Europako Batasuneko, EBko, beltzezko gizonak barregarri gelditzen ari dira berriro. Estatuz estatu pribatizaziok derrigortzen, gastu publikoa murriztera behartzen, zor publikoa oztopatzen eta debekatzen edo/eta elkartasun politikak zailtzen ibili diren eta ibiltzen diren beltzezko gizonak barregarri, miserable, kriminal eta, batez ere, Europaren etsai gelditzen ari dira orain berriro, sendagai eta farmako enpresa transnazionalak burutik behera kaka egiten ari zaizkien bitartean.
Garai baten ezkerreko pentsamenduaren ezaugarritzat jotzen zen «inkautazioa, nazionalizazioa edo nolabaiteko publifikazioa» aldarrikatzea; ezkerreko mugimenduek krisialdi eta egoera zailen aurrean berehala «nazionalizazioa» aldarrikatzen zuten eta genuen. Denbora aurrera joan ahala, eskuineko pentsamolde aurrerakoiek ere, «Keynesianismoa» eredu zutelarik, nazionalizazioen jokaera ontzat hartu zuten; onura publikoak beste aterabiderik ez zeukanean edo/eta konpetentziaren arauak zeharo urratuta gertatzen zirenean, eskuin zibilizatuak berak ere ezinbestekotzat jotzen zituen nazionalizazioak. Bera, batzuek marxismoaren izenean eta besteek keynesianismoa zela esanez, denak eta denok nazionalizazioaren alde agertzen ginen. Bestelakoa zen Ultra-eskuinaren eta diktadoreen jokabidea; haiek batzuei —beren arerioei, alegia— zuzenki «inkautatu» eta kendu egiten bai zieten eta besteei —beren aldekoei, jakina— eman eta oparitu.
Noiz arte iraun dute «nazionalizazioen» aldarrikapenek? Aspaldiko erretorika ote dira bada?
Bai zera! Atzo arte iraun dute. 2007-2013 urteetako azken krisialdi basati eta estrukturaletan oraindik bankuen eta industria estrategikoen nazionalizazioak aldarrikatu eta egikaritu ziren. 2017an Banco Popular Español zelakoaren desjabetzea edo expropiazioa bera ezkutuko nazionalizazio bat besterik ez zen izan. Kasu honetan EBk sortutako MUR izeneko erakunde orokor eta goren batek hartu zuen erabakia eta gero, FROB izeneko Espainiako bakuen ustezko babeserako funtsak euro batean saldu zion Banco Santander delakoari. Beraz, Europako Batasunak, EBk hartu zuen desjabetzearen erabakia. Zergatik? Ze ondasun eta onura garrantzitsu defendatzeagatik? Nolatan ez zitzaion merkatuari bere porrotaren edo kiebraren arau eta bidaiak egiten utzi, 2007an AEBetan Lehman Brothers banku erraldoiari utzi zitzaion bezala? Beraz eta laburbilduz, Banku Popular zelakoarena «komunalizazioa» izan zen.
Galdera guzti horien erantzunetan bankuen sistemaren zaintzan jartzen diren aginteak eta bitartekoen mailak daude. Zeinek agintzen du bankuetan eta non eta zertan ez dute agintzen bankuek? Ikusia dago, adibidez, beltzezko gizonen eta espekulatzaileen eta merkatarien Europako Batasunean, EBn alegia, banku batek kiebra jotzeak garrantzi gehiago duela Greziako pentsionistak pentsiorik gabe gelditzeak baino. Baina hori ez da Europa soziala, non argiaren prezioa pandemiako neguan igo zutenak kartzelan egon beharko luketen, behar bezalako «delitu soziala» Zigor Kodean balego.
Eta gaur egun, begien aurrean eta komunikabide guztien atal buruetan daukaguna, berriz, COVID-19ko txertoen ekoizpen eskasia da. Hori eskandalu bat da, aberrazio bat da, gizateriaren kontrako krimen bat da! Badaude Europan —eta Europatik kanpo ere bai—, txerto askoz ere gehiago ekoitzi ahal lituzketen enpresak. Nafarroatik beretik hasita. Patente horiek «komunalizatu» egin beharko lirateke eta kito! Nazionalizatu alegia, baina Europako Batasunaren mailan eta eskuan jarriaz.
Ikerkuntzan eta prestaketan eta frogetan gastatutako dirua izaten da beti patenteen pribatizazioaren arrazoia eta aitzakia… Baina oinarrizko ikerkuntza edo basikoa, %90ean baino gehiago diru publikoarekin egiten da; eta ondoreneko ikerkuntza aplikatua edo ekoizpen atarikoa da enpresek eta merkatariek ekoitzi eta saltzeko prestatzen dutena.
Gauden bezalako pandemia baten kasuan, eta eman omen diren diru-laguntza erraldoiak emanda, patente horiek esku publikoetan jarriak egon beharko lirateke eta txertaketak —ekoiztegatik baldin bada behintzat— hilabete pare batean egin. Gizateriaren osasuna jokatzen denean, irabazpenak, konpetentziaren arauak, merkatuaren erregelak eta EBko beltzezko gizonen aholkuak eta aginduak, hankapetu eta zapaldu egin behar dira.
Egia esan, Trump aroaren amets gaiztotik oraindik guztiz esnatu ez garen honetan, zerbait argi eta garbi baldin badago dagoeneko, merkatuarekiko mespretxua da. Nork egin die irri eta kaka eta pixa gehiago nazio-arteko arantzelei, aduanei edo salerosketei Tumpek baino?
Ondorioz, hona aldarrikapen bat, COVID-19aren kontrako txertoen patenteak «komunalizatu» eta marka txuriko ekoizpenak edo pribatutasuna galdu duten patenteen ekoizpenak bezala landu. Helburua, pandemiaren aurka gizateria zaintzea. Xedea, bi hilabetetan gizarte osoa txertatu ahal izatea.
Berria