Kanpoko portua ez den irtenbide bat eskatu du aditu talde batek

Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako agintariekin bilerak egin dituzte, eta zalantzak adierazi dizkiete proiektuari buruz

Pasaiako portuko zuzendari bat eta jarduera arduradun ohi bat daude sustatzaileen artean

Pasaiako_kanpoko_portuaren_proiektuaren_maketa

Egungo egoera ekonomiko eta sozialean Jaizkibelgo itsas labarretan kanpoko portua egiteak kezka sortu die sektorea ondo ezagutzen duten eta «Gipuzkoaren geroarekin arduratuta» dauden hamasei adituri. Ekonomialariak, ingeniariak, ingurumen aholkulariak, portuko kudeatzaileak, EHUko irakasleak, abokatuak, arkitektoak… Guztiak bat datoz: Pasaiako badiaren biziberritzea ez da zertan lotu kanpoko portuarekin. Hain zuzen ere, orain arte erakunde eta agintarien lehentasunezkoa izan den proiektu horren aldeko politikak ez daude behar bezala argudiatuta: «Erakunde batzuek ez dute gaia behar bezala landu, eta ez dira sakon aztertu aukera guztiak. Azterketa hori egitea behar-beharrezkoa da». Azpimarratzekoa da sinatzaileen artean daudela Pasaiako portuko zuzendari ohi bat (Francisco Miner) eta jardueren arduradun ohi bat (Juan Gutierrez).

Apirilean eta maiatzean Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako erakundeetako arduradunekin hainbat bilera egin dituzte lobby-a eratu duten hamasei lagunek. Denei eskari bera egin diete: «Zuhurtzia eta gogoeta ardatz hartuta, jarrera maximalistak eta argudio ahulekoak alde batera uzteko. Aldi berean, erdibideko alternatiben inguruko eztabaida onar dezaten, badiako biziberritzearen helburua lortzeko kanpoko portuak eragingo lukeen kalte larririk gabe». Izan ere, badiako lehengoratzea gipuzkoarren eta erakundeen ilusioa bil dezakeen egitasmoa litzatekeela uste dute.

Hauteskundeetako parentesiaren ostean, eztabaida plazaratzeko asmoari ekin diote berriro. Atzo, Gipuzkoako gizarteko ehun bat eragileren aurrean aurkeztu zuten landu duten txostena, Donostian. Eztabaida gipuzkoar guztiengana eramateko asmoa agertu dute, besteak beste, blog baten bidez. Ondokoak dira txostenean azaldu dituzten puntu nagusiak:

1. Portua eta badiaren biziberritzea

Txostena egin duten adituen arabera, agintariek behin eta berriz egiten duten loturak —alegia, Pasaiako badiaren biziberritzea lortzeko ezinbestez Pasaiako kanpoko portua egin behar dela— «ez dirudi egiazkoa». Gogorarazi dute hainbat txosten eta ikerketa egin dituztela portuaren etorkizunari buruz. Bada, egindako azterketa ia guztietan kanpoko portua agertu da azken postuan bideragarritasun ekonomikoari dagokionez.

Txosten egileek ohartarazi dute agintariek kanpoko portuaren proiektua finantzatu nahi dutela badia barruko hirigintza operazio batekin. Horren legezkotasuna «zalantzazkoa» delakoan daude. Ildo horretan, gogorarazi dute Pasaiako portu agintaritzaren plan zuzendariak honela aurreikusi duela finantzaketa: 150 milioi euro mailegu baten bidez, eta 750 milioi barruko lurren salerosketaren bidez. Baina 2008an barruko lurrak saltzeak 394 milioi emango lituzkeela aurreikusi zuten. Eta, gaur egungo etxegintza merkatuaren estutasunaren ondorioz, kopuru horretara iristea ere zaila litzatekeela uste dute.

Gainera, 4.000 etxebizitza gehiago egin nahi dituzte, eta 10.000 biztanle gehiago erakarri: «Hori oso eztabaidagarria da hirigintza dentsitate altua duen ingurune batean». Gainera, portuarena lur urbanizagarritzat jotzea «baikorregia» iruditzen zaie txostenaren egileei. «Hirigintza prozesuaren etorkizun zalantzazkoak, are gehiago etxegintza sektorearen egoera ikusita, duda handiak sortzen ditu finantzaketa hipotesien zorroztasunari buruz». Gainera, gogorarazi dute lurraldeko zatikako planak aholkatu duela Pasaiako badia lehengoratzeari ekitean saihestu egin behar dela sistematikoki lurrak erabiltzea etxebizitzak egiteko.

Bi operazioen arteko loturarik ezaz ohartarazi dute: «Kanpoko portua berez justifikatu beharko litzateke. Baina justifikazioaren oinarriak ez luke izan behar badiaren lehengoratzea, hura beste modu askotan egin baitaiteke».

2. Datuak ez datoz bat

Txostenaren sinatzaileek nabarmendu dute proiektuaren sustatzaileak datu oso ezberdinak ematen ari direla Pasaiako portuari buruz. Esate baterako, bertan ari diren langileen inguruan portu agintaritzak azpiegitura plan zuzentzailean adierazi zuen 4.500 direla. Diputazioak eskatuta IKEI enpresak 2007an egindako ikerketaren arabera, berriz, 1.400 langile ari dira portuan. Sindikatuek emandako datuarekin bat dator, gutxi gorabehera, azken kopuru hori: 1.500.

Portuaren jarduera ekonomikoaren inguruan emandako kopuruak ere oso ezberdinak dira. Portuko agintaritzaren arabera, Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %1,8 betetzen du Pasaiako azpiegiturak. Miguel Buenek, berriz, %5ean kokatu zuen kopuru hori. Pasaiako portuaren eragin sozioekonomikoaren azterketaren arabera, %0,72koa da azpiegiturak Gipuzkoako ekonomiari egiten dion ekarpena.

Egungo datuetan ez badatoz bat, kanpoko portuak eragin dezakeen aldaketaz ere ezberdintasunak daude. Portu agintaritzak eta merkataritza ganberak eskatuta Norgestionek 2001ean egindako txostenaren arabera, 715 lanpostu zuzen sortuko lituzke kanpoko kaiak, eta 632 zeharkako. Portu agintaritzak 2007an emandako datuen arabera, 3.000 lanpostu gehiago sortuko lituzke. Salgaien trafikoari buruz ere zenbaki dantza handi samarra da. Portuaren plan zuzentzailearen arabera, 2028rako 15 milioi tona salgai mugituko lirateke Pasaian. Ingurumen iraunkortasunerako txostenaren arabera, berriz, bederatzi milioi tona salgai mugituko lirateke 2030ean. 2010ean lau milioi tonako trafikoa egon zen Pasaiako portuan. Kanpoko portuaren eraikuntzaren txosten egileek azpimarratu dute ez dela serioa urtebeteko epean ia erdira jaitsi izana portu berria egiteko behar den diru kopurua —1.311 milioi eurotik 765 milioira—. «Aitortzen ari dira hasierako aurreikuspena puztuta zegoela», adierazi dute. Gainera, hor ez dituzte kontuan hartzen portura iristeko tunelen kostua (138 milioi) eta badiako lur kutsatuetan egin beharko liratekeen garbiketa lanen gastuak. «Kezkagarria da bizi dugun zalantza ugariko garai honetan, zeinean aurreikuspen ekonomikoak zehatz egitea oso zaila den, proiektu bat oinarritu nahi izatea horren datu eta kopuru ezberdinetan».

3. Portua, gizarte murrizketetatik at

Agiria sinatu duten hamasei lagunek ez dute ulertzen egungo egoera ekonomikoan, gizarte laguntzak eta inbertsioak murrizten ari direnean, zer dela-eta utzi nahi duten agintariek kanpoko portuaren eztabaida testuinguru horretatik kanpo.

Portu berriaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jartzeko, bi azterketa aipatu ditu txostenak: LKSk 2002an eta Madrilgo unibertsitate politeknikoak 2005ean egindakoak. Bi azterketek agerian uzten dute portu azpiegitura berriaren oinarri ekonomikorik eza. «Kontraste handia da portuan egin nahi duten gastu itzela eta erakundeak egiten ari diren aurrekontu murrizketak, zeinaren ondorioak herritarrak jasaten ari diren».

Aldi berean, txostenak ohartarazi du azpiegiturak eraikitzeko Espainian ezarri duten joera berriaren aurkakoa dela egitasmoa. Izan ere, portuak ez du betetzen portuen legeak eskatzen duen gutxieneko errentagarritasunaren baldintza. Hain zuzen ere, legeak eskatzen du portu azpiegitura berri baten mozkinak inbertsioak baino %2,5 gehiago izatea. Portuaren plan zuzentzailearen arabera, 2039rako aurreikusten du errentagarritasuna %0,5 izatea azpiegiturak eskatzen duen inbertsioaren aldean. Aldi berean, Europa osoan nagusitzen ari den joera baten aurkakoa da Pasaian kanpoko portua egitea. Izan ere, portuak batzen ari dira han eta hemen. Ildo horretan, 100 kilometro eskasean dauden Pasaiako eta Bilboko portuek bat egitera jo beharko luketela uste dute txosten egileek, indarra hartzen ari den joera horixe baita. Ideia hori aztertzeko eskatu zion Espainiako Ingurumen Ministerioak portu agintaritzari garapen iraunkortasunerako txostenean.

4. Kalte larria ingurumenean

Jaizkibelgo itsaslabarretan kanpoko kaia egiteak eragingo lukeen kalte larriaz ohartarazten duten txosten eta ikerketa ugariak ekarri dituzte gogora. Alde batetik, ohartarazi dute kaia jarriko litzatekeen gunea Natura 2000 sareko komunitateko intereseko tokia (LIC) dela eta Jaurlaritza bereziki kontserbatzeko gune moduan izendatzeko tramiteak egiten ari dela. Azti-teknalia fundazioak eta Oceana zein biologoen elkargoak egindako azterketek agerian uzten dute itsaslabarrek gordetzen duten natur altxorra. Kanpoko kaia egiteak sei eragin kritiko izango dituela onartu behar izan du Pasaiako portu agintaritzak berak, berriki egindako ingurumen iraunkortasunerako txostenean. Jaurlaritzak ere ohartarazi du kanpoko kaia egingo balitz Jaizkibelgo LICak zentzua galduko lukeela. Aldi berean, naturan egindako desmasia ez ezik, ingurumen kostua oso handia litzateke: urtero 172 eta 535 milioi euro artekoa, EHUko Ekonomia Aplikatuko Sailak Jaurlaritzaren aginduz egindako azterketaren arabera. Hain zuzen ere, salatu dute kostu hori ez dutela kontuan hartzen aurreikuspen eta azterketa ezberdinetan.

5.Parte hartzeko atea, itxita

Txostena egin dutenek gogor kritikatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpoko portuaren proiektuan parte hartzeko herritarrei atea itxi izana. Izan ere, diputazioak azken urteotan zabaldu duen lan ildo esanguratsuenetakotzat jo dute herritarren parte hartzearena. Besteak beste, foru arau batek oinarria jarri du herritarren parte hartzea bideratzeko. «Hau dena, ordea, modu deigarrian desagertu da kanpoko portuari dagokion guztian, are gehiago, uko egin zaio behin eta birritan herritarrek parte hartzeko aukerari». Gipuzkoako Batzar Nagusiek, preseski, uko egin zioten 2009an kanpoko portuaren prozesuaren inguruko parte hartze prozesu bat zabaltzeari, Pasaiako eta Lezoko udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Markel Olano jarduneko ahaldun nagusiak honela argudiatu du ukazio hori: «Proiektu definitu eta berdefinitua da». Hainbeste zalantza sortzen dituen proiektu batean, tramitazio fasean egonda gainera, herritarrek parte hartzeari atea ixtea «erabat kontraesankorra» da. Hala, sustatzaileen asmoaren inguruko zalantza handitzen duelakoan daude.

Txostenaren hamasei sinatzaileak

Aines Arizmendi: Itsas gaietako ingurumen aholkularia, Sourfrider fundazioko teknikaria.

Pedro Maria Azkue: Bide, kanal eta portuetako ingeniaria, aholkulari teknikoa.

Jose Javier Belza: Ekonomialaria eta Ingurumen aholkularia.

Garbiñe Biurrun: Magistratua eta EHUko irakaslea.

Iñaki Bolibar: Arkitektoa.

Christian Brase: Arkitekto hirigilea eta EHUko irakaslea.

Francisco de Leon: Arkitekto eta hirigilea.

Santiago Eraso: Artelekuko zuzendari ohia eta Donostia 2016ko Kultura zuzendaria.

Juan Gutierrez: Bide, kanal eta portuetako ingeniaria eta Pasaiako portu jardueren arduradun ohia.

Narciso Iglesias: Bide, kanal eta portuetako ingeniaria.

Mikel Iriondo: Abokatu eta hirigilea.

Antxon Lafont: Baionako Industria eta Merkatari Ganberako zuzendari ohia eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzorde zuzendari ohia.

Francisco Miner: Bide, kanal eta portuetako ingeniari doktorea eta Pasaiako portuko zuzendari ohia.

Javier Olaberri: Abokatu eta ingeniaria.

Iñigo Segurola: Paisaialaria.

Koldo Unzeta: EHUko Ekonomia Aplikatuko katedraduna.

Mendi martxa antolatu dute larunbaterako, Lezon

Lezo-Gaintxurizketa eremuan lurralde zatikako planak aurreikusten duen plataforma logistikoaren proiektuaren aurka mendi martxa egingo dute heldu den larunbatean. 10:00etan irtengo dira Lezoko plazatik, eta proiektuak kaltetuko duen 180 hektareako nekazari eremua ezagutuko dute bertatik bertara.

Ingurumen tramitazioa martxan dago Madrilen

Hiru geltoki ditu portu baten ingurumen tramitazioak. Lehen geltokia Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agiria da, eta Espainiako Ministerioak egin zuen, 2009an. Pasaiako portu agintaritzak Ingurumen Iraunkortasunerako Txostena egin zuen iaz. Orain, Ingurumen Memoriaren Txostena egiten ari da Madril.

@sarean

Gizartean eztabaida sustatzeko Interneteko blog bat jarri dute martxan atzo txostena aurkeztu zuten hamasei lagunek. Haien helburua da eztabaida zabaltzea, gipuzkoar guztiek eman ahal izan dezaten iritzia, proiektuak denen etorkizunean eragin dezakeelako.

www.foropuertopasaia.com

 

 

Berria-k argitaratua