Ehun Urteko Gerra garaian, Gaztelako Pedro I.a tronutik kanporatu zuen bere anaiorde Enriquek. Bigarrena frantsesen laguntzaz baliatu zenez, Pedrok hauen etsaiengana jo zuen: ingelesak eta nafarrak. Nafarroako Karlos II.ak bere laguntzaren truke Araba, Gipuzkoa eta Errioxa bere erresumara birbatzea lortu zuen, tamalez sei urterako bakarrik.
Evreuxtarrak, Nafarroako tronuan. 1284an Nafarroako Joana I.a (Champagneko Etxea) Frantziako Philippe IV.a le Bel izenez errege izango zenarekin ezkondu zenean, Kapetotarren dinastiari hasiera emango zioten euskal erresuman, agintari frantsesek markatuko zuten garai gogor eta liskartsuan (Irun?eko Nabarreria burgoa erre zuten tartean). Erregeak ez ziren inoiz Nafarroan sartu. Bere seme Luis le Hutin-ek, Nafarroako I.a eta Frantziako X.a, jarraitu zien, eta 1316an hiltzean, erregealdi motzak izan zituzten hiru semek ordezkatuko zuten, 1328an bere alaba Joana oinordeko bakarra geratuz. Lehen aldiz Frantziako Erresumaren historian emakume bat zen tronuko oinordekoa.
Azken erregearen lehengusuak, erregeordeko papera hartu zuenak hasiera batean, Joana boteretik aldendu eta bere burua Philippe VI.a bezala izendatu zuen, Valois Etxeko lehenengo erregea. Nafarroako Gorteek, aldiz, bere erregeak aukeratzen zituzten, eta Joana II.a koroatu zuten 1329an, eta haren heriotzatik hogei urtera, bere eta bere senar Evreuxeko konde Philippen seme-alaben artean Karlos aukeratu zuten, 1350ean: Nafarroako Karlos II.a.
Frantziako eskubideen atzetik. «Nire ama gizona izan balitz, Frantziako errege izango nintzateke» defenditzen zuen Karlosek, 1365ean Saint-Deniseko Hitzarmenarekin tronu frantseseko bere eskubideei betiko uko egin zien arte. Frantziako erregeekin izan zituen borrokaldiak aldiz (Jean II.arekin eta geroago bere seme Charles V.arekin), funtsean Normandiako bere jabegoak defendatzeko izan ziren, bai eta bere aitzindarien beste batzuk berreskuratzeko ere, Champagneko konderria kasu. Bere erregealdiaren lehenengo urteetan Nafarroatik kanpoko interesei garrantzi gehiago eman bazien ere, kontuan izan behar dugu Normandiak ematen zizkion aberastasunak, erresuma nafarrarekin alderatuta, jaso zuenean ekonomikoki erabat ahulduta zegoena, uzta txarrak eta izurri beltza medio.
Ehun Urteko Gerra. Karlos II.aren erregealdia (1350-1387) 1337tik 1453ra iraungo zuen ingelesen eta frantsesen arteko gerra bitartean luzatu zen. Bi potentziek garai hartako liskar dinastikoetan bando baten edo bestearen alde egin zuten: Eskozia, Artois, Flandes, Bretainia… Nafarroako erregeak, behar estrategikoagatik jabego normandoak defenditzearren, ingelesekin bat egin zuen gehienetan. Jean II.ak 1354an Pariseko jauregira gonbidatu ondoren, bera eta bere anaiak hiltzeko prest zegoela jakin zuen, handik ihes eginez. Eta bi urtera Karlos preso hartu zuen Charles printzearen gonbidatua zelarik, bere lau laguntzaileei burua moztuz. 1357an zaldun nafar, normando eta pikardiar batzuek ihes egiten lagundu zioten.
Libourneko Hitzarmena. Gaztelako Pedro I.a erregeak bai bere erresumako noblezia bai Aragoiko Pedro IV.a etsai zituen, eta hauek bere anaiorde baten alde egin zuten: Enrique Trastamarakoa. Hainbat porroten ondoren, 1366an erregea kanporatzea lortu eta bere burua Enrique II.a izendatu zuen. Pedrok Baionara jo zuen, ingelesen eta nafarren laguntza bila, Enriquek frantsesena zuen bitartean.
Irailaren 23an, gaurko egunez, Libournen sinatuko zuen koroa berreskuratzeko laguntza militarraren ordaina: Ingalaterrak, Galesko Printze Beltza (Edward Woodstockekoa) ordezkari, 550.000 florin jasoko zituen, eta Bilbo, Bermeo eta Lekeitioko portuen eta Castro Urdialeseko jaurerriaren jabegoa. Nafarroako erregeari, aldiz, 56.000 florin ordainduko zizkion eta Gipuzkoa, Araba eta Errioxaren zati bat itzuli. Nafarroak ez zuen ahazturik 1200. urteko konkistan gaztelarrek kendutakoa, historian zehar birbatasun aldarria beti egon delarik. Gaztelako Alfonso VIII.a berak 1204ko testamentuan «bidegabekeriaz» lapurtutako lur nafarrak itzuliko zituela idatzi zuen, osasuna berreskuratu bezain laster, ez zuen bete baina.
Nafarroako Erresumaren birbatasun laburra. Ahaide Nagusi arabar eta gipuzkoar askok Karlos II.aren zerbitzura jokatu zuten aurretik, Normandian bere alde borrokatuz kasu. Eta bere aliantzek lortu zuten gaizkileen muga bukatzea, 1200eko konkistak sortutako banaketa sakondu eta zailtzeko zabaldua zegoen bidelapurreta. Beraz, birbatasuna ez zen inposizioz burutu, baizik eta tokian tokiko jaunen laguntzarekin, nafar kontseilariekiko bilera asko tartean. 1367tik aurrera birbatasuna gauzatzen hasi zen, eta Araba eta Gipuzkoako merindadeak antolatu ziren, Juan Perez Ordun?a lehenaren buru, eta Pedro Lopez Murua, Amezketako jauna, bigarrenarena.
Baina 1369ko apirilaren 30ean Enrique II.ak bere anaiorde Pedro hil zuenean, Libournen itzulitako lurraldeak aldarrikatu zituen. 1371n Santikurutze Kanpezu eta Zaldiarango gaztelua menperatu zituen, bigarren hau Gasteiz defendatzeko giltzarri. Hiriburu arabarra, Logron?o eta Agurain Gaztelari ematea sinatu behar izan zuen Karlos II.ak 1373ko abuztuan. Agurain bera 1371n galdu zuen, ustez basailu zuen Gebarako jaun boteretsuari bere ateak ireki zitzaizkionean, eta behin barruan Gaztelaren pean jarri zuenean. Azkenik 1373an Guy Bolulogne kardinalaren epaiak Libourneko Hitzarmenaren aurreko mugak berretsiko zituen.
‘Gaiztoa’. Ia bi mende beranduago historiografia espainolak gaur egun arte nagusitu den el Malo izenez bataiatu zuen, Miluzeko urkamenduak gogoraraziz kasu, eta frantsesek pozez errepikatu dute izen hori, bere garaikide Jean II.a le Bon izendatu zuten bitartean. Nafarroako Karlos II.ak, potentzia nagusiagoen arteko gerra baten erdian, ukatzen ez zaion azkartasunarekin, frantsesek hamaika aldiz eraso egindako jabego normandoak eta gaztelarrek jazarritako Nafarroa mantentzea lortu zuen, helburu handiagoetara ez bazen heldu ere, tartean euskaldunon erresuma birbatu zuelarik.
Berria