Kutsatu baten ardurak

Hona hemen,  Nafarroako herriko lagun batek, agertu zizkidan ardurak.

 

-Aita karlista nuen, ama margarita, margarita totala. Etxean, errege, jaungoiko  eta aberria, besterik ez… Eta nola ez, Franco zital hura. Bai komentu! Batek daki zenbat arrosario, ostia eta meza xurgatutakoak. Gure apal egoitzatik sartzen ziren apaizak, apaiztegitik baino askoz gehiago, eta sotana zahar usainaz, nire etxea josita zegoen…

 

-Zorionez, denboraren poderioz, karpetobetonikoek egin zizkiguten indarkeriak konprenitu nituen eta zer motarako pertsonak, gure ondoko “herrikideak” –¿espainolak gure herrikideak…?-  ziren…

 

– Benetan –erantzun nion- argi eta garbi dago noraino maitatzen gaituzten, kar, kar…! Ez ahaztu gure herria beraientzat “tierra de comanches” dela.

 

– Hitz batez, nire sustraiak eta, batez ere, euskaldun nintzela ikasi nuen. Horrek aldatu zuen nire bizitza. Aitoren semeak, ez Pelaioenak, Abrahanenak edo besteenak. Ez gara ez hobeak ez txarragoak, baino harro sentitzeko, eta horregatik borrokatzeko, nahikoa zen.

 

Euskal Herriari zeozer emateko edo laguntzeko asmoz, politikagintzan sartu zen Ander laguna. Zehatz-mehatz batasunaren –nahiz eta batasuneko kide ez izan- inguruko zerrendan sartu zen.

 

Hor zinegotzia genuen, eta dirudienez gustura eman zion lanari, eta omen ez zela gauza makala…hori bai, azkenean gazi-geza.

 

Badakigu ze nolako tankerak espainolarenak, ETAko ekintzekin.

 

Ziur, nire laguna ohi– soilki etikagatik –nahiz eta kristaua zela aitortu-, baliagarritasunagatik batez ere, bere taldeko kideekin, ez zetorren bat. Oztopo handiak zituen, adierazpenaren momentuan. Hala azpimarratu zien kideei.

 

Azkenik, beste erremediorik gabe, zinegotzia izateari uko egin zion. Dena den, ezker abertzaleen mezua, bere baitan eta betirako, aurkituko dugu. Eta hemen dago koska.

Bildu, hauteskunde-koalizio berria, zerrendak prestatzen, nire lagunaz gogoratu zen. Oker ez baldin banago, azkenean, badaezpada, nire laguna ez sartzea –bere iragana kontuan izan eta gero-  Bilduren arduradunek erabaki zuten.

 

Anderrek sutsu zioen:

-Konturatu zara gure herrian, espainolek pariak bezala tratatzen gaituztela? Inoiz ez nuen deliturik egin eta lege guztiak bete nituen eta begira, kutsatu naiz. Aizu… kutsatu bat naizela!

Benetan, beti betiko Espainia zaharra. Alde batetik goian, hidalgo, jauntxoak eta abar, eta behean jopuak, indioak, beltzak… eta gu kutsatuak, berrogei mila eta piko edo euskaldun guztiak. Beraiei bost axola die horrek.

– Gure itxaropena –esan nion nire lagun Anderri- hau izan behar da: azkenean, lortuko dugu, gure kutsadura gure osasuna izan dadila eta bere gaurko osasuna, ez baldin badute txipa aldatzen, beren kutsadura. Eta bestela, denbora lekuko!

– Hala izan bedi!