Zer egingo zenuke zeure etxea babesteko kalaxnikov bat hartu behar duzula aginduko balizute? Horra mintza-saio batean jarri nuen buruhaustea. Hariari heltzeko, Ukrainako adibidetik hasi ginen, bertako lehendakariak 18-60 urte bitarteko gizonezkoei betebehar hori jarri baitie. Mota guztietako erantzunak jaso genituen. Inork ez zuen zalantzan jartzen herritar horiek duten defentsarako eskubidea; aldiz, hortik aurrerako ekarpen guztiak zalantzaz eta ñabarduraz bete ziren.
Zer da garrantzitsuago, zer eraginkorrena? Zer da zilegi? Nork du horrelako agindua emateko gaitasuna? Norena da erantzukizuna? Zer egingo genuke ukrainarrak bagina? Zer egingo genuke Euskal Errepublika baten lehendakariak horrelako zerbait eskatuko baligu? Zer egingo genukeen 1936an frankistek Irun konkistatu eta gero? Ihes egitea zilegi da, Gurutze Gorrian izena ematea zilegi da, haurrak babestea ezinbestekoa da, ihes egin ahal izateko denbora lortzea hil ala biziko kontua da.
1936an, askok alde egitea erabaki zuten; beste batzuk, berriz, ehizarako eskopeta edo aitzurra eskuan hartuta frankistei aurre egiten saiatu ziren iheslariak babesteko. Aste batzuk irabazi ahal izan ziren, Elgetan geldiarazi zituzten hiltzaileak beste aste batzuetarako. Horri esker, milaka pertsonaren bizitzak salbatu ziren. Jaurlaritzak armak eskatu zituen, gutxi iritsi ziren. Inork ez daki zer gertatuko zen hasierako aste erabakigarri horietan Ingalaterrak eta Frantziak Errepublikari lagundu izan baliote.
Orain ere, Ukrainan inork ezin du esan zein den erabakirik hoberena. Noraeza, etsipena, beldurra nagusitu dira berriro. Pandemia huskeria izan daiteke etorkizunak ekar lezakeenarekin alderatuta, ezin jakin garbi; ezin epaitu zorrotz.
Antimilitarismotik eta mugimendu bakezaletik aspalditik iragartzen ari ginena gertatu da: «Disuasio nuklearra Damoklesen ezpata da, guztion bizitza arriskuan jartzen duen joko hilkorra». AEBak izan ziren lehergailu nuklearra botatzen lehenak, baina jaurti zuten unean ez zegoen gaitasun apokaliptiko hori zuen areriorik. Bere etsai estrategikoak arma nuklearraz hornitu zirelarik, mundua Hirugarren Mundu Gerraren atarian egon zen Kubako eta Turkiako misilen aferagatik.
Kide gehiago elkartu dira klub nuklear beldurgarri horretara: India, Pakistan, Israel, Frantzia, Ipar Korea… Azkeneko urte hauetan guztietan, eta oreka hauskor horrek sortzen zuen egoera baliatuz, AEBek, NATOk eta bere aliatuek hainbat sarraski egin dute Libian, Panaman, Kosovon, Serbian, Yemenen… Zerrenda luzea da, luzeegia. Horrelakoen berri izan dugun guztietan Gerrarik Ez oihukatu dugu. Horrelako guztietan errefuxiatuak sortu dira, horrelako guztietan arma trafikanteak aberastu dira. Horrelako guztietan Gerraren jaunak nagusitu dira.
Oraingoan, Gerraren jaun handi bat sartu da joko makabro honetan: Putin. Ez da, ordea, jauntxo xume bat, potentzia nuklear baten buru despotikoa baizik. AEBek euren gerretan erabili dituzten argudio berberak erabili ditu, eta NATOk lagundu dio argudio horiek hornitzen.
NATOtik ikasi du Putinek, disuasio nuklearrak herri txikiak erasotzea ahalbidetzen dio potentzia nuklear bati, besteak ezin dio-eta erantzun, gerra erabatekoa ez badu nahi, bederen. Putinek bere karta erabili du Txinarekin eta AEBekin duen lehian hobeto kokatzeko. Megalomanoak horrelakoak dira, eta zoritxarrez megalomano andana dago Kremlinen, Pekinen eta Wall Streeten. Ordaina, kasu honetan, Europako, Ukrainako zein Errusiako zibilek pairatuko dute, Europa peoi bilakatu baita indar nuklearren xake-taulan.
Zer egin behar den baino, zer ez den egin behar zertxobait argiago dela ematen du. NATOk erasoak egin zituenean Gerrarik Ez leloak elkartu gintuen; errefuxiatuak ekartzeak elkartu gintuen. Ez genuen pentsatu armak hornitzeak zerbait konponduko zuenik. Gure bihotzak uzkurtu dituen gerra berri honetan, aldiz, bi keinu eredugarrik piztu dituzte argi izpi itxaropentsuak: Ukrainan, tankeen aurrean esku-hutsik jarri diren ukrainarrena; Errusian, Poliziaren aurrean manifestatzen ari diren errusiarrena. Biak ala biak ari dira une honetan egin daitekeen ekintzarik kementsuena egiten: Gerren jauntxo guztiei aurre egitea, herrien adiskidetasunaren alde zorrotz borrokatzea.
Putin XIX. mendeko pentsamendu inperialistak bultzaturik, XX. mendeko teknika militarrak erabiltzen ari da, gerra endemikoa sortzea helburu baitu, NATOren antzera, biek elkarren beharra dutelako. XXI. mendeko erantzunek desmilitarizazioa dute ibilbide, pertsonen eta herrien autodeterminazioa, lurraldetasuna ulertzeko modu berriak, naziotasuna kudeatzeko era malguak… Bide horri heldu ezean, gureak egin du.
Berria