Idazleen zahartzaroa

Bertsolaritzan gertatu bezala, euskal literaturan ere hiruzpalau belaunaldi bizi eta ari gara lanean elkarrekin, eta bosgarren bat ere prestatzen ari da eskola eta institutuetan, literaturzaletasunaren transmisioa baztertu samar daukaten arren; nire bisitetan, haurrei zer izan nahi duten galdetzen diedanean (ia) inork ez baitu idazle izan nahi duenik esaten.

Lehendik ere prekarietatean zegoen sortzailearen bizitzak koronabirusaren auziarekin okerrera egin du nabarmen. Iruditzen zait iritsi dela unea, idazle guzti-guztiek ere, euren lana duintasunez egin eta hortik bizitzeko baldintza txukunak planteatu eta lortzekoa. Arazoak jar ditzagun mahai gainean, literatur sisteman eragina duten ekintzaile guztiek ezagutu ditzaten. Inertziak agindutako soraiotasuna hautsi dezagun, harreman zakarrak bideratu. Asmo onarekin ez da aski, eta kontzientzia jarri beharko dugu, hemendik aurrera, ekintzen aurretik. Honi guztiari gorputza emateko sortu dugu Lanartea, euskararen sortzaileak biltzen dituen elkarte inter-sindikala, ez gogoeta eragiteko, soilik, gauzak eraldatzeko baizik; inplikatuak dauden gure kontratatzaile guztiei exijituko zaien eraldaketa.

Ez da ahaztu behar funtsezko gauza bat: guk liburuak sortzen ditugu, eta liburu horiek gure herriaren nortasuna aberasten dute, identitatea sendotzen dute, forma eta mamia ematen diote, euskaldun izatea zer den finkatuz, eguneratuz etengabe. Eta, bestetik, liburua produktu bihurtzen da, merkatuaren salerosketa zirkuituan parte hartuko duena; gure ametsa egikari ekonomikoa bilakatzen da, eta milaka lanpostu sortzen dira horren inguruan. Ni oso harro nago idazle izateaz; gizartean diru publikotik bizi besterik egiten ez duten sektore askoren aldean, langileak gara gu, ekintzaileak, zerbait eskaintzen diogu herriari, zerbait agertzen dugu jendearen aurrean, objektu bat. Ez gara hitzontzi hutsak, bilera, txosten eta promesa hutsalen atzean ezkutatzen diren politiko eta diru publikoaren edoskitzaile profesionalak.

Esana dut, baina esan beharra dago beti: euskararen sortzaileek gainean daukaten prekarietatea latza da, izugarria, gogorra zinez. Eta sarritan, euskararen alde ari diren era guztietako estamentuek, itxuraz fede onarekin aritu arren, prekarietate hori sakondu baino ez dute egiten. Desoreka nabarmen bat dago erakundeon lanean: pentsatzea euskara bultzatu eta indartu daitekeela euskaraz sortzen dutenei gutxi ordainduta. Hori ezinezkoa da; lotuta dago dena, eta hizkuntza goratuko da hizkuntza horretan lana egiten dutenen diru sariak goratuta. Teoria antikapitalistak baldin badio pertsona jarri behar dela erdigunean, berdin gertatzen da teoria pro-linguistikoan ere: pertsona jarri behar da erdigunean, eta gure kasuan euskaraz ari den sortzailea.

Gazte batzuekin izandako esperientzia konta dezaket. Nik hitzaldi bat ematea nahi zuten euren herrian. 300 euro eskatu nizkien; nire curriculumak hainbeste ahalbidetzen du. Unibertsitateko irakasleek bezala, idazleak ere badu bere meritu sorta, antzinatasuna, prestigioa. 150 eskaini zizkidaten. 200era jaitsi nuen, akordio bati eskua luzatuz; ez zuten onartu. Nik ere ez nire prezioaren degradazioa. Pena eman zidan ezetz esan beharrak. Horrela dago gaizki ohituta euskal kultura: gauzak antolatzen dira sortzaileei miseria bat ordainduz. Halere, herri antolakuntza funtsezkoa da euskararen anemia instituzionalari aurre egiteko, baina euskararen aktibo nagusietako bat, sortzailea, gutxietsi gabe.

Arropa dendetan, edo informatikakoan, tabernetan, linterneroaren bisitetan isil-isilik ordaintzen bada eskatutakoa, zergatik negoziatu behar zaio idazleari prezioa? Ez naiz ohitzen gure prezioa auzitan jartzera, jendeak kulturaren prezioa kuestionatzera. Alabaina, idazlea ere ez da aingeruzko izakia. Sortzaileak sortzailea zapaltzen ere badaki, bera boteregunean dagoenean. Eta, bestalde, hainbat hedabidetan debalde idazten dutenek ez diote mesederik egiten gure arrazoi kolektiboari.

Aspaldikoa da gure egile eskubideen eztabaida ere. Saltzen dugun liburu bakoitzeko %10ean dago finkatua. Dendariak 20a jasoko du, banatzaileak 30a eta argitaletxeak 40a. Eskoletako umeak izugarri harritzen dira banaketa horrekin. Kapitalismoa zer den erakusteko aukera eskaintzen didate: lehengaia produktu bilakatzen duenak kobratzen du gutxien, idazleak, arrantzaleak, nekazariak… eta hura merkaturatzen duenak gehien. Portzentaje horiek berrikusteko asmoa aspaldikoa da, beti atzeratua gure patronalaren aldetik. Orain dator garaia.

Liburuaren industriari tasa bat jartzeko asmoa ere aspaldi entzun nuen, transakzio eta diru mugimendu guztiei ehuneko txiki bat erantsiz kutxa publiko batean gordeko dena, idazleen zahartzaroa mimatzeko, leuntzeko, babesteko, leku askotan egiten den bezala. Pentsioak osatzen lagundu, osasun arazoek sorturiko beharrak asetu, etxebizitza arazoak konpontzeko dirua… Laguntzak eskuratzeko orduan ere, idazleen alderdi humanoa hartu behar litzateke kontuan, beren ibilbide profesionalaz gaindi, eta ez hainbeste zergen mundu korapilatsuan egin duten nabigazioa. Batetik, sistemak miseria ekonomikoan bizitzera behartzen gaitu; eta bestetik zerga guztiak txukun ordaintzea exijitzen digu larrialdiko laguntzak jasotzeko. Tranpa perfektua da gu ezer gabe uzteko… Eta beste gauza asko daude egiteke, gure lanari aitortza, balio eta plus berezi eta beharrezkoa emango lioketenak.

Horri guztiari forma emateko sortu da Lanartea, euskararen langile autonomoen inter-sindikala; laster egongo da sortzaile saldo bat bere eskubideak defendatzen, prezio duinak eskatzen. Antolatzaileek ere, edozer antolakuntza ekonomiko dutelarik ere, pilak jarri beharko dituzte aurrerantzean.

Hitzen atontzaile eta esaldien sortzaile gara, ederra lana; idazten dut, eta askok diote «oso ondo, segi horrela», «ez etsi!», «badago zuk esaten dituzun gauzak esateko beharra!», baina proposatzen ditudan gauzak ez dira inoiz gauzatzen. Eta nahi nuke proposamenak gauzatzen ikustea; adinaren exijentzia izango da, beharbada. Bizitza oso bateko lanak eta hausnarketak zerbaiterako balio izan dutela sentitzea, idazleen lan baldintzak, bereziki, eta Euskal Herriaren egoera, orokorki, hobetzen sumatzea.

Ea gure kulturaren eta hizkuntzaren ekosisteman aldaketa galantak gertatzen diren, ezinbestekoak izango dira euskal nortasunaren irauteko.

Berria