(Egilea: Aritz Ibarra)
Lehen Karlistaldia, 1833 eta 1839 urteen bitartean, karlistak eta liberalak, bi mundu ikuskera ezberdin, aurrez aurre jarri zituen guda izan zen. 1835. urteko amaieran Britainiar Legio Laguntzailearen 10.000 soldadu Gasteizera iritsi ziren eta liberalekin bat egin zuten. Garai haietan, Arabako herriak karlistek menperatzen zituzten, baina hiriburua, liberal banduko 22.000 soldaduz osaturiko kuartel erraldoia zen. Legio Frantsesa eta, jatorri ezberdinetako, “txapelgorri” izenaz deituriko soldaduek ere osatzen zuten armada hura. Soldadu guzti hauei ostatu emateko arazoak izan zituzten bertokoek eta egunerokotasuna izugarri zaildu zen hirian.
Txapelgorriek, Gasteizko inguruetan egundoko sarraskiak egin zituzten, herriak arpilatuz eta bizilagunak akatuz. Britainiarrek ostera, gaixotasunen ondorioz soldadu andana galdu zituzten. Azken 5 hilabeteetan, hain zuzen, 1500 hil egin ziren. Haatik, Bilbon eta Donostian zituzten soldaduak gaixotzen ez zirela ikusirik, beren agintariek zoezer arraroa gertatzen ari zela susmatzen hasi ziren.
Tropen baldintza kaxkarrek, karlisten bandura ihes egitera bultzatu zituen britainiar asko. Ihesaldiak, Jose Elosegik, Legioari ogia saltzen zien okinak, antolatzen zituen, bera bandu karlistaren aldekoa baitzen. Richardson sarjentua zen desertoreetako bat, eta bere iloba, Nangles, berdina egitera gonbidatu zuen gutun baten bitartez, karlistengandik jasotako tratu ona azaltzen ziolarik. Gazteak, bere osabari jaramon egin beharrean Byrne kapitainari jakinarazi zion eta okina salatu zuen.
Elosegiren etxean egindako miaketetan, azken hilabeteetan zehar soldaduak akabatu zituen pozoia aukitu zuten. Epaiketan “garrote vil” bidez exekutatua izatera zigortu zuten. Hiritarrek ez zuten sinisten kondena gauzatu ahal zitekeenik, izan ere, Elosegi pertsona estimatua eta eragin handikoa zen Gasteizen. Hala ere, eta askoren gogoz kontra, 1836ko martxoaren 28an akatu zuten plaza zaharrean.
Elosegik, historian zehar pozoitze masibo baten bidez erailketa gehien gauzatu dituen pertsona izateagaitik utzi du bere aztarna gure oroimen kolektiboan, baina batez ere, kausa karlistari izandako leialtasunagaitik.
BETIKO ARGIA