Uda honetan, aste bateko epean, iritzi artikulu bat, Twitterreko hari bat eta elkarrizketa luze bat argitaratu dira, denek gogoan eduki behar genituzkeenak.
Lehena, Pako Aristi idazleak Berria-n idatzi zuena agorrilaren 4an: “Euskararen diru kontuak”. Ahoan bilorik gabe dio zein den euskal idazleen prekarietatea, eta zein gaizki zaintzen dituzten instituzioek eta abarrek.
Olatz Salvador kantariak Twitterreko hari zorrotza jarri zuen agorrilaren 8an, xeheki esplikatuz zein diren kontzertu batek eta sormen prozesuak dituzten gastu guztiak… eta beti entzun beharra zein garestiak diren! “EHko talde gehienek dirua galtzen dute proiektua bizirik mantentzeko. Ezer irabazi baino, askotan galdu egiten da. Antolatzaile gisa, zuen esku: kultura bizirik mantentzeko, baldintzak bermatu behar dira kulturgileek arnasa har dezaten. Eta, bestela, itotzera kondenatua dago.”
Ondoko igandean, agorrilaren 11n, Itziar Ugarte Berria-ko kazetariak elkarrizketa sakona egin zien Ximun Fuchs antzerkilariari eta Garbiñe Ubeda idazleari. “Ni, artista gisa lan egiten nuenean frantsesez edo euskaraz, artista bera nintzen; baina, euskaraz sortzerakoan, hiru aldiz gutxiago balio du nire lanak. Hots, ez nintzen arras humanoa euskaraz egiten nuenean”, argitu zuen Fuchsek. “Oso barneratuta daukagu ordaindu behar zaiola argindarra jartzen duenari, oholtza jartzen duenari, baina saioa egiten duenari, hitzaldia eman, kantatu… hari errazago esango diozu: “Merkexeago egidazu, mesedez, kausaren alde”, gehitu zuen Ubedak.
“Ez dago pedagogiarik euskal sormenak maitatzeko; udalek, erakundeek, eskolek ez dute egiten. Eta pedagogiarik ez dagoenean, atzera goaz”, Aristiren ustez. Euskal Herrian euskarazko kulturaren aldeko diskriminaziorik ez dela egiten salatu zuten denek. Aristik dioen bezala, beste herrietan, ordea, “bertako kultura funtsezko ezaugarritzat daukaten nazioetan, hizkuntza propioa” babesten duten “hizkuntza arrotzen aurrean”. Alderantziz gertatzen da Euskal Herrian: anitzez leku gehiago dute espainolezko eta frantsesezko kulturek. Horiek ez dute, alta, Euskal Herriko erakundeen laguntzaren beharrik, Espainia eta Frantzia eta haien kultura industria badituztelako horretarako. Eta euskarak Euskal Herria bakarrik dauka. Euskarak eta euskal kulturak Euskal Herria eta nazioa behar dituzte, eta Euskal Herriak euskara eta euskal kultura. “Hizkuntza eta kultura behar ditugu bestela ez dagoelako gizarterik. Sortzaileak lagundu behar dira gizartean aurrera egiten laguntzen dutelako”, dio Ubedak. “Kulturarik edo arterik gabe, herririk ez da. Nortasuna ez baduzu garatzen, makina bat bilakatzen zara, jan eta kaka egiten duena. Behar baduzu maitatu, kexatu, bizi, oldartu, asmatu, existitu munduan, beharrezkoa duzu zure kultura, zentzu zabalenean”, azpimarratu du Fuchsek. “Gure lan hizkuntzak lotzen gaitu lurraldera, lotzen hari bereziekin naziora, horregatik behar dugu beste inork baino gehiago nazio oso baten inplikazioa gure lanean”, dio Aristik. “Ez da pentsatu behar zer nahi den kulturarentzat, baizik zer nahi den herriarentzat. Maite badut, orduan elikatzen dut. Ez badut pentsatzen zerbait doi bat duina, erran nahi du ez dudala maite nire herria”, dio deblauki Fuchs-ek. Hots, garbiki errateko, euskal kultura behar bezala laguntzen eta sustatzen ez duten erakundeek ez dute maite Euskal Herria. Amerikako Estatu Batuek, adibidez, sekulako inbertsioa egiten dute zineman, Fuchsen arabera: “Euren herria maite dute, gutxienez!”. Euskal Herrian, ordea, Pako Aristik dioen bezala, autoak erosteko ematen dira laguntzak (Jaurlaritzak 5 milioi euro eman zituen), ez liburuak erosteko. Horretan gaude.
Enbata