ARITZ AZPILICUETA VERGARA IRUINDARRA IZAN DA MEMORIA HISTORIKOAREN INGURUKO TESTU LEHIAKETAREN LEHENENGO EDIZIO HAU IRABAZI DUEN TESTUAREN EGILEA
Nabarralde Fundazioak, Gazte Sariaren lehenengo edizioaren ekitaldia ospatu du Iruñeko Kondestablearen jauregian. Memoria historikoaren inguruko testu lehiaketaren lehenengo edizioaren irabazlea Aritz Azpilicueta iruindar gaztea izan da, 78ko Iruñeko bestetan gertatutako eraso polizialak errepasatzen dituen San Fermines 1978 testuarengatik. Gertakari haietan 100 zauritu baino gehiago egon ziren eta Germán Rodriguez gaztea hil zuten. Ekitaldia, Joseba Asiron Iruñeko alkateak ere parte hartu du, Tasio Agerre eta Angel Rekalde Nabarraldeko ordezkariekin batera.
“Aurten saritu dugun artikulu hau”, azaldu du Rekaldek, jasotako lanak baloratu dituen epaimahaiko kidea ere izan dena, “hurbila den kapitulu batean zentratzen da, iragan hurbilekoa dena eta oraindik mingarria suertatzen zaiguna. Irabazle bezala aukeratu dugu freskotasuna, ikerketa eta irakurtzeko erraztasuna bezalako ezaugarriak bateratzen dituelako, hau da, transmisioaren artearengatik. Sariketa honekin bilatzen genituen elementuak biltzen ditu: gaztetasuna, interesa, memoria eta narraziorako gaitasuna”.
Sariaren helburua gazteriaren baitan (30 urtetik beherakoak) memoria historikoaren ikerketa sustatzea eta balioan jartzea izan da. “Belaunaldi berriek memoriaren transmisioan parte hartzea eta iraganaren ulermenean sakontzea izan da helburua, gure gizarteak bizi duen akulturazio larriari aurre egiteko eta gure historia ahaztuaren berreskurapenean indarrak batzeko”, zehaztu du Rekaldek.
Fundaziotik argi utzi nahi izan dute lehiaketaren deialdi gehiago eginen dituztela, urtean behin. Halaber, bi kategoriak mantenduko dituzte: euskarako testuena eta gaztelera edo frantsesezko testuena; bakoitzari 1.000 euroko sari bakarra emanen zaiolarik. Lehenengo edizio honetan, argitu dutenez, euskarazko saila bertan behera uztea erabaki da, lehiaketaren oinarriak betetzen zituzten lan nahiko jaso ez direlako.
Irabazlea
Aritz Azpilicueta Vergarak Iruñeko San Fermin Ikastolan egin zituen bere oinarrizko ikasketak. Ondoren, Historia karrera ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia, Espazioa eta Ondarea masterra ikasten ari da.