Euskal Herrian, bake prozesuaren inguruan eragile politikoek egiten dituzten aldarrikapenetan ikusi dezakegun bezala, lurraldetasunak funtzio berezi bat jokatzen du herrien eskubideen garapenaren inguruan. Gure ikuspegitik, adibidez, logikoa da aldarrikatzea herriek ezin dutela autodeterminazio eskubidea aurrera eraman lurralde konkretu bat, amalur konkretu bat, eduki gabe. Horretaz gain, logikak ere adierazten digu herri batek ezin duela bere askatasun politikoa guztiz lortu toki konkretu batean bere burua kokatzen ez badu. Nola, bestela, burujabetasunak dakartzan botereak (eta erantzukizunak) ezarri? Non eta norengan?
Euskal Herria, Eskualerria, Euskaria, Euzkadi, Nafarroa edota Baskonia alde batera utziz, eta Balkanetara mugituz, historikoki lurraldea, mugak, beti izan dira gatazkaren muinean; Mazedoniaren kasua izan liteke muturrera eraman den adibide bat. Guretzat fruitu entsalada edota nahaste-borrastea dena, albaniarrentzat Albania Handiaren parte da (gaurko Mazedoniaren %30, gutxienez); greziarrentzat, berriz, beren indar historikoaren sorlekua; eta bulgariarrentzat eta serbiarrentzat, Bulgariaren edota Serbiaren hegoaldea da oraindik…
Bosniako gerra zela-eta Serbia Handiaz edota Kroazia Handiaz hitz egiten zenean, lurraldearen kontrol mitikoa behar fisiko bihurtzen zen, eta kontrol mitikoa diot, Balkanen inguruan beste batzuetan idatzi dudanean egotzi dudan bezala, hemen denborak beste errealitate bat daukalako. Denbora Balkanetan lineala izan beharrean, askotan zirkularra baita, iraganean abiapuntua eta helmuga duelarik.
Kroaziarren nazionalismo ultrak, gerra garaian, Kroazia Zvonimir erregearen garaiko lurralde guztietan gobernatzen ikusi nahi zuen. X. Mendearen bukaeran, Kroazia erreinu askea zen eta Bosnia eta Herzegovina osoa kontrolatzen zuen. Beren logikak, beraz, lurralde guzti horiek kroaziarrak zirela zioen, eta Kroaziaren garaipena soilik lurralde horien kontrol osoa edukitzean onar zitekeen.
Serbia, berriz, X. Mendean Bizanzioren pean zegoen eta erreinu izaerarik ez zuen, baina XII. Mendean Stepan Nemanja erregeak Serbiako erreinua gaurko Sandzjaken sortu eta berrehun urtetara, Stepan Dusan erregeak, Serbiako inperioa Konstantinoplako ateetara eraman zuen, gaurko Montenegro, Bosnia eta Herzegovina, Albania eta Mazedonia osoa hartzen zuelarik. Serbia Handi haren pizkundearen ametsak borrokatzeko aitzakia ematen dio oraindik gaur egungo ultranazionalismo serbiarrari .
Estatu nazioen teoriek ez dute Balkanetarako balio, ezinezkoa baita Balkanetako nazio guztiek lurraldetasunaren inguruan dituzten aldarrikapenak Europako mendebaldean sortu ziren XIX. mendeko teoria politikoak erabiliz adiskidetu. Balkanetako nazioen ametsek askotan errealitatetik at daude eta, azken mendeak pasa ez balira bezala, muturreko mistizismo nazionalista batean bizi dira gaurkotasunari muzin eginda. Bosnia eta Herzegovinako azken hauteskundeen emaitzek adierazten duten bezala, bertako kroaziarren eta serbiarren muturreko nazionalismoek bizirik diraute, garai bateko musulmanen, gaur bosniakoak deitzen direnen nazionalismoak bizirik jarraitzen duen bezala, eta niri behintzat ulertezina egiten zait hainbeste maite dudan herri batek behin eta berriro akats berberak egiten ikustea.
Zorionez, sozialdemokratek aurrera egin dute eta diskurtso aurrerakoi eta integratzaile batekin, Bosnian bizi diren herrien arteko desberdintasunak alde batera utziz estatu kohesionatu baten alde borrokatzen jarraitzen dute.
Kosovoko egoeraren ingurua aztertzen denean, Bosnian dagoen Errepublika Srpska askotan aipatzen da, baina, ez dago egoera biak paraleloki jartzeko arrazonamendurik. Egoera biak guztiz ezberdinak dira eta konparaketak egitea soilik Kosovoko biztanleri osoari iseka egitea iruditzen zait. Errepublika Srpska delakoaren atzean dagoen ideia, 1991. urtean Radovan Karadzic kriminalaren buruan sortu zen eta garbiketa etnikoan oinarritzen da. Gaurko Errepublika Srpskak historian inolako oinarririk ez du, eta Bosnia eta Herzegovinako ente autonomo honen izatea gerratearen garaian eramandako garbiketa etnikoan datza soil-soilik. Errepublika Srpskak gaur lurralde finko baten gainean administrazio eskubideak ditu, legitimazio guztien gainetik Daytongo akordioak bere autonomia onartzen duelako. Daytonen gerra amaitu beharra zegoen eta helburu hori lortzeko Bosnia eta Herzegovinako serbiarren aurrean nola edo hala amore eman beharra zegoen. Negoziaketa prozesu batean emandako bidegabekeria da Errepublika Srpska, baina era berean bakea lortzeko eta Bosnia eta Herzegovinak etorkizun bat izateko ordaindu beharreko bidesaria.
Kosovok, berriz, historia luzea du atzean. Erromatarren garaiko Dardania, geroxeago Serbiarrek Kosovo deitu zuten, Kossova deitua izan da, baita ere bere hegoaldeko lurraldeetan Dukadgjini, Gjini dukearen lurraldea, Kosovo i Metohija ere bai eta azkenean Kosovë. Lurraldetasunaren ikuspegitik, Errepublika Srpskaren kasuan ez bezala, Kosovok batasun konkretu eta gutxigorabehera egonkorra izan du azken hogei mendeetan, biztanleriaren ikuspegitik, edo hobeto esanda biztanleriaren atxikimendu identitaroaren ikuspegitik, aldaketa anitzak jasan baditu ere.
Zaila da autodeterminazio eskubidea edota erabakitzeko eskubidearen mugak jartzea. Gure logikak oraindik estatu nazioen teoriaren inguruan mugitzen dira eta gaurko edota atzoko gizarte anitzen aurrean homogeneotasun nahiak errealitatearekin talka egiten du gehienetan. Nortzuk dute erabakitzeko eskubidea, lurraldeek edota gizabanakoek, Kosovo bera, bere biztanle orok edota Kosovon bizi eta gehiengoa duen herri albaniarrak? Eta gehiengoak, gutxiengoaren aurrean bere ikuspegiak inposatzeko aukerarik ba al du? Eta gutxiengoek, gehiengoaren nahiak baldintzatzeko eskubiderik ba al dute?
Balkanetako logikan, indarkeria eta etnizismoa izan dira gehienetan beste kontzeptuen gainetik nagusi, baina aurtengo Montenegroko prozesuak heriotzaren zirkuluari amaiera eman dio, etorkizunari begira, aniztasuna (errealitatea) onartuz. Montenegron etnizismoaren gainetik, estatu nazioaren kontzeptu itxien gainetik, lurraldetasuna irten da nagusi, alde guztien artean, negoziazioaren bitartez aurreko galderei erantzun bat aurkituz, non errealitatean ez legoke ez irabazlerik eta ezta galtzailerik ere. Herritartasunaren kontzeptua izan da Montenegroko prozesuan nagusi eta ez muturreko nazionalismoa, Montenegro Montenegroko biztanle ororen esku dago eta beraiek dute lurraldearen etorkizunaren inguruan erabakiak askatasun osoz hartzeko eskubidea. Ia eredua eskualde osora zabaltzen den eta hurrengo urteetan bestelako Balkanak ezagutzeko aukera dugun.