere bihurtu zen (Enrike IV.a gisa) 1589an. Baina Nafarroa eta Frantzia erresuma bereiziak ziren. 1610ean erail zuten, eta Luis XIII.aren buru gainean gelditu ziren Nafarroako eta Frantziako koroak, artean haurra zela. 1620an, erabaki zuen Nafarroa Beherea eta Biarno Frantziako erresuman urtuko zirela.
Errege batek erabaki zuen. Luis XIII.aren aita Nafarroako erregea zen, Frantziakoa izan baino lehen. Luis XIII.ak, hain segur, bere burua erresuma handi bateko errege ikusi zuen bereziki. Eta Nafarroa porroska bat bide zitzaion. Erregeak erabaki zuen Nafarroari independentzia kentzea eta ordura arte libre gelditzen zen nafar lur bakarra Frantziaren menpe jartzea.
Handik 169 urtera, 1789an, Frantziako Iraultza gertatu zen. Eta Nafarroako Gorteek ez zuten babestu, argudiatuz Nafarroa Beherea ez zela Frantzia. Xabier Irujok bildu ditu, liburu batean, garai hartako Nafarroako sindiko Etienne Polverelek idatzi zituen txostenak. Polverelen arabera, Nafarroako Erresuma ez zuten sortu kanpoko konkistatzaileek, 1789an Nafarroa nazio libre eta burujabea zen eta independentea zen 1000 urte haietan, Nafarroako Erresuma bitan zatituta dago konkistaren ondorioz, nafarrak ez dira ez frantsesak ez gaztelarrak, nafarren hizkuntza euskara da… Hori argi utzirik, Polverelek azpimarratu zuen Luis XIII.aren erabakia Nafarroako herriaren kontrakoa zela, eta ez zuela eskubiderik hori egiteko. Hots, “Nafarroako erresumaren burujabetza nazioarena da, Gorte edo Estatu Nagusietako parlamentariek ordezkatua”. Horren ondorioz, “ez erregeak ez atzerriko potentzia batek ez dauka eskubiderik erresumaren lurralde bat edo zati bat oparitzeko”.
Luis XIII. erregeak erabaki zuen
Nafarroari independentzia kentzea
eta ordura arte libre gelditzen zen nafar lur bakarra
Frantziaren menpe jartzea.
Frantsesek eta espainolek sinetsarazi nahi badute ere atxikimendu libreko prozesuak izan zirela 1200ekoa, 1512koa edota 1620koa, argi da bortizkeria, konkista eta maltzurkeria izan zirela Nafarroak bere lurrak eta askatasuna galtzeko arrazoiak.
Nafarrek ez zuten erabaki independentzia galtzea. Horregatik eta beste arrazoi bategatik garrantzitsua da 1620koa gertakaria gogora ekartzea: 1512koa baino anitzez ahantziagoa da; baina politikoki funtsezko gertakaria izan zen. Zergatik daukagu gure buruetatik kanpo? Hori ere gure buru mapa zatikatu eta espainoldu/ frantsestuaren ondorioa da. Espainiaren menpe dauden euskal lurrak 1512an menperatu zituzten. Euskal gatazka Espainiaren kontrakoa dela bakarrik ikusten badugu, 1620ko gertakaria ahanzten dugu. Aldiz, 1620ari zor zaion oroimena eskainiko bagenio, herri gisa anitzez buru-askeagoak izango ginateke, Ipar Euskal Herritik begiratuta, gogoan atxikiko genukeelako, Frantziaren maltzurkeriaz aparte, Nafarroa Behereko besoa Espainiak irentsitako gorputz baten zatia dela, eta beraz, gure gatazka ez dela bakarrik Frantziarekin duguna, eta Hego Euskal Herrian balio dielako ulertzeko gure auzia ez dela espainola. Hala nola, beste ikuspegi batetik heldu behar zaiola auziari.