Aberatsentzako hiria dugu Donostia. Aberastasuna segurutzat jotzen duten eta, aldi berean, pribilegiatuak direla dakitenen lekua da. Donostiarrak ez daude harro beren posizioaz, baina ez dira horretaz lotsatzen. Arruntak diruditen autoak gidatzen dituzte. Alta, autoen mundua ondo ezagutuz gero, erraz igarriko diozu auto horiek auto arruntek halako bi balio dutela.
Hala deskribatu du Gipuzkoako hiriburua Jo Nesbok. Izan ere, idazle norvegiarrak Euskal Herrian girotu du bere azken liburuko narrazioetako bat: Martin eta Peter Donostian daude, sanferminetarako bidean. Zurriolako hondartzan neska beraz maiteminduko dira eta…
Espainia autonomikoaren mapa txikitu du Nesbok. Kontaketan ez dago EAE edo foru erkidegoa bezalako asmakeria postfrankistarik. Donostia, Iruñea eta Bilbo dira euskal erreferentzia geografiko bakarrak. Lanean ugari dira euskarari buruzko erreferentziak. Esaterako: Donostian gorpu bat aurkitu dute eta Martinek albistea ikusi du taberna bateko egunkarian. Orriak pasatu eta pasatu ibili da, baina ez du deus ulertu, euskara hutsez idatzia baitago. Iruñean berdin gertatu zaio. Testuak zer dioen badakien galdetu dio bezero bati. Ezetz hark: «I am Spanish» —espainiar batek espainiarra ei den bigarren maila ofizialeko hizkuntza bat ulertuko duela pentsatzea ere…—. Tabernariak itzuli dio berria.
Idazleak beste egunkari batzuk hauta zitzakeen. Euskara hutsez argitaratzen denaren alde egin du, baina. Detaile polita. Iruñean ez du aukeratu igandean han milaka bertsozale bildu zituen finalari buruz lerro bat bera ere idatzi ez zuen egunkari nafarra, nahiz saioan leitzar batek kantatu zuen. Donostian ere «euskal egunkari bat» hartu du Osloko sortzaileak. Euskal… euskaraz dagoelako —norvegiar batek guk baino argiago izango ote du euskalduna izatea zer den?—. Nesbok ez du aipatu Osakidetzan euskarazko erdi mailako titulu batek doktorego batek baino gehiago puntuatzen duela argitaratu berri duen egunkari gipuzkoarra.
Euskarak ingelesak eta alemanak baino gehiago balio duela kritikatu du beste hedabide batek. Ea, unionista maitagarriok: euskara berezko hizkuntza da hemen. Eta hizkuntza ofiziala, erdararekin batera. Ingelesa eta alemana ez dira ez bata, ez bestea. Zergatik balio beharko lukete euskarak beste Osakidetzan lan egiteko? Halakoak jasan eta irentsi behar ditugu? Ingelesez edo alemanez arta dezatela nahi duenak Loiun du aireportua Londres edo Berlinera joateko. Gurean ez du eskubide hori. Sorry. Es tut mir leid. Eskubidea euskarak du. Edo izan beharko luke.
Izan ere, erdara dugu jakin beharreko hizkuntza bakarra. Joan den astean Araba Busera deitu nuen —Arabako Foru Aldundiarena da—. Erdaraz egiteko eskatu zidan hango langileak, euskaraz egiten ez zuela esanez. Non dago erreklamazio orria? Arabarrek zergak ordaintzen segitu behar dute Franco hil eta ia 50 urtera diputazioak arreta zerbitzu batean euskaraz ez dakien pertsona bat jarri duen arren? Ez zen birziklatu gabeko 60 urteko gizona, mutil gazte bat baizik.
Aramaioko lagun bati harro mintzatu zitzaion guardia zibil bat, gaztetan: «Hemos castellanizado Legutiano. Ahora nos queda Aramayona». Castellanizar: euskara ezabatzea. Horrela segitzen dute egun, arma eta ageriko indarkeria fisikorik gabe. Hala ere, euskaldun irribarretsuarena egin behar omen dugu. Euskara soilik komunikatzeko tresna dela sinetsi. Gauza neutroa balitz bezala. Soilik hori. Bada, ez. Zoritxarrez, euskaraz egitea erresistentzia ere bada oraindik. Zergatik? Batzuek erdara erabiltzen dutelako eraso moduan. Haiek dira erasotzaile eta inposatzaileak. Guk geure burua defendatu besterik ez dugu egiten.
Informatuta egoteko euskaraz jakin behar da Nesboren narrazioan. Fikzioak errealitate bihurtu du ametsa. 77 orriko alegiazko mundu horretan euskaraz mintzatzen dira ertzainak. Eta guardia zibilek ez dituzte gure tabernen jabeak indarrez kastellanizatzen, erdaraz informatzeko egunkaririk ez dutelako.
Berria