Memoria kolektiboko ariketa Castejónen: 130 urte

 

 

Gure historia guk idazten ez badugu, gure oroimena ez da hutsik geratuko, besteak arduratuko dira hura idazteaz.

1894ko otsailean Castejónen egin zen Gamazadako protesta eta elkarretaratzea omentzeko plaka (2024), Foruen Plaza, Castejón, Nafarroa. / Iñaki Lopez de Luzuriaga

Joan den otsailaren 18an, Castejóngo Laubide kultur taldeak sustaturik, Castejóngo Gamazadaren 130. urteurrena ospatu genuen: milaka castejonesek, nafarrek eta euskal herritarrek ongi etorri beroa eman zieten nafar askatasunak Madrilen defendatzetik zetozen nafar diputatuei. Biharamunean, berriz, otsailak 19, 2024, Espainiako Auzitegi Gorenak ezusteko bat zuen prest: bertan behera uztea Guardia Zibilak egun dituen trafikoko eskumenak Nafarroa Garaiari transferitzeko erabakia. Efektu kolpea, alajaina, kausal ala kasual? Guardia Zibilaren presentzia, fisikoa eta operatiboa ez ezik, izpirituala baita. Zibilak txertaturik ditugu Espainiako narrazio nazionalean, ez dira aise askatzen diren gauza horietako bat.

Gamazadakoak urte gogorrak ziren. 1876an Bigarren Karlistaldia amaitu zen, eta Espainiako Gobernuaren okupazioko armada, hala deitzen baitzitzaion, geratzeko etorri zen. Une horretan joan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak, bertako lege eta erakundeak, Cánovas del Castillo espainiar lehen ministro berriak hala diseinatuta: “Indar ekintza batek Zuzenbidea sortzen du, indarra Zuzenbidea baita indarrak estatua eragiten duenean”, pedagogia hutsa. Zigor bat, ministro horrek adierazi bezala. Adierazpen askatasunik ez, isun larriak euskal “probintzia garaitu” traidoreei, okupazioaren mantenua herritarren lepotik, deportazioa, Gernikako Arbola euskal ereserki nazionala Guardia Zibilaren itzal luzeak pertsegitua.

Cánovas del Castillo txandakatze sistemaren eta erregimen sasidemokratiko baten sortzailea izan zen, kolonialismo, esklabismo eta torturaren hauspo. Goretsia izan da Espainian (FAESek, nola ez), eredu konstituzionalaren gurasotzat hartua, eta gehiago-gutxiago hala irakasten da testuliburuetan, zenbait hedabidek ere bereziki. Atzean dabil Espainiaren narrazio historiko monopolistikoa ezartzeko asmoa, espainiar errege-erreginen, armadaren eta bandera zapaltzaile baten inguruan harilkatua.

Non dago, bada, euskaldunen eta euskal herritarren esperientzia kolektiboari buruzko narrazioa? Euskal Herriak, azken mendeaz eta Espainiako Gerra Zibilaz gain, mugarri ugari bizi izan ditu. Gure memorian, berriz, lauso eta bazter geratu da haien aztarna. Gure adimena gai da bizitako gertaerak, traumatikoak (edo ez), berrinterpretatzeko, eta oroitzapen hori geroko beste faktore batzuen arabera modulatu edo berriak sortzeko. Ikus San Telmo Museoko egunotako “Garuna(k)” erakusketa interesgarri bezain liluragarria.

Atzean dabil Espainiaren narrazio historiko monopolistikoa ezartzeko asmoa. Non dago, bada, euskaldunen eta euskal herritarren esperientzia kolektiboari buruzko narrazioa?

Castejónen, Nabarraldeko ordezkariak bikain ekarri zituen gogora Milan Kunderaren hitzak, Kniha smíchu a zapomnění (“Barrearen eta ahanzturaren liburua”) eleberrian emanak: “Nazioak akabatzeko, lehendabizi oroimena kendu behar zaie. Haren liburuak, kultura, historia suntsitzen dira. Eta gero norbait dator, eta beste liburu batzuk idazten dizkie, beste kultura bat ematen, eta historia bat asmatzen die. Orduan, nazio bat berriz hasten da ahazten zer den eta zer izan den”. Castejónera bertaratu zen euskal diasporako seme Bingen Amezaga ere, eta hitza hartu zuen bazkalostean. Erremate irmoa jarri zion Kunderaren aipu horri: gure historia guk idazten ez badugu, gure oroimena ez da hutsik geratuko, besteak arduratuko dira hura idazteaz.

/ Iñaki Lopez de Luzuriaga

/ Iñaki Lopez de Luzuriaga

/ Iñaki Lopez de Luzuriaga

https://independentea.eus/memoria-kolektiboko-ariketa-castejonen-130-urte/