Iñaki Lopez de Luzuriaga: “Gure iraganaren oso irudi zatikatua dugu, eta inprimaketaren gaia, hain teknologia garrantzitsua izanik ere, ez da salbuespena”

2023ko otsailaren 3a

2019tik Humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko deialdia egiten dute EWKEk eta UEUk. Arlo horretako euskarazko ikerketa sustatzea eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzea du helburu. Azken deialdian Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinezen “XVIII. mendeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako argitalpenen zerrenda laburra” proiektuak jaso zuen diru poltsetako bat. Diziplinarteko proiektua da Lopez de Luzuriagarena eta filologia, historiografia zein euskara arloko ikerketetan laguntza handia izan daitekeela uste du.

Zergatik XVIII. mendeko idazkiak?
Pentsamenduaren historia Euskal Herrian idazlanean (2020), Joxe Azurmendik Euskal Herrian mende horretan inprimatu zenaren zerrenda bat izatearen premia adierazi zuen, horrexegatik. Gure iraganaren oso irudi zatikatua dugu, eta inprimaketaren gaia, hain teknologia garrantzitsua izanik ere, ez da salbuespena. Horri buelta ematen lagundu nahi izan dut. Geroko garaietan inprimatu idazkien bilketa lanean asko egin da: hor daude Torrealdai eta Bilbaoren alimaleko lanak, baina gutxiago bildu dugu aurreko mendeetako idazkien inguruan, eta artean ere idazki horiek nahiko sakabanaturik daude.

Funtsak aztertu eta Wikipedia elikatzeko katalogo digitala sortzea zen helburua…
Bai, lagin bat hartu behar nuen. Hasieran ezinezkoa zirudien, baina Bizkaiko Foru Liburutegiaren Lau Haizeetara katalogoko zerrendei erreparatuz, ohartu nintzen Euskal Herri osokoa egin zitekeela, horixe bainuen hasierako asmoa. Eskertzekoa da liburutegi horretan egin duten bibliografiaren digitalizazio lan txukuna. Gero, hori Wikidatara pasatzea zen erronka, Wikimediako datu base librera, eta bertatik, informazio bibliografiko hori guztia eskueran jartzea, nahi duenak erabil dezan.

Zein izan da prozesua?
Etengabeko ikasketa bat izan da, eta hiru fase izan ditu. Helburu nagusia Wikidatara katalogo bat igotzea izan da. Inprimalekuak identifikatu behar dira, katalogoetan ez baitago “Araba” edo, are gutxiago, “Euskal Herria” kategoriarik. Ondoren, datu bibliografikoak ordenagailura jaitsi behar dira.

Datuen mataza garbitu, txukundu eta egituratuta, Wikidatako datuekin bateratu behar dira, eta beharrezko itemak/elementuak sortu. Adibidez, inprimatzaile jakin baten fitxa, generoa eta bestelako gutxienezko datu adierazgarriak zehaztuz. Datuok Wikidatara igotakoan, informazio bibliografiko hori datu egituratu ireki estekatuetan eskaintzen da, “bost izarreko datuak”, Tim Berners-Leek definitu zuenez.

Bigarrenik, ezagutza libreaz, proiektuaren zabalkunderako, EUWPn wikiproiektua sortu dut laguntza pixka batekin. Bertan, lankidetzan, falta diren datuak gehitzen joan daitezke; hala nola, idazkien azala edo lehen orrialdea; eta Wikipedia bera osatzen joan, erabiltzaile euskaldunek (askotan ikasleek) informazio hori eskura dezaten.

Hirugarren fasean, mende horretako Euskal Herriko inprimaketari buruzko ikerlana egin dut. Inprimatze-lanek eta beste katalogo digital batzuek (Bilketa, Sancho el Sabio Fundazioa…) zein ikerlan partzialek eskainitako informazioa baliatuz, Euskal Herriko inprimaketaren ezaugarriak aztertu ditut, orduko gizartearen testuinguruan.

Zein traba izan dituzu bidean?
Datu digitalen kudeaketan laster ikasi behar izan dut. David Lindemannek bultzadatxo bat eman zidan hasierako fasean. Wikilaria naizenez, eta EWKEko kide, banuen OpenRefine aplikazioarenaditzea, datuak antolatu eta egituratzen dituena, eta hori baliatu dut. Tresna ahaltsua da, eta dagoeneko argazkiak ere igo ditzake beste datuen artean, baina inperfekzio asko ditu eta arreta eta pazientzia eskatzen ditu. Batez ere, Interneteko foro espezializatuetan ibili naiz galde-erantzunka.

Zure ustez, zein da proiektu honek egiten duen ekarpenik nabarmenena
Diziplinarteko proiektua da, eta alde askotatik begira dakioke. Katalogazioko lan bat da, dinamikoa, Wikidatan etengabe egunera daitekeelako. Datu horiek, hainbat metadatu barne, egituraturik daude, lan hori eginda dago, norbaitek berrerabili nahi baditu. Bestalde, filologia, historiografia eta euskara arloko ikerketetan laguntza handia izan daiteke, kopuruen, bilakaeren, edukien eta inprimatze-urteen berri izateko, baita genero aldetik ere. Ikerlanaren zatian, gure historiografian zegoen hutsune bat betetzen lagundu du.

Zer gelditzen da egiteke?
Nire lana hurbilpen bat izan da. Ez da gutxi egiteko dagoena: hasteko, XVIII. mendean Euskal Herrian inprimatu guztiaren berri biltzea. Horretan, liburutegien digitalizazio-prozesuak oso lagungarriak izan daitezke. Ezagutza librea sustatuz, elementu bibliografiko horiek egituraturik jarri beharko lirateke Wikidatan eskueran, gutxienez euskaraz etiketatuak eta deskribatuak, bilaketak gure hizkuntzan errazteko. Hori guztia egindakoan, datu osoagoak eta zehatzagoak izango ditugu Wikidatan, estatistikak ateratzeko lagungarri, QueryService tresnaren bitartez.

https://www.ueu.eus/