Inkisizioaren biktimak izandako emakumeak protagonista, “Maria Zugarramurdikoa” Nabarralderen azken komikian

ADUR MARRAZKILARIAK ETA MIREN MINDEGIA KAZETARIAK EGINDAKO LANA DAGOENEKO SALGAI AURKITU DAITEKE NABARRALDEREN WEBGUNEAN

Zugarramurdi, 1610. Europa guztian hedatu den sorginkeriaren delirioa, konkistatu berria izan den Nafarroako Erresumara iritsi da. Maria Baztan emaginak eta bere alaba Ganak, Esteban Zumarragakoa medikuaren sorginkeria salaketari aurre egin beharko diote, herriko bertze emakume askok bezala. Inkisizioaren itzalak dena ilunduko du, egundaino iritsi den historia lausotzeraino. Izan ere, zer izan zen benetan gertatutakoa? Emakume horiek sorginak ziren ala Ofizio Santuak  “sorgindu” zituen?

Horixe da Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak Nabarraldek argitaratu berri duen komikiak hizpide duen gaia. Albako dukearen eskuetan eroritako Nafarroako Erresuma konkistatu berrian girotzen da errealitatetik zein fikziotik baduen  narrazioa, hain justu Logroñoko prozesu ezagunaren aurreko urtean. Adur Larrea marrazkilari eta komikigileak egindako lana, Miren Mindegia kazetari eta Nabarraldeko komunikazio arduradunaren jatorrizko ideian oinarritu da Maria Baztan protagonistatzat duen komikia.

“Maria Baztan, Logroñoko prozesu hartan epaitu eta sutan erretako biktimetako bat izan zen”, azaldu du Larreak. “Hala ere, istoriaren trama fikzionatuta dago, izan ere, ez dira horren inguruko daturik existitzen. Soilik sententzia bat daukagu, sinesgaitza dena sorginkeriaren inguruan dioenagatik”. Hala, komikian agertzen zaigun istorioak oinarri historiko bat daukan arren, Zugarramurdiko herritarrei gertatutakoa islatu dezakeen fikziozko narrazioa dauka ildo nagusitzat.

“Zugarramurdin gertatutakoa gogoratzen dugunean, maiz, sorgin maltzurraren topikoa etortzen zaigu burura”, argitu du Mindegiak, “eta ahaztu ezin duguna zera da, sutan erre zituzten emakume horiek ez zirela saldu nahi ziguten “sorgin” horiek, Inkisizioaren eskuetan eroritako biktimak baizik. Kristautasunarekin ikusteko gutxi zuen sinesmen propioak zituzten emakumeak, naturaren ezagutza zabala zeukatenak (horietako asko emaginak eta sendagileak ziren) eta, nolabait, inposatu nahi zen sistema kristau, misogino eta patriarkala kinkan jartzen zutenak”.  “Sorgina izateak ez du zertan txarra izan behar”, azpimarratu du Larreak, “askok krimilizatu duten terminoa da”.

Komikiaren helburua, hartara, Inkisizioak erabilitako “sorgin” apelatibo maltzur horren atzean zegoen benetako emakume hori agertzea izan da, Adurrek erran bezala, “prozesua sufritu zuten horientzat justizia berri bat bilatzea”.

Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak, Nabarraldek argitaratzen duen bigarren komikia da, 2016an plazaratutako Eneko Aritza. Lehen errege baskoia-ren ondoren datorrena -azken hau, Joseba Larratxe Josevisky-ren marrazkiekin eta Angel Rekalderen gidoiarekin-. Hamar euroko prezioan jarriko da salgai Durangoko Azokan, baita Nabarralderen webgunean ere. Sarri, liburu-denda nagusietan ere aurkitu ahal izango da.

EGILEAK

Adur Larrea Eguren

(Bilbo, 1982)

Marrazkilaria. Hainbat liburu ilustratu eta komikiren egilea. Komikigintzari gagozkiolarik, hauetan parte hartu du besteak beste: “Okatxu, hegal egiten” Mattin Irigoien eta Asisko Urmenetarekin elkarlanean Argiaren eskutik (2010), Erroa argitaletxeak plazaratutako “Gabriel Aresti Biografikoa” (2015) edo 2017an Bertsolari aldizkariak Mikel Begoña gidoilariarekin batera “Arditutakoak” albuma.

Egun, Aizu! eta Argiako kolaboratzailea ere bada.

Ikusentzunezkoen alorrean, “Euskara Jendea” edo “Jainkoak ez dit barkatzen” dokumentalentzat animazio lanak burutu ditu.

Miren Mindegia Petrirena

(Elizondo, 1985)

Nabarralde Fundazioko komunikazio arduraduna eta editorea da.

Kazetaria ogibidez, Nafarroako Diario de Noticiasen idazten du eta beste komunikabideetan kolaborazioak egiten ditu, hala nola Euskalerria Irratian.

Besteak beste, Xabier Irujoren “Genocidio en Euskal Herria” liburua editatu du, eta gidoilari bezala aritu da “Beloaga, memoriaren behatokia” eta “Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik” dokumentaletan.