Zulo ttiki-ttiki batetik begira banengo, han leudeke biak, jangela beltzetik sukaldera bazkalburuko plater eta edalontziak eramaten. Zortzi hamarkada luzetan oparitutako bizi-grina, elkartasuna, maitasuna eta eskuzabaltasuna harrikoan txukuntzen.
– I’ll do it, Miriam.
– No, no! -New Yorkeko judu maitagarriak temati-.
– Ya lo hacemos nosotros que tú no sabes dónde se guardan las cosas -Donostiarraren azalpena-.
West Side-ko etxe ilun hura pertsonalitate gozo eta gardenaren koadro beroa da.
Ezagutzen ez duten gonbidatu hau, betidaniko adiskide gisa hartu dute. Bertaratutakoa lotsatzerainoko eskuzabaltasun agortezina darie.
Mario Hospitaletik atera berria da.
– Casi no salgo de allá. He estado cerca. Sí, oye.
Birika nekatuen soinua antzeman daiteke, ozen.
Ile urdinaren egiak jantzita datorkio orduan 1936ko gerraren ondotik ihesean joan zirenei buruzko gogoeta.
Burukide gehienak, espainiar errepublikazale nahiz abertzaleak, saldu zirelakoan zegoen Mario.
2002.eko udazkena zen. Azken txanpari ekin ziola bazekien Mariok. Ezin irudika nezakeen Mario gaztearen indarra. Aztarnak, ordea, nabariak ziren bere bekain iraultzaileetan eta sudur aitzindarian.
Manhattango apirilean arnas hartzeari utzi zion. Miriamek bazekien baskoien lurretara itzuli nahi zuela Mariok.
– Oye, yo me iría a Euskal Herria, pero esta mujer… ¿Qué le vas a hacer?
Miriam, besarkada bero bat eta mila esker. Bertze besarkada amoltsua zuretako, Dodaka.
Mario… Baskoniak badirau. Baskoiek badiraute.
Jentilbaratzean ikusiko dugu elkar, gudari.