Beñi Agirre. Hogei minutuko bideoa eskainiko dugu. 1512an hasi eta 1530ean eman zen azken matxinada bitarteko gertakizunak kontatzen dira bertan; oinarri historikoa duten datuak modu samurrean agertuko ditugu. Aurretik, konkista hori eman zedin gure ustez giltzarri izan ziren lauzpabost gertaera aipatuko ditut nik. Hitzaldia astuna baino, arina izatea nahi nuke; irekia izango da, tertulia bilakatzea erraztuz.
Nori zuzenduta dago?
B.A. Gure herriaren historiarekiko interesa duen edonori. Hortik aurrera, baliteke entzuleren batzuk zenbait ideia orokorrekin geratzea, eta beste batzuk, berriz, bere herriaren inguruko aztarnak ikertzen hasteko interesa piztuta etxeratzea.
Historia ofiziala auzitan jartzea dela helburu diozue Nabarralde kolektiboko kideek…
B.A. Halaxe da. Badirudi betidanik izan garela orain garen modukoak, egitura politikoari eta lurraldetasunari begira; egun ezagutzen ditugun mugak beti izan direla horrela, gurean inoiz ez dela estaturik izan, e.a.
Historiografi nagusi hori, 1512an gertatu zen Nafarroaren konkista zilegitzera dator, besteak beste. Alegia, barne liskarrak zirela eta Nafarroa goberna ezina zela eta horrexegatik, guztion mesederako izan zela konkista. Interpretazio horrekin jarraituz, zera diote, Nafarroak erabaki zuela Gaztelarekin batera Espainia handia sortzea, gaur egun ezagutzen dugun Espainia hori, alegia. Gezur historikoa, interesatua da bertsio hori.
Konkistaren terminoa zalantzarik gabe erabili beharko al litzateke, zure ustez?
B.A. Garaiko agiriek konkista izan zela adierazten dute argi eta garbi, eta Sanzen Nafarroako gobernuak ere termino hori bereganatu behar izan du, hori bai, ezinbestekoa izan zela argudiatuz. Tesi hori berresteko hain zuzen ere, kongresu handi bat antolatu dute 2012. urterako.
Agiri historikoak eskutan, kongresu horretan eztabaida sakonerako tokirik ez da izango, ala?
B.A. Dena lotuta daukate, tesi ofiziala ez den bestelako ahotsik ez dadin entzun. Bertan OPUSek, Cervantes Institutuak, Nafarroako Gobernuak eta historialari eta katedratiko batzuk hartuko dute parte.
1512ko data garrantzitsua da Euskal Herriaren historian, eta horrexegatik pentsatu genuen herri mailan dibulgazio lana egiteko premia zegoela.
Konkista hori nola eraman zen, labur azaldu al liteke Nabarralderen ikuspegitik?
B.A. Ez zen erregeen arteko borroka izan. Herri batek beste herri bat okupatu egin zuen gudarostearen bidez. Herri honen hizkuntza, kultura, egitura politiko, legedi edo funtzionatzeko moduen gainetik berea inposatu zuten.
Espainiak eta Portugalek Ameriketan sarraskiak burutu zituzten garaitsu berean eman zen prozesu hori. Sistema berbera erabili zuten, elizaren partetik etorri zen justifikazioa. Amerikara gurutzearekin joan ziren bezala, Nafarroara Erromako Aita Santuaren bula faltsu batekin etorri ziren, esanez bertako erregeak eta kortea Erromak ondo ikusten ez zuen Frantziako aliatuak zirela; bada, eskumikatu, eta elizatik bota egin zituzten, gaztelarrei gerra santua egiteko nolabaiteko bula emanez. Faltsua izan zen bula hori, Fernando Katolikoak berak sinatu baitzuen.
Maiz adierazi izan da “euskaldunok inoiz ez duzue estatu propiorik izan, eta beraz, ez zarete subjekto politiko”.
B.A. Bai, eta hortik aurrera, euskaldunok geuk geureganatu egin dugun historia kontatzen zaigu. Alegia, aipatzen dizkigute euskal mitologia, kobazuloak, hizkuntza zahar-zaharra…, eta hortik aurrera, bat-batean, foru eta gerra karlistetarako jauzia ematen da. Telebistan, hezkuntza liburuetan…, edozein tokitan transmititzen den fenomenoa da geure historiaren interpretazio zehatz hori. Alde horretatik, Nabarralderen asmo apala, izkutatzen zaigun historia ikertu eta zabaltzea da. Guk ez dugu politika egin nahi, euskal estatu baten aldeko argudio historikoak eman baizik.
Urrunetik dator hemen subiranoak izateko daukagun nahi politikoa. Nolanahi ere, foruen ikuspegitik ezin da planteamendu politiko hori egin; foruak norbaitek beste bati onartzen dizkion pribilegioak direlako, eta beraz, jabetza nagusi batena –Espainia, kasu honetan- delako beti. Sabino Aranak ekarri zuen nazionalismoa ere hanka motz geratzen da. Izan ere, hark zion ez garela ez espainiar ez frantziar eta beraz eskubidea daukagula estatua osatzeko; hori horrela izanik ere, ez du azaltzen zergatik nahi dugun independentzia. Amerikako estatuak, esaterako, beraiek nahi zutelako sortu ziren estatu gisa.
Nafarroaren erresumaren garaia oinarritzat hartuta, gure ustez, Nabarraldek bultzatzen duen hirugarren bidea da independentzia zergatik nahi dugun hobekien azaltzen duena. Nahi izateaz gain, historian zehar estatu propioa izan dugulako, alegia. Eta hori gauzagarria da gaur egungo Europako testuinguruan.
Euskaldunok zenbat dakigu geure historiaz?
B.A. Oso gutxi. Mitologiaz, folkloreaz…, gehiago dakigu. Arlo horiek ez dira gutxietsi behar, baina gainerakoan hutsune handiak daude. Hezkuntza curriculumak oraindik ere Espainiaren izatea justifikatzeko eginak daude. Eta ez dira irakasle asko kezkatzen bestelako historia irakasteko.
Adibide bat jartzearren, gizon jantzi eta abertzaletzat dudan Markel Olano diputatu nagusiari entzun nion lehengoan berak Cid Campeador izan nahiko lukeela. Primeran. Baina ez daki aipatu zuen zen pertsonaia hori imajinario espainiarretik ateratakoa dela; euskaldunok badugu antzeko pertsonaia, Matalas bera! Gero esan ohi da historia irabazleak idazten duela… Hori egia da galtzaileak uko egiten badio bere historia idazteari!
Gipuzkoako zenbait herrik euren sorreraren urteurrenak ospatzeari ekin diote…
B.A. Gaztelak herri forua eman zuteneko urteurrenak ospatu nahi dira, konkista ospatu nahi da beraz; ustez, pentsatzen da 1200-1260 epealdi horretan sortu zirela herriak. Baina galdera sinplea da: gaztelarrak etorri aurretik ez ote zegoen herririk? Ez zegoen jenderik?
XI. mendean baskoien lurralde bat bazegoen; beherago iberiarrenak eta gorago frankoenak eta alemaniarrenak zeuden bezalaxe. Hemen bazen hizkuntza, kultura, ohiturak, antolaketa politikoa…, zituen estatu bat, herriz osatzen zena.
Getarian, adibidez, lortu da lehenbiziko planteamenduari buelta ematea. Oinarri ideologikoak ez baizik eta historikoak hartuta dekalogo bat adostea: horietan, Getaria lehendik ere herria zela eta gainera nafarra zela adierazi da, labur esanda.
Nafarroako erresuma goraipatuz, monarkiaren apologia egitea leporatu izan zaizue…
B.A. Gure artean inork ez du defendatzen monarkia tesi politiko gisa. Baina horrek ez du esan nahi uko egin behar diogunik gure historiari. Baditugu erregeak, eta baditugu Amerikan sekulako sarraskiak egin dituzten euskaldunak edo abizen euskalduneko diktadoreak… Guk ez dugu Nafarroako monarkia goraipatzen, baizik eta garai beretsuan Europako beste edozein herrirekin homologa zitekeen estatu bat osatu izanaren errealitatea.
Azken batean, nork bere historiaren kontzientzia hartzea da kontua. Nabarraldek, behintzat, argi dauka lurraldetasunaren kontzeptua. Euskadi, Euskal Herria edo Nafarroa izeneko lurralde horrek estatu propioa behar du eduki, estatu moderno eta demokratikoa.
Hitzaldia:
Urriak 28, osteguna. 19:30. Lekaio.