Inbasioa ez da legitimoa ez hemen, ez inon

Inbasioa ez da bidea

Inbasioa ez da inoiz zilegi izan ezta izango ere, delitua da, eta ez du preskripzio datarik. Herri baten erakunde legitimoen eta herritarren aurka arma bidez irabazitakoa ez da inoiz zilegia. Beraz, inbasioaren ondorioz sor daitezkeen aginte-erakunde eta legeak ez dira legitimoak izango, ez eta inbaditzaileek beren mesederako bertakoez baliatzen badira ere. Hortaz, inbasioaren ondoren hartutako erabaki guztiak eta hauen ondorioak balio gabeak dira eta nazioarteko erakundeek lagundu behar dute herritarren nahiaren arabera erakundeak bere jatorrizko egoerara itzultzen, kalte ordainak eta guzti. Eta ez naiz ari soilik Irakeko inbasioari buruz, baizik eta Nafar Estatuan gertatutakoari buruz ere.

Hauek horrela, frogatzen bada Estatu Nafarra inbasioz izan zela hartua eta Gorte legitimoak deuseztatuak, harez geroztik inbaditzaileek hartutako erabaki guztiak ilegalak dira, ez dira zilegiak. Hortaz, gaztelarrek zein frankoek hartutako euskaldun guztiona izan zen nafar Estatua hasierako egoerara itzul dezaten eta kalte ordainak kitatu ditzaten behartu behar dituzte nazioarteko erakundeek.

Batek baino gehiagok pentsa dezake hau ezinezkoa dela, burutik gaudela edota errealitatetik kanpo bizi garela. Zenbaitek, ordea, testuinguru egokian uler ditzake aurreko bi paragrafoak: zer gertatu den ikertu behar da, justuak izan ez diren agintarien ekintza historikoak ea noiz eta nola garbituko diren itxaron gabe.

Memoria eta historia berreskuratu

Eusko Ikaskuntza, Nabarralde, Arantzadi, Altafalla eta horiek bezalako hainbat elkartek bidea ireki dute oroimen historikoa berreskuratzeko, arlo ezberdinetan ireki ere. Adibidez, 36ko erregimen errepublikar demokratiko eta legitimoaren kontra armaz matxinatu ziren haien delituak 70 urte geroago ari dira pixkana-pixkana argitara ateratzen. Erregimen frankistak hainbat eta hainbat dokumentu desagerrarazi edo ezkutatu arren, herritarren oroimena ez da galdu eta hori aski izan da justuak izan ez ziren agintarien ekintzak garbitzen hasteko.

Gauzak garbitzen hasteko denbora dezente igaro dela pentsa daiteke eta nafar Estatuaren kontua pasatako historia dela argudia daiteke, baina, aurretik ere esana dago hainbat delituk ez duela preskripzio datarik. Egia jakin nahi dugu, eta egia osoa jakiterik ez dugunean (aztarnak suntsitzen direlako, dokumentuak erretzen direlako, tortura bidez testigantzak faltsutzen direlako, historia ofiziala inbaditzaileek idazten dutelako…) ahalik eta egiaren hurbilena izan dena jakiteko eskubidea dugu.

Zenbaiten oroimen historikoa zirikatzeko lurpetik gorpuak atera behar izan dira. Paperik gabe eta gau iluna gaizkide zutela ehortzi zituzten haien hezurdurak argitara ekarri behar izan dira. 1936ko altxamendua sustatu zuten haien oinordekoek, ordea, haserre antzean dabiltza, eta historia errepikatzerekin mehatxatzen ari dira. Ez dugu ukatuko beldurra, baina, ez gara kikilduko. Ez dakigu orduko indar erlazioa errepikatzen ari den berriro ere orain, baina, orduan ez bezala, Europako estatuak beste alde batera begira ez jartzea espero dugu.

Borrokak bizirik dirau

Europako estatu historikoen artean hain ezaguna den Nafarroakoa, euskaldunok izan dugun Estatu independentea, etengabe bortxatua eta inbaditua izan da historian zehar. Haren babesean sortutako erakundeak inbaditzaileenez ordezkatuak izan dira, defentsarako sortu zituen egitura guztiak suntsituak, bertako hizkuntza erabiltzea zigortua, nafar hiritartasuna debekatua eta subiranotasun hura gogora zezakeen aztarna oro nagusi berrien artxiboetan ezkutatua edo desagerrarazia. Baina frankoek eta gaztelarrek hainbat eta hainbat dokumentu desagerrarazi edo ezkutatu arren, herritarren oroimena ez da galdu eta hori aski izango da juztiziakoak ez diren ekintzak garbitzen hasteko.

Eta nortzuk lortuko dute faltsututakoa bere jatorrizko egoerara itzultzea? Zalantzarik gabe, herritarrek. Gauzak bere lekuan jartzea, kalte ordainak eta guzti gainera, herritarrek gertatutakoa ezagutzearekin, kontzientzia hartzearekin eta nazioarteko erakundeen babesarekin zerikusi zuzena du, eta bide horretan egiten den guztia erabakigarria izango da etorkizunean. Atzera begiratze bakoitzak aurrera egiten den jauziaren norabidea markatzeko balio behar du.

Atzera begira jarrita, urteroko ekainaren azken igandearekin batera Noaingo guduaren urteurrena gogoratzen dugu. Albako dukearen osteek Donibane Garazirainoko lurrak inbaditu ostean (1512ko abuztua), nafar Estatuaren erakunde legitimoen aldekoek lurraldea berreskuratzeko ejertzitoa antolatu zuten. Asparroseko jaunak Iruñea berreskuratu eta Logroño setiatu zuen, baina, tropa gaztelarrek (beren mesederako guduan ari ziren bertakoez ere baliatuta) nafar osteei atzera bidea moztu zieten. Noainen jokatu zen borroka bortitzena, 1521eko ekainaren 30ean, 5.000tik gora nafartar hilik izan ziren, gaztelarrek inbasioa irabazia zuten, baina horrekin ez zuten legitimitatea eskuratu eta, injustizi honek ez du preskipzio datarik; hortaz, borrokak dirau, eta inoiz baino biziago gainera.

* Beñi Agirre. Euskara irakaslea