Ikastolen elkartetik, publifikazioa aldarrikatzen dutenen aurrean kaleratutako idatziak, ausardia eta argitasuna azalduz, poz haundia eman dit. Baina ondorioztatzen duen proiekzioan dagoen ikuskerak gogoeta egitera bultzatu nau, zuekin partekatuz ez adostasun bila, baizik norberak bere gogoetatik ondorioak ateratzera animatuz.
Publifikazioaz argi ikusten dudana, hain zuzen ere, publikoaren alde daudenek, hasiera eman zioten bide berdina dela idatziak dion “geurea den hezkuntza sistema bat behar dugu” eta “publiko berria”. Eta buztan horri helduz, etorri zaigu behin eta berriz, aldarrikapen bera.
Ni harritu egin nau, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen kooperatiba europarraren lidertzatik, geurea den hezkuntza eta publiko berria aldarrikatzea. Zer da orduan beraiek lideratzen ari diren hori? Beste erakunde bati dagokio herrigintzatik kendu eta erabakitzea geure hezkuntza?
Herrigintzatik XVII. mendetik euskal familiak hezkuntzaz arduratzen ari dira. Ondoren Kontzejuetara pasa eta konkista ondoren, menpeko hartu gintuzten Estatuen esku geldituta . Hala ere herrigintzatik auzolanean, behin eta berriz ostopatu arren jarraitu da. Zerbaitetan aritu bada hezkuntzan gure herria, ostopo guztien gainetik, geure euskal hezkuntza sistema egitea eta eskuitk eramatea da.
Geure Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala
Ikastolen mugimendua dabilen herria da. Ez dira gutxi herritik eta herriarentzat egindakoak eta gauzatukoak Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala osatze lanetan. Gogora ekarriko ditut zenbait:
- Lurraldetasun osoan familien auzolana egituratu 1987tik, zeuden formula juridikoak erabiliz (Konfederazioa eta AEIE), kooperatiba europarraren aukera izan arte, horrela familien bazkidetza independenteaz, burujabetza bermatzeko.
- Ikastolen marka propioa modu indartsuan hedatua sortu.
- Ikastolen bost festak antolatu
- Langileen marko laboral propioa proiektuari egokitua sortu.
- Bolumen haundiko egitasmo izatea, hainbat publifikazio azken hamarkadetan sufritu arren.
- Material propioa sortu eta zabaltzeko akordioa ekonomikoak egin.
- Bertsolaritza eta euskal pilota biziberritzea proiektu bereziz.
- Euskal festen zentzua berreskuratzeko kulturako euskal ikerlarien lanetan oinarrirturik materiala eta ekimenak zentzuz eguneratuta prestatu.
- Proiektu pedagogiko aurrerakoiak gauzatu.
- Egitasmoaren zentzua lantzeko gurasoen gogoeta saioak partekatzeko hainbat Kongresu eta Batzar Nazional antolatu.
- Euskararen aldeko Bateginik kanpaina sortu eta aurrera eramatea lankidetza oso zabalarekin, Bruselara sinadurak eramanez 1988an. (Gogoan dut bertan aitortu zigutela Europako Kontseiluko kide politikoak, mundu osoan herrgintzatik hainbat kooperatiba saiakerak eman arren, ikastolak ginela jarraipena bermatzen genuen bakarrak).
- Hezkuntzaren Mahaia ekimena sortu, hiru sare ginenen artekoa: Publikako Guraso Elkarteak, Kristau Eskolakoak eta Ikastolak.
- Zuzendarien prestaketari garrantzi berezia eta dedikazio haundia eman, egitasmoa funtzionalki indartzeko, kooperatibako titularren laguntzaile bihurtuz.
- Irakasleen elkartea bultzatu.
- Udalekuak antolatu.
- Lurralde Administratiboak gaindituz, bailaraka ikastoletako guraso ordezkarien arteko bilerak antolatu.
- Euskal Curriculuma sortu.
- Lurralde administratiboetako akordioak prestatu eta gauzatu elkarrekin koordinaturik.
- Artezkaritzako gurasoei laguntza profesionaletik zerbitzu propioa eskaini, lidertza berrian trebatzeko, egitasmoaren hiru eremuak, zentzua, ekimenak eta bitartekoak bateratuta kontutan hartuz, guzti hori bere osotasunean lideratzea lagunduz.
- Erkidego bakoitzarekin akordioak, Euskal Herri mailako Batzarretan denon artean erabaki.
- Elkartasun Kutxa Nazionala
- Pendiente daude oraindik,
- Geure historiaren transmisioa geuretik modu eraginkorrean egitea,
- Lanbide hezkuntzari dagokion lekua ematea
- Diasporako herritarrak kooperatiban barneratzea, hezkuntza proiektu nazionala izanik, arrazoi desberdinagatik urrutiratuak baino etxekoak direnentzat ere izateko.
Hori guztia, geure hezkuntza sistema ez bada, zer da ba?. Ezin bestekoa dena, ez da egitea bakarrik. Bai ordea duen berezko zentzutik egitea, geure sorburutik edanez, aldaketarako modu berriak sortuz. Hori da geure herrigintzaren lidertza independentetik, indartsu harrotasunez erabiltzea dagokiguna. Era berean, kide guztiak horrela egiten ari garela konprobatzea. Hori da,bazkide guztien erantzukizuna, etengabe, subjektu aktibo legez, biziberritzea zaintzea .
Herriaren burujabetzatik egina
Nire ondorioa da, gure herrigintzatik egiten jarraitzeko, argiago izan behar dugula zertarako ari garen lan horretan eta arnasa eman etengabe beti berri diren herrigintzako familiei.
Zentzuan sustraiturik biziberritzen den horrek, eman dezake bakarrik etorkizuna bermatzen digun fruitu berria.
Gaudi sortzaile haundiak zion bezala, “sortzaile izateko, sorburura jo behar da”. Bereziki zaindu “ikasiak” izan beharrik ez dagoela herrigintzan, bai ordea burujabetzatik egitasmoaren zentzuz motibatuak, profesionalen esku uztearen tentazioan erori gabe. Sindikatuen eraginez, gehiegitxo gertatzen ari delakoan dago ikastolakide asko.
Familien herrigintzan oinarritzen laguntzen digu, ulertzean, “Euskal Eskola Nazionala” zergatik duen ikastolak bere izen propioa. Horregatik, guraso esnatu, ikastolak behar zaitu!.
Eta begira zer dagoen gure herriaren sorburuan. Gure ipar-oinarriak ziren printzipio eta balioagatik, Europa osoan mirestuak ginen Nafar Estatuak zituenak beste inork ez zituelako. Zer dela eta?
Euskaldunon egitura politikoaren lehenengo eremu erabakiorra HERRITARRON NAZIOA zelako arauak markatzen zituena, hain zuzen ere, gure konstituzioa ziren Foruak. Ondoren bigarrena, ESTATU egitura. Hirugarrena eta azkena ERREGEA. herriak erabakitako foruak betetzeko administrari izendatua. Inolaz ere ez herriari agintzeko denen gainetik boteretik arituz.
Zuzentasun zientifikoz jasotako datuak ematen dizkigu, Nabarraldek argitaratu berri duen liburuak Xabier Irujoren, (Protocolos sobre la independencia del Reino de Navarra y sus relaciones con Francia. Polverel sindikoaren idatziak – 25.orrialdea 3.puntua)
Hara nola hor, argi agertzen duen Polverelek, gogoratzen ari garenean 400. urteurrena, Frantziako Erresumak euskaldunon irizpide hori ez onartzeagatik, Nafar Erresumari, independentzia kendu zigula.
Orain dauzkagun zerbitzu Administratiboen egituretan, etxekoak eta konprometituak diren pertsonak egon arren, daukagun arazoa ez da pertsonena, egiturazkoa da. Espainiako estatuak, guretzako Autonomi Erkidegoak sortu eta hezkuntzari dagokionez ahalmenak transferitu gabe, bakarrik kudeaketa maila bat baimendu zigunean Adolfo Suarezen gobernuan, 1977-1979an hezkuntza ministroa zen Iñigo Caverok ikastolei izen hau eman zien: “ikastolas, centros públicos no estatales”.
Hara nola, gaur egun noraino ailegatu garen: etxeko-etxekoak izaera espainolizatu eta frantsezten duen jarrera hartzea euskal herritarrok elkarren aurka ipiniz. Publikoaren kontzeptua kolonizatzeileen eskutik ulertuz. Orain publikoak bakarrik ulertzen badira estatuaren esku daudenak direla, sindikatu abertzaleek hori bultzatuko al dute?.
Nire iritziz, eztabaidak utzi eta gogoeta bideari denok heltzea dagokigu. Interes pertsonaletik haruntzagoko ikuskera erabiliz eta GU izateko, GEURETIK eginez eta GEUK erabakiz, egoera berriei egokitzeko, asmo berdinari eutsiz, sortzen jarrai dezagun. Geure burujabetzan oinarrituz eta geure buruarengan konfidantza ipiniz, ikasleekin ere ipar-oinarri horietan, bidelagun lana sustraituz eta indartuz bide pedagogikoan. Horrela zen euskaldunon egitura politiko nafarra izan ginenean, eta hala izan bedi berreskuratzen dugun Euskal Estatuan ere. Gure herriaren milaka urtetako sustraietatik dugun bizi-indarra delako, herria bera. Horrela esaten zidan Juan Mari Torrealdaik, ikastolen Kilometroetan omendu genuenean: “garesti ordainduko du Euskal Herriak, herrigintzari egiten ari garena”. Ondoren publifikazio gaiarekin, gehiagotan elkarrekin komentatu genuen kezka berdina.
Argi ikusi dugu, herriko familien luzerorako estadista ikuskerak salbatzen gaituela behin eta berriz. Seme-alaben etorkizuna bermatzeak gurasoei sortzen dien kemena, berezko jakinduriz indartuta herrigintzari helduz, ikastola mugimendua indartzen du, dabilen herria bihurtuz. Horren indarrez motibaturik, modu pragmatikoz bide berriak egiten ari zaretenok, boterea alboratuz, esanetara ibili gabe, askatasun eta ausardiz jokatuz, ondare inmaterial komunalari, herrigintzaren auzolanetik erantzunez asmatzen duzue, behin eta berriz, historia luzean zehar.
Gora herrigintza nazionala eta bere pragmatismo emankorra! Gora hortxe ibilitakoak eta zabiltzatenok, bizi-indarraren senez eta jakinduriz, isileko egunerotasunean hezkuntza nazionala aurrera ateratzen. Seme-alaben etorkizuna duzue emaitza indartsuena, eta haien uzta berriei esker Euskal Herri osoa bizi-bizirik aurrera goaz.
Nire eskerrik beroenak familia guztioi.
*Mirari Bereziartua Arotzena (Oinezko herritar jubilatua. Ez erretiratua)