Karabakh Garaian memoria historikoaren berreskurapenak, inoiz iraungi ez zen irredentismo saihestezina elikatzen zuen. 1965ean, armeniar genozidioaren berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizun jendetsuak pentsamoldeen bilakaera bizkortu eta “herri bat, errepublika bat” aldarrikapena indartu zuen. Sobietar Batasunaren garaiaren zati handi batean, Karabakheko biztanleria, Armeniarekin zuen loturaren tesia defendatzen aritu da, baina Moskuk beti entzungor eta soraio eutsi die 1923ko mugak berraztertzeko eskaerei. Hala ere, Karabakheko armeniarrek, Gorbatxoven perestroikaren garaian, dena aztertu, birpentsatu eta berritu daitekeela uste zuten.
I-Perestroika eta gatazkaren berpiztea (1988-1991).
1987tik aurrera, noizbehinkako istiluen kopurua azkar hazi zen. 1987ko abuztuan, Armeniako Zientzia Akademiak ehunka mila sinadurarekin prestatutako eskaera batek Karabakh Garaia Armeniako Errepublikara transferitzea eskatzen zuen. Urrian, Karabakheko armeniarrek, desobedientzia zibileko kanpaina bat hasi zuten (Sovkhozeko zuzendari azerbaijandarraren izendapena onartzeari uko egin zioten Chardaklun, Azerbaijango ipar-mendebaldeko herrixkan), alderdiaren tokiko organoek, herrixken aurka errepresio bat egitera eraman zuena. Armeniarren arabera, alderdi azerbaijandarraren zuzendaritzak armeniarrak kanporatu nahi zituen. Albisteak berehala iritsi ziren Erevanera, eta une horretan industria kutsatzaileak ixtea eskatzen zuten manifestazioak egiten ari ziren. Manifestazio ekologista horiek laster bihurtu ziren politiko eta nazionalista, Karabakh Armeniara itzultzeko eskatuz.
Karabakh-Artsakh Mugimenduaren sorrera.
1988ko otsailaren 13an Karabakh-Artsakh Mugimendua sortu zen. Stepanekerteko Lenin Plazan milaka lagun biltzen dituen manifestazio batek Karabakh Armeniako jurisdikzioan sartzea eskatzen du. 1988ko otsailaren 20an Karabakheko Kontseiluak, Armeniako, Azerbaijango eta SESBeko Sobiet Gorenei dei egin zien Karabakh Armeniara transferitu zezaten. Hau Gorbatxoven gobernuaren hirugarren urtean gertatzen ari zen.
Report this ad
Sobietar Batasuna oraindik oso estatu antolatua zen, eta Gorbatxovek glasnost eta perestroika politika aldarrikatu zuen arren, goitik Alderdi Komunistak kontrolatzen zuen. Baina Karabakh Garaiko Oblast Autonomo (KGOA)-ko Kontseiluaren erabaki honek erabat aldatu zuen egoera, Karabakheko armeniarrek, Moskuri, bere barne mugak berrikus zitzala eskatzean, estatu politika behetik gora formulatu baitzuten, Sobietar Batasunaren historian lehen aldiz. Alderdi Komunistaren Batzorde Zentralak (Politburo) Karabakheko herriari matxinatzea leporatu zion. Baina, Politburok tolerantzia berriaren espiritua praktikan jarriz, Azerbaijango Alderdi Komunistako buruzagiei iragarri zien, gatazka gainditzeko, soilik pertsuasio-metodoen bidez jokatu behar zutela, ez indarrez. Baina erretorika hutsa zen; izan ere, atxiloketa masiboen aukera baztertu ondoren, Politburoren kideek apenas zekiten zer egin Karabakheko botere sobietarraren organoaren matxinadaren aurrean, aspaldi ahaztutako lelo leninistara itzultzeko ahaleginean ari baitzen: “Botere osoa sobietei!”. Ordutik aurrera, egiazkoa izan zen gatazka armatura lerratzea, mantsoa baina eztabaidaezina.
Lehenengo manifestazio handia Stepanakerten, 1988ko otsailaren 13an
1988ko otsaila. Sarraskia Sumgait-en.
Otsailaren 21etik 25era bitartean, Armeniako tentsioak areagotu egin ziren Erevango manifestazioei berriz ekin zitzaienean. Chardaklu-ko gertaeren ondoren Armeniako azerbaijandarrak armeniarrek jazarri eta kanporatu zituzten errepublikatik. Bestalde, Karabakhen, egun horietan izandako benetako indarkeria istiluen kopurua ez da inoiz ezagutuko, agintariek istiluak estaltzeko politika zorrotza zutelako. Gatazka 1988ko otsailak 26an piztu zen, Stepanakerten, indarkeria armeniarraren zurrumurruek, azerbaijandar bat hiltzea eragin zutenak, Aghdamera iritsi zirenean, Karabakheko ekialdeko mugatik kilometro batzuetara dagoen hiri azerbaijandar bat. Horren ondorioz, azerbaijandarren eta armeniarren arteko liskar bat izan zen, eta bi azerbajandar hil ziren. Albistea berehala zabaldu zen eta Sumgaitera iritsi zen, Bakutik gertu zegoen hiri industriala, non berriki Armeniatik kanporatuak izan ziren azerbaijandarren zati handi bat bizi zen. Otsailaren 27ko gauean, armeniarren hilketak hasi ziren Sumgaiten.
Hiru egunez, otsailaren 27tik 29ra, Sumgait pogromisten esku egon zen. Poliziak ez ikusiarena egin zuen edo, okerrago zena, hiltzaileei argi eta garbi elkartasuna erakutsi zien. Hiru eguneko istiluetan ofizialki onartutako biktimen kopurua 32 hildakoa izan zen; armeniarren iturrien arabera, gutxienez hamar aldiz handitu da biktima armeniarren kopurua. Sumgaiteko ia hamalau mila armeniar guztiek hiria utzi zuten. Sumgaitetik kanpo, indarkeriaren albisteak Azerbaijango 350.000 armeniar astindu zituen eta milaka armeniar errepublika uzten hasi ziren. Sumgait hiriko tragedia, Azerbaijanentzat ere hondamendi bat bihurtu zen, Karabakheko gertaeren ustekabeko garapenari erantzunez, han piztu baitzen komunitateen arteko indarkeriarik txarrena Sobietar Batasuneko biztanleen oroimenean. Pogromisten ankerkeriek kontraste nabarmena egiten zuten Armeniako manifestazio baketsuekin, eta azerbaijandar arruntak izututa eta lotsatuta zeuden.
Moskutik iritsitako aginduei jarraituz, Sumgait auzia gelditu egin zen auzitegietan, eta prentsak isilik egon behar izan zuen gehienetan. Agintari zentralek zibilak babesteko indarra ez erabiltzeak ondorio larriak izan zituen Kaukasoko eta Erdialdeko Asiako gatazka etnikoen ondorengo garapenean: indarkeriak bere burua justifikatzen zuelakoan, sarraskiak errepikatzeko baldintzak sortu zituen. Argi geratu zen gutxiengo nazional bat bere bizilekuetatik kanporatzea, izuaren mehatxupean, zigorrik gabe geratuko zela. Armeniarren artean Sumgaitek 1915ean Turkiar Gazteek eragindako genozidioaren irudi ezabaezinak ekarri zituen gogora, eta, beren buruetan, azerbaijandarrak Otomandar tropekin identifikatuak izan ziren. Gorbatxoven gelditasun eta moteltasuna, itxuraz Azerbaijanen indarkeria gehiago ez lehertzeko helburuarekin, armeniarrek traiziotzat hartu zuten, bera izan baitzen demokraziak auzi nazionalean ere irabaziko zuen itxaropena sortu zuena. Sumgaitek armeniarrengan izan zuen eragina erabakigarria izan zen: gertaera honek gatazkaren goraldi prozesua atzeraezina izatea eragin zuen. Sumgaiten ondoren ez zegoen atzera bueltarik, batez ere agintari sobietarrek gehiegizko ezbai eta zalantza erakusten zutelako.
1988ko otsailaren 27tik 29ra bitartean, Sumgait hirian armeniarren hilketa masiboak egin ziren, agintari azerbaijandarren laguntzarekin eta SESBeko liderrak egiten uztearekin.
Krisia Armeniako Errepublikan.
1988an, Armenia “Karabakh Batzorde”-aren sorleku bihurtu zen, Gorbatxoven Sobietar Batasuneko lehen oposizio mugimendu handia izango zena. “Karabakh Batzorde”-ko lehenengo kideek, Karabakhen arazoa sobietar sistemaren barnean konpondu behar zela pentsatzen zuten, eurentzat, demokrazia edo Armeniaren independentzia gaiak, soilik, ez ziren existitzen. Baina denborak aurrera egin ahala, argi zegoen sistema sobietarrak ez zuela inoiz Karabakhen arazoa konponduko, eta sistema aldatu behar zela. Eta horrek zatiketa eta aldaketa naturala eragin zuen. Bere buruzagi berriek (Vazgen Manukyan eta Levon Ter-Petrosyan), ia erabat eklipsatu zuten Alderdi Komunista urte amaieran, eta munduko armeniar guztiak, Beirutetik Los Angelesera, helburu nazionalista komunen inguruan batzeko ideiaren eramaileak izan ziren.
Karabakh Batzordeko kideak: Samson Ghazarian,Samuel Gevorkian, David Vardanian, Papken Ararktsian, Hambartsum Galtsyan, Levon Ter-Petrossian, Khachig Stambultsyan eta Alexander Akopian.
Gorvachov eta bere gobernua oso aztoratuta eta nahasita zeuden, Armenian bere autoritatea galdu zuela bistakoa baitzen. Beraz, “Politburo”-ren martxoaren 21eko bileraren zati handi bat hura nola indartu eztabaidatzen aritu zen. Gorbatxovek Armeniako eta Azerbaijango alderdi komunisten buruzagiak kargutik kentzea erabaki zuen, eta jende integratzaileagoarekin ordezkatu zituen. Bestalde, Martxoaren 23an, Sobietar Batasuneko Sobiet Goreneko Presidentumak, Batasuneko erakunderik altuena dena, Karabakheko Sobietak Armeniara batzeko egindako eskaerak arbuiatu zituen apelazio aukerarik gabe. Armadako tropak Armeniara bidali zituzten protestei aurrea hartzeko edo, hala badagokio, sakabanatzeko. Armeniarren frustrazioa larriagotu egin zen.
Erevanen, Gorbatxovi erantzunez: “Armeniarrak ez dira, ez gara muturreko pertsonak”
1988ko maiatzean, Armenia eta Azerbaijanen arteko konpromiso batera iristeko azken ahalegin serioa egin zen. Bai, proposamen pragmatiko eta errealista bat egon zen, arrakasta izateko zorian egon zena: Karabakhen estatusa Errepublika autonomo batenera igotzen zen bere tokiko parlamentuarekin, bere konstituzio eta bere gobernu propioarekin, baina Karabakhek Azerbaijanen parte izaten jarraitu beharko luke. Azken saiakera honek porrot egin zuen. Armenian eta Azerbaijanen buruzagi berriak izendatzeak ez zuen krisiari amaiera ematen lagundu. Harutyunyan buruzagi armeniar berriak berehala ulertu zuen sentimendu nazionalista nagusia, eta kargua hartu eta astebetera, 1988ko maiatzaren 28an, lehen aldiz utzi zuen Erevanen zintzilikatzea Armeniako lehen Errepublikako bandera debekatua: gorri-urdin-laranja hirukia. Ekainaren 15ean, Armeniako Kontseilu Gorenak formalki onartu zuen Karaba Garaia Armeniari eranstea. Uztailaren 12an, Karabakheko Kontseiluak, Azerbaijan eskualdetik alde bakarreko erretiratzearen alde bozkatu zuen. Gainera, orain arte Karabakh Garaiko Okrug Autonomo deitzen zena, aurrerantzean “Artsakh izeneko Armeniar Eskualde Autonomoa” deituko zela erabaki zuen. Kalean sobietarren aurkako oihuak eta Karabakh Batzordeak bultzatutako manifestazioak gero eta indar handiagoa hartzen ari ziren.
Uztailaren 18an, Sobiet Goreneko Presidiuma Moskun bildu zen gai honi buruzko azken erabaki bat hartzeko: Azerbaijanen barne mugen bortxaezintasuna eta lurralde osotasuna berresten ditu Nagorno-Karabajek Azerbaijanen parte izaten jarraitzen eta jarraituko duela ondorioztatuz. Bestalde, Gorbatxovek erabaki zuen Moskuko gobernu zuzena Karabakhen inposatzea beste aukerarik ez zuela. Arkady Volsky industrialariak Karabakhen Politburo-ren ordezkari izatea onartu zuen “sei hilabetez”; azkenean, ia urte eta erdiz bertan egon behar izan zuen. Erabaki honen aurrean, Karabakh Batzordeak, taktika aldatu zuen, borroka luze baterako plan bat hartuz, eta erakunde nazional bat eratzen hasi zen, “Armeniar Mugimendu Nazionala” izena jaso zuena. Bere programak, Armenian eskala handiko erreformak ezartzea aurreikusten zuen, errepublikaren independentzia lortzeko lana finkatu ez zen arren. Erantzun gisa, Moskuk Barne Ministerioko tropak bidali zituen Erevanera eta etxeratze agindua ezarri zuen.
Arkady Volsky, Politburo-ren ordezkaria Karabakhen
Indarkeriaren gorakada.
1988ko udazkeneko gertaerek erakutsi zuten Gorvachovek hartutako neurriek ez zutela inolako eraginik izan:
- Karabakhen, Volskyren borondate onak ezin izan zuen gainditu bi komunitateen artean jada aitortuta zeuden etsaigoen errealitate gogorra. Hurbileko herrixka batean gertatutako liskar odoltsu batek, Karabakheko bi hiri nagusietan zeuden gutxiengo etnikoen zoritxarreko zoria iragarri zuen: laster, armeniar guztiak Shushatik kanporatuak izan ziren, eta azerbaijandar guztiak Stepanakertetik.
- Armenian, armeniarrek gutxiengo azerbaijandarrari aurre egin zioten eta Armeniatik kanporatu egin zituzten. Armeniako biztanleria azerbaijandarrak gatazkan ez zuela sufritu uste da. Askok alde egin zuten modu baketsuan, eta Erevanen liskar etniko gutxi edo bat ere ez zen izan, baina oso azerbaijandar gutxi zegoen Erevanen bizitzen eta erraza izan zen segurtasun indarrentzat ordena mantentzea. Landa-eremuetan, berriz, indarkeria-istiluak orokortu egin ziren. Talde armeniarrek herri azerbaijandarrak asaltatu zituzten, 127 egoiliar hil eta euren etxeak erre. Urtearen amaieran, dozenaka herrixka zeuden abandonatuta Armeniako landa-eremuetan. 160.000 azerbaijandar eta kurdu, Armenian bizi zirenak, kanporatuak izan ziren. Armeniako Alderdi Komunistako funtzionario askok eta Karabakh Batzordearen aldekoek aktiboki parte hartu zuten azerbaijandarren deportazioan. Azaroaren 22an, Armeniako parlamentua desegina izan zen eta larrialdi egoera ezarri zen Erevanen helburu argi batekin: Karabakh Batzordea zanpatzea eta buruzagitza komunista indartzea.
- Azerbaijanen, biztanleriaren hiru segmentu ezberdinen elkarrekintzak ezaugarritzen zuen dinamika soziala. 1-Hiri-masa baztertua, tradizioz islamikoa izan den landa-bizimodutik erauzia eta delituz kutsatutako industria-hirietan murgildua. Matxinada eta fanatismora makurtua kanpoko oldarraldi baten eraginpean (armeniaren aurkako ekintzak kasu). Garai lasaietan, pasiboa zen, eta ez zion axola gobernatzen zuen edozein botereri. “Klase baxu” horiek laster ugaritu ziren errefuxiatuen etorrerarekin. 2-Bakuko elite intelektual-burokratikoa, XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan gero eta gehiago errusiartutakoa. Alderdi komunista eta alderdikide ziren eliteak plebe ilunaren beldur ziren, eta, sarritan, euren haserrea armeniarren aurkako pogromoetara bideratzen zuten, eta azken finean, Karabakheko armeniarrak gizartearen gaitzen errudunak direla sinestaraziz. 3-Bestalde, bazen azerbaiyar intelektualitate bat, sarritan probintziakoa eta landa-jatorrikoa, ideologia panturkoa eta mendebaldar aldekoa, 1918-1920ko Azerbaijango Errepublika iragankorraren adibidean inspiratzen zena.
Bada, Bakuko intelektualitatea Bakuko Zientifikoen Klubaren inguruan bildu zen, 1988ko udan “Azerbaijango Fronte Popularra” sortzeko ekimen talde bat sortu zuena. Bestalde, Bakun egiten ziren manifestazio masiboak Neymat Panakhov langilearen “Varlyg” erakunde erradikalak zuzentzen zituen. Alderdi komunista azerbaijandarra ezinean zebilen bi indar hauen aurrean. Azerbaijanen, “Karabakhekiko armeniarren anexio progresiboaren” berriak manifestazio masiboak eragin zituen. Azaroaren 24tik 25erako gauean, sobietar tropak Bakun sartu ziren eta larrialdi egoera ezarri zuten. 1988ko azaroaren amaieran, Azerbaijango errefuxiatu armeniarren exodo masibo bat hasi zen; bi astetan, 180.000 armeniarrek utzi zuten errepublika. Beraz, 1988ko amaierarako, bi errepublikek beren populazioak “garbitu” zituzten ia erabat talde etniko desatseginetatik libratuz.
Lurrikara Armenian eta Karabakh Batzordeko kideen espetxeratzea.
Abenduaren 7an, epizentroa Spitak hirian zuen lurrikara batek 1.500 herrixka eta 35.000 etxe suntsitu zituen, eta 24.817 pertsona hil. Moskuk hondamendi naturala aprobetxatu zuen Karabakh Batzordeko hamaika kide atxilotzeko. Moskura eraman zituzten eta sei hilabetez badaezpadako espetxe batean eduki zituzten. Bakun ere atxilotu zituzten azerbaijandarren oposizio mugimenduko hainbat buruzagi (Panahov, Gatami). Armeniar eta azerbaijandar mugimendu nazionalen “bultzatzaileak” atxilotu ondoren, Kremlina bi herrien begikotasuna lortzen saiatu zen, alde bakoitzaren eskariak partzialki betez. Karabakhen, Moskuk Arkady Volskyren “erregimen bereziari” Administrazio iraunkorraren estatusa eman zion.
Volsky Karabakheko Administrazio Berezirako Komitearen buru izan zen, alderdiaren tokiko organoak desegin ziren kontzentrazio eta mitin politikoak debekatuz. Sortu berri den Batzorde Bereziak Barne Ministerioko tropak zituen bere esku, 4.000 pertsona inguru ordena publikoari eusteko. Karabakh Batzordeko armeniarrak maiatzean aske utzi zituzten. Erabaki horiek funtsezkoak izan ziren hurrengo sei hilabeteetan egoera baretzeko. Baina, aldi horretan zuzeneko liskarrik eta istilurik egon ez zen arren, Karabakhen auziari konponbide iraunkor bat aurkitzeko saiakerarik ere ez zen egin. Hartutako neurriak urriak izan ziren, gatazkari aldi baterako amaiera eman zioten, arazoari bere osotasunean aurre egiteko ahalegin seriorik egin gabe. Aukera bat galdu zen.
1988ko abenduaren 7a, asteazken goiz freskoa. Lurrikara gertatu zenean, jendea lanean edo hezkuntza erakundeetan zegoen. Gyumriko erloju hau lurrikara hasi zenean gelditu zen.
Gatazkaren militarizazioa.
Abuztuaren 16an, Stepanakerten egindako mitin batean, Karabakheko armeniarrek 79 kideko Kontseilu Nazionala aukeratu zuten, eta aurrerantzean herrialde osoaren agintea eta boterea hartuko zutela iragarri zuen. Karabakh Garaia lur jota zegoen. Orain lau agintari zeuden eskualdean: Volskyren Komite Berezia, bi batzorde armeniar eta bat azerbaijandarra. Karabakheko biztanleak arma militar txikiekin armatzen hasi ziren, bi komunitateen arteko liskar armatuak areagotu egin ziren eta hildakoen kopurua etengabe hazten hasi zen. Talde armatuen arteko liskarrak eta tiroketak salbuespen baino gehiago arau bihurtu ziren, eta Sobietar armadak egoera lasaitzeko egindako saiakerak (arma bila kontrol postuak ezarriz eta autoak eta herriak miatuz) alferrikakoak izan ziren. Gainera, armadaren aurreratze-postuak sarri eraso zituzten paramilitarrek, eta, beraz, arma kopuru handiak iritsi ziren mailaz maila bi aldeetako milizien eskuetara.
1989ko udazkenean, sobietarren buruzagitza askoz ere kezkatuago zegoen Azerbaijanekin Armeniarekin baino. Fronte Popularra indartu egin zen Azerbaijanen: oposizioak eta alderdiko zuzendaritzak Volsky batzordea desegitea eta Karabakh Garaia Bakuko kontrol zuzenera itzultzea eskatu zuten. Azaroaren 28an, zuzeneko aginte sobietarra ezeztatu zen; izatez, Moskuk Karabakhen gobernagarritasunean izan zuen porrotaren aitorpen bat zen, baita Karabakheko armeniarrak zortearen eskuetan uztearen isilbidezko onarpena ere. Honela, Karabakh Garaia (KGOA) azerbaijandarren kontrolera itzulia izan zen, eta Bakutik gobernu militar bat lanean hasi zen. Armeniarrek gogor erreakzionatu zuten abenduaren 1ean Karabakh Armeniarekin batzea aldarrikatuz.
Tragedia Baku hirian. Urtarril beltza.
1990eko urtarrilaren 9an, Armeniako Parlamentuak bere aurrekontuaren barruan Karabakh sartu zuen. Gertaera honek kate erreakzioak eragingo ditu Bakun eta datozen asteetan hiri hau munduko arretaren eszenatoki bihurtuko da. Hilaren 11n, Fronte Popularrak manifestazio bat antolatu zuen gobernuaren jarduera eza eta moteltasuna salatzeko, eta 13an eta 14an, Armeniatik etorritako errefuxiatu azerbaijandarrek pogromo bat hasi zuten armeniarren aurka, 88 pertsona hil ziren gutxienez. Milizia sobietarrak ez zuen ezer egin.
Urtarrilaren 14an, Armeniatik etorritako errefuxiatu azerbaijandarrek pogromo bat hasi zuten armeniarren aurka
Urtarrilaren 20an 29.000 soldadu sobietar baino gehiago sartu ziren Bakun. Ondorengo kaosean eta hiriko erresistentziaren errepresio bortitzean, hildakoak, lehenik, 83ra igo ziren, ondoren ehun baino gehiagora iturri ofizialen arabera, eta 500 baino gehiagora, baita milaka ere, iturri armeniarren arabera. Bitartean, larrialdi egoera aldarrikatu zuten Karabakhen, eta milaka soldadu bidali zituzten hara. Ondoren, Dimitri Yazov Sobietar Batasuneko Defentsa ministroak prentsaurreko batean onartu zuenez, “Baku hiriaren okupazio militarra Azerbaijango Fronte Popularrak Alderdi Komunistaren boterea hartzea saihesteko diseinatu zen”. Urtarril Beltzeko gertaerek eragin handia izan zuten herrialde osoan. Zentroak Sobietar Batasuna astintzen zuten arazoei aurre egiteko gero eta gaitasun gutxiago zuela erakutsi zuten. Agintariek armeniar pogromoei amaiera emateko larrialdi egoerarik ez ezartzeak, eta tragedia gertatu ondoren egin izanak, euren zinismoaz, eskumenik ezaz edo bi gauzez hitz egiten du.
Ia milioi erdi pertsona joan ziren Bakuko hiletara urtarrilaren 22an, biktimen oroimena omentzeko.
Egoera kaotiko honetan, garai hartan Baltikoko errepubliketako fronte popularrak bultzatzen zituzten buruzagiek, otsailaren 3an Rigan, euren homologo azerbaijandar eta armeniarren (Azerbaijango Fronte Popularra eta Armeniar Mugimendu Nazionala) arteko bilera bat hitzartzea lortu zuten. Beraz, bilera arrakastatsua izan zen, bilera bera egin zelako; hala ere, emaitza ez zen hain arrakastatsua izan. Izan ere, aurrekari bat ezarri zuen, nolabait, aldeek gatazkarekiko zuten jarrerarentzat: armeniarrek herriek autodeterminaziorako duten eskubidearen printzipioa aldarrikatu zuten, eta azerbaijandarrek lurralde-osotasunaren printzipioa aldeztu zuten.
Baina, ordurako, argi zegoen Armenia eta Azerbaijan beren indarrak indartzen ari zirela gatazkari konponbide militarra emateko. Alderdi paramilitarren hazkundeak, batez ere armeniarren artean, eta haien armamentu gero eta handiagoak, gatazka militarraren gorakada atzeraezina izatea eragin zuten. 1991ren hasieran, liskar armatu sakabanatuak izan ziren eskualde osoan, eta dozenaka pertsona hil ziren. Ekintza horiei erantzuteko, udaberrian eta udan disuasio-izaerako operazio militar bateratu sobietar-azerbaiyarrak egin ziren (Moskutik koordinatuta, baina Bakutik bultzatuta). Txostenen arabera, ekintza horiek “bilaketa operatiboak” ziren, paramilitarrak desagerrarazteko. Baina ekintza horiek, “Eraztun Operazio” delakoen barruan planifikatuak, basakeria handiz eta giza eskubideen urraketa sistematikoekin egin ziren. Basakeria horien ondorioz, Karabakh iparraldeko (Shaumyan, Khanlar) 24 herrixka armeniar “garbitu” egin zituzten, 30 hildako eta 5.000 armeniar deportatuz. Laburbilduz, sobietar armadako unitateek, SESBeko Barne Ministerioko barne tropekin eta Azerbaijango istiluen aurkako poliziarekin batera, “Eraztun Operazio”-a aurrera eraman zuten, eta armeniarrak ahalik eta kokaleku gehienetatik deportatzeko asmo irmoa zuten.
“Eraztun Operazio” edo argi eta garbi hitz eginez, “Garbiketa Etnikoa” esan nahi duen termino teknikoa
Karabakh Garaiaren independentzia.
1991ko abuztuaren 19tik 21era gertatutako Moskuko kolpe saiakerarekin, SESBek heriotza-ukaldia jaso zuen. Armeniarrak eta azerbaijandarrak, sobietar herri osoa bezala, mundu zeharo ezberdin batean aurkitu ziren, kolpe saiakeraren ondoriozko kaosaren ondoren. SESBeko errepublikak subiranotasun adierazpenak hartzen hasi ziren. Azerbaijanek independentzia aldarrikatu zuen abuztuaren 30ean. Hiru egun geroago, irailaren 2an, Karabakh Garaiko Kontseiluko ordezkariek esan zuten, Sobietar Batasunaren legearen arabera, eskualde autonomoek estatu independente sortu berriengandik bereizteko eskubidea dutela, eta, beraz, Karabakh ere independente dela. Irailaren 21ean Armeniak ere independentzia aldarrikatu zuen. Karabakheko auzia nazioartekotzearen ondorioz, Boris Yeltsinek gatazkan dauden aldeak bildu eta bake-tratatua sinatu zuen Zheleznovodsken. Akordio hauskorra izan zen. Azaroaren 20an hautsi zen, hogeita bi bidaiari zeramatzan helikoptero azerbaiyar bat Karabaj hegoaldean erori zenean, ustez armeniarren artilezko su batek jota. Azaroaren 26an, Azerbaijango Kontseilu Nazional berriak Karabakhen estatus autonomoa ezeztatu eta Azerbaijango eskualde normal bat zela adierazi zuen, eskubide berezirik gabe. Erantzun gisa, Karabakheko armeniarrek independentziari buruzko erreferenduma egin zuten abenduaren 10ean, eta 108.615 pertsonak bozkatu zuten Karabakh Garaiaren independentziaren alde, eta 24k bakarrik aurka.
Subiranotasun adierazpen hauek gertatzearekin batera, sobietar tropak Karabakhetik erretiratzea gertatu zen. Beraz, aurrerantzean, bi aldeak zuzeneko liskarrean gelditu ziren. Sobietar Batasunak existitzeari utzi zionetik, Moskuk beligeranteengan zuen eragin baketsuaren zati bat ere desagertu zen. Hau, Azerbaijanentzat, hondamendi bat izan zen, bere prestakuntza militar maila, Armeniakoarekin alderaezina baitzen. Armeniarrak konbentzituta zeuden orain arazoa beren alde konpon zezaketela, armada azerbaijandarra erabat desantolatuta eta moralki ahulago zegoelako.
II-1992-1994ko gerra.
Karabakheko krisia bere puntu gorenera iritsi da. Arazoa krisiaren kalifikazioan bertan datza. Argi eta garbi ulertu behar da ez dela Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazka, baizik eta Karabakh Garaiako herriaren askapen nazionalaren mugimendua, izatez, herriak bere lurraldean biziraupen fisikoaren alde duen borroka. Karabakh ez da objektu bat, gatazkaren subjektu bat baizik, eta konponketa baketsu bati buruzko edozein negoziazio, Karabakhen ordezkari baimenduek parte hartu gabe, ez da eraginkorra izango. Hala ere, Sobietar Batasunaren kolapsoak, Armenia eta Azerbaijan, euren artean gerran zeuden estatu independente bihurtu zituen, baina armada nazionalik gabe. Armeniak gatazkan parte hartzea ukatu zuen arren, gertakariek adierazi zuten Karabaj, aurretik sobietarrak ziren indarren berehalako erretiratzearekin, pixkanaka, Armenia eta Azerbaijan estatu berrien arteko eskala handiko gerra bihurtu zenaren eszenatoki bihurtu zela.
Gerra hasiera eta Khojalyko sarraskia
Karabakhen independentzia aldarrikatzeak, Armeniako boluntario gehiago bere mendietara joaten lagundu zuen, bere bihotzen deiara eta abertzaletasun zentzu bategatik hara joan zirenak. Armeniarrek armak hartu zituzten eta Karabajen zeuden unitate militar sobietarren armategiak bereganatu zituzten. Gerra berez garatu zen, bat-batean, eta inoiz ez zen ofizialki deklaratu; araurik eta betebeharrik ezak gerra izugarri krudel bihurtzen zuen. Bi aldeak, hildako etsaiei belarriak mozteko praktikara itzuli ziren gerra garaikur bezala, XX. mendearen hasieran Andranik armeniar mugimendu partisanoaren liderrak erabili zuena.
Otsailaren 27an, armeniar tropek, sobietar armadaren antzinako erregimentu motorizatuaren laguntzarekin, Khojaly hiria gune txiki baina estrategikoki garrantzitsu bat okupatu zuten, Agdam eta Stepanakert artean zegoena. Hiriko biztanle zibil gehienak, erasoaren aurretik 7.000 zirenak, mutilatu eta hil egin zituzten, gainontzeko biztanleek mendietara ihes egin behar izan zuten euren bizitzak salbatzeko. Garbiketa etniko gehienekin gertatzen den bezala, erasotzaileak erakutsitako ankerkeriak helburu bikoitza zuen: lehenik eta behin, eremu jakin bateko biztanleak beren bizilekuak uztera behartzea eta inoiz hara ez itzultzea, eta, bigarrenik, inguruko herrietako biztanleak beldurtzea, ekintza horien beldur, beren etxeak ere utz zitzaten.
Tragediaren irudiak Khojaly hiri inguruan
Gerra-eskalada (1992ko abuztutik 1993ko irailera)
Khojaly hiriko sarraskiaren ondorengo hilabeteetan, Karabakheko armeniarrek, euren eraso ekintzak jarraitu zituzten, batzuetan, armeniar armadako unitate erregularren laguntzarekin. Maiatzean, Shusha eta Lachin hiriak konkistatuak izan ziren, Armenia eta Karabakh artean korridore bat sortuz. Ordura arte, bi erakundeak bananduta egon ziren, Karabakh eta Armenia banatzen zituen korridore estuan azeriar militarrak zeudelako, eta egoera horrek zaildu egiten zuen Armeniako hornidurak Karabakhera iristea. Beraz, logistikaren ikuspegitik, lotura hori funtsezkoa izan zen gerraren etorkizuneko garapenerako. Ikuspegi militar eta politikotik ere, ekitaldi hau oso garrantzitsua izan zen. Karabakh orain Armenian sar daiteke (armeniartu), baina arrazoi politikoengatik oraindik ukatu egiten da integrazio hori. Garai haietan bazegoen aurrekontu komun bat bi erakundeentzat, eta, gaur egun, Karabakhen aurrekontuaren % 85 baino gehiago Armeniako gobernuak ematen du, diru-sarrera nazionalaren % 5etik % 10era gastatzen baitu Karabakhen.
Karabakheko lurraldearen kontrola 1992. urtean zehar
1993ko martxoan eta apirilean, Karabakheko armeniarrek eraso handi bat egin zuten, Armeniako Errepublikako indar armatuek lagunduta. Apirileko lehen egunetan, Kelbajar hiria, nagusiki azerbaijandarrek eta gutxiengo kurdu batek populatua, atzemana izan zen. Handik aste batzuetara, Fizuli, Karabakh hego-ekialdean biztanle azerbaijandar homogeneoak zituen beste lurralde bat, egun gutxi batzuetan hartu zuten. Garaipen militar harrigarri hauen ondoren, armeniarrek su-etena aldarrikatu zuten 1993ko apirilak 16an. Erasoaldi honek, armeniarren lidergoan zeuden ezberdintasunak areagotu zituen: Ter-Petrosyan presidentea, gatazkaren konponketa diplomatiko baten aldekoa zen, aldiz, Manukyan Defentsa ministroa eta Karabajeko armeniarrak, frontean lortutako lorpen militarrak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen ziren.
Karabakheko lurraldearen kontrola 1993. urtean zehar
Bitartean, egoerak nazioarteko arreta erakarri zuen eta Boris Yeltsin hiru aldeko negoziazioak egiten saiatu zen. Ordurako, gatazkak itxaropenik txarrenak gainditu zituen. Etxetik indarrez kanporatutako azerbaijandarren kopurua milioira hurbildu zen. Gero eta nabarmenagoa zen Karabakheko armeniarrak ez zirela Karabakh Garaiaren kontrolarekin bakarrik konformatuko, ezta Armeniako korridore estu batekin ere. Karabakh eta Armenia lurraldeka irmoki lotu nahi zituzten, euren bateratzea burutua izan zedin.
1993ko apirilaren 30ean, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Karabakheko gatazkari buruzko lehen ebazpena eman zuen. Bi borrokalariei liskarrak eteteko dei batean, ebazpenak Armeniari dei berezi bat egiten zion, Kelbajar hiriko “okupazio indarrak berehala erretiratzea” eskatzen zuena. Errusiak, Estatu Batuek eta Turkiak elkarrekin egindako bake plan bat proposatu zuten, Armenia eta Azerbaijango gobernuek onartu zutena. Plan honen arabera, armeniarrek euren tropak Kelbajar eskualdetik erretiratu behar zituzten, Karabakhentzako segurtasun bermeen truke. Ekainaren 14an, Ter-Petrosyan buruzagi armeniarra Stepanakertera joan zen Karabakheko armeniarrak bake plan hau onar zezaten konbentzitzeko. Eztabaidak sutsuak izan ziren, eta tokiko parlamentuak bake planaren alde egin zuen, baina hilabeteko atzerapena eskatu zuen plana ezartzeko. Arrazoi on bat zuten zuhurtziaz jokatzeko: Azerbaijan fronte militarraren paralisira eramango zuen borroka politiko baten eszenatoki bihurtzeko zorian zegoela ikusi zuten. Eta horrela gertatu zen.
Ekainean, Abulfaz Elchibey Azerbaijango presidentearen erregimenaren kolapsoa oso azkar gertatu zen. Anaiarteko borrokak eta matxinadak ekainaren 24an amaitu ziren, Heidar Aliyev boterera iritsi zenean. Armeniarrak, Bakuko krisi politikoaz gupidarik gabe baliatu ziren, eta, beraz, Karabakheko frontea ia babesik gabe geratu zen. Elchibeyren aurkako altxamendua hasi eta gutxira, Aghdam hiriaren aurkako eraso bat egin zen. Ekainaren 27an, armeniarrek Mardakert hiria eta Karabakh iparraldeko lurraldearen zatirik handiena hartu zuten berriro, gatazka armatuan zehar oso kaltetua eta suntsitua izan zena. Uztailaren 23an, ia erresistentziarik aurkitu gabe, Aghdam hiria okupatu zuten. Hilabete beranduago, armeniar tropak hegoaldera joan ziren eta Fuzuli eta Jabrayil harrapatu zituzten. Azkenik, lau hilabeteko borroketan, Bakuko botere aldaketa gertatzen zen bitartean (1993ko urriak 3an Heydar Aliyev Azerbaijango presidente aukeratua izan zen), azerbaijandarrek bost eskualde galdu zituzten, baita Karabakh Garaiko iparraldeko zati osoa ere. Azerbaijanek bere lurraldearen 5 mila km2-ko azalera galdu zuen. Erasoaren ondorioz, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan izan den errefuxiatu-boladarik handienetakoa izan da, 350 mila pertsona inguruk etxea galdu baitzuten.
Gerran aritu izanaren ondoriozko akidura (1993ko irailetik 1994ko maiatzera)
Report this ad
1993ko udazkenean, azerbaijandarrak euren armadaren indarra eta erasorako gaitasuna berreskuratzen saiatu ziren, jada gerraren ondorioz oso murriztuta zegoena. Karabakheko gerraren azken fasea, 1993ko abenduak 17an hasi eta 1994ko maiatzak 12ra arte iraun zuena, odoltsuena izan zen. Bi aldeek benetako armadak zituzten gerra bat izan zen: armada azerbaijandarrak ehun mila soldadu zituen eta armeniarrak hogeita hamabost mila. Lehen aldiz, bi aldeek, gerraren garapenean izan zituzten hildako ugariek akiturik, gudu basatietan milaka hil ziren errekluta gazte eta esperientziagabeengan konfiantza izan zuten.Lehen aldiz, bi aldeek, gudu basatietan milaka aldiz hil ziren errekluta gazte eta ezadituengan konfiantza izan zuten. 1994ko neguko kanpainaren ondorioz, frontearen lerroa ez zen aurreko eraso operazioen ondoren bezain nabarmen mugitu, Azerbaijanek, iparraldeko eta hegoaldeko bere lurraldearen zati txikiak bakarrik berreskuratu ahal izan baitzituen. Hala ere, galeren zerrenda nabarmen hazi zen: azerbaijandarrek 4 mila pertsona inguru galdu zituzten operazio honetan, eta armeniarrek, berriz, 2 mila inguru. Armeniarrak eta azerbaijandarrak leher eginda zeuden gerrarekin. Su-etena maiatzaren 12an iritsi zen, aldeek Bishkekeko Protokoloa sinatu zutenean.
Karabakheko lurraldearen kontrola 1993ko udazkenean
Baina Protokolo hori ezartzeko ez zen gatazka-eremura bakea mantentzeko nazioarteko indarrik eraman, ezta zen inolako akordio politikorik sinatu ere. Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundea (ESLA)-ko Minsk Taldeko bitartekariek lortu ahal izan zuten gehiena, Armeniako, Azerbaijango eta Karabakheko buruzagi militarrek uztailaren 26an sinatutako su-eten mugagabeko “akordio berria” izan zen. Bi aldeek, pixkanaka, euren mugako defentsak indartu zituzten, frontearen lerroa munduko gotortuenetako bat bihurtuz. Gatazka izozte fasean sartu zen.
Egia esan, 1994an sinatutako su-etenak egonkortasun erlatiboko bi hamarkada ekarri zituen. Baina oreka hauskor hori nabarmen okertu zen denborak aurrera egin ahala. Azerbaijanek status quo-arekin zuen frustrazio gero eta handiagoa kontraesan nabarmenean zegoen Armeniak zimentatzeko egiten zituen ahaleginekin. Gerra-eztanda berria denbora kontua besterik ez da izango.