Euskalduntzearen eta alfabetatzearen emaitzak ikusita, inork gutxik ukatzen du gaur egun gure porrotaren handia. Inork gutxik aitor ditzake irakaskuntza formalean eta informalean lortu ditugun emaitzak ikusita, euskararen ikasketak euskaldunak sortzeko balio izan duenik. Aho batez ez baldin bada ere, ñabardurak ñabardura, orain arteko hizkuntza politikak erreka jo du gehientsuenon iritzirako. Zer gertatu ote zaigu?
Euskararen eta euskal hiztunen artean egon behar lukeen identifikazio-ezak sortzen digun lehen arazoa, arazo nagusia, dakigunez, hauxe da: euskal hiztunak ez duela maiz euskaldun gisan jokatzen, eta, identifikazio-eten horrek euskararen erabilera hutsaren hurrengora baztertzen duela. Baina behar-beharrezkoa al da ordea identifikazio hori gertatzea euskaldun gisan jokatzeko? Horra gure arteko galdera nagusia, errezelo gaiztoen iturri den galdera betikoa. Ez al da bada nahikoa euskaraz jakitea euskaldun gisan jokatzeko? Ezin ote daiteke bada erdal identitatearen baitan bakarrik bizi eta euskaldun gisa joka aldi berean, euskara erabiltzeari darizkion dimentsio psikosozialak eta kulturalak barneratu gabe?
Azken galdera hauen erantzuna ezezkoa da nire ustez. Ezin da euskaldun gisan jokatu euskararen erabilerari darizkion identitate-osagarriak partekatu gabe. Zergatik, ordea? Galdera honen erantzun egokian dago inondik ere gertatu zaigun porrotaren azalpena neurri batean. Erantzun egokia ematen asmatuko bagenu, praktika didaktikoan, pedagogikoan eta psikologikoan ditugun oztopo eta aurreiritzi batzuk behintzat gaindituko genituzke. Ikaragarriak baitira dauzkagun aurreiritziak auzi honetan: aski da euskararen identitate-inplikazio batzuk aletzen hastea ikastola eta euskaltegi gehienetako irakasle gehienak aztoratzen hasteko.
Hala eta guztiz ere, goiz edo berandu, nahita edo nahigabe, gure errealitate soziolinguistikoaren gordinak horretara garamatza: alegia, hizkuntzari buruzko ikusmoldea aldatzea eta hizkuntzaren identitate-inplikazioak aintzat hartzen hastea. Euskaldun izateak dituen identifikazio-inplikazioak aintzat hartzea. Horretarako, hizkuntzaren definizioa bera irauli behar genuke, hizkuntzalaritzatik-eta etorri zaizkigun definizioak biluztuz eta larrutuz. Hizkuntza komunikazio sozialaren ardatzean kokatu behar genuke, gure ingurunearen erreferentzietan eta balioetan sozializatzen gaituen dimentsio psikosozialtzat hartuta. Gure bizimodua eratzeko eta artikulatzeko bidetzat jota.
Hizkuntza, bada, munduratzen, gizarteratzen eta kulturaren esanahi-sistemaren ekintzetan barneratzen gaituen baldintzatzat eta egitatetzat hartu behar genuke. Nolabait esan, geure egitura psikikoaren eta mundu sozialaren arteko diskurtso-zubitzat. Hizkuntza ez genuke jo behar gauza pasibotzat, identitate soziala eta pertsonala sortzen eta eraikitzen duen faktoretzat baizik. Eta, horrenbestez, gizakiaren nortasuna eraiki duen etxea litzateke, era guztietako esanahiez eta sentieraz jositako etxea izango genuke hizkuntzaren izaera. Ez baitago hizkuntzaren ardatzean eraikitzen ez den kulturarik. Demagun globalizazioaren fenomenoa: globalizazioaren fenomenoan ez al du bada, neurri batean bederen, hizkuntza global batek kultura global bat sortzen?
Etxe linguistiko batean bizi gara, besteak beste, ez soil-soilik etxe ekonomiko edo sexual edo juridiko batean bakarrik, zerbait esate aldera. Gure dimentsio soziolinguistiko hori izan da hain zuzen gure dimentsio psikosoziala eta kulturala eraiki dituen etxea, ezin baikara bizi etxe linguistikorik gabe: mutu, alegia. Eta eraikuntza prozesu horretan hizkuntza bakoitzak bere testuinguru historikoa dauka, eta testuinguru horren arabera gauzatzen dira identitate-garapenak hiztunaren nortasunean. Jakina, zer gertatzen da elebitasun diglosikoaren mendean bizi den hizkuntza baten identitate-fenomenoarekin? Zergatik ez du euskarak euskal identitaterik ekoizten hemengo bi erdarek euskal hiztunen baitan ekoizten duten neurrian?
Beraz, hizkuntzak identitatea berezkoa baldin badu, hori nola gauzatzen da euskaldunaren kasuan? Gauza jakina denez, euskal hiztun askok eta askok erdarara jotzen du inolako nortasun-arazorik gabe. Ez dirudi ezer galtzen duenik bizitza erdaraz taxutzearekin. Erdararen etxean euskararen etxean bezain goxo sentitzen da nonbait. Hori horrela gertatzen baldin bada, horrek esan nahi luke, bizitza eratzeko eta artikulatzeko daukan komunikazioa euskalduna izatea edo erdalduna izatea berdintsu zaiola. Baina, jakina, ezin dugu pentsatu hori horrela gertatzea, balizko elebitasun orekatuaren ondorio denik: ez baita hala, bizitzaren zatirik funtsezkoenak erdaraz eratzen eta artikulatzen baititugu.
Ondo dakigunez, erdal identitatea nagusitzen zaio gure herrian elebidunari, euskal elebiduna erdal elebidun bihurtzeraino hain zuzen: hala, gezurra badirudi ere, hizkuntza nagusira, erdarara, lerratzen dira barne-mintzaira errotuena euskara duten hiztunak ere barne-borroka handirik gabe. Identitate-arazo latza daukagu hortaz euskararekin: gainerako bi erdaren erabilerak identitate-efektu indartsuak sortzen dituen bitartetan, euskarazko jardunak ez du halakorik eragiten euskaldun gehienen nortasunean. Hizkuntzaren erabilera artifizial batek bakarrik esplikatu ahal izango luke problema hori. Euskara nork bere nortasunaren osagarritzat ez hartze batek. Bestela, nekez uler dezakegu euskaldun askoren auto-etnozidioa.
Horiek horrela, bada, hizkuntzaren eta identitatearen harreman-motak arautzen du, besteak beste, euskararen erabilera ere: zenbat eta sakonagoa izan leialtasun-lokarri hori, orduan eta euskaldunagoa izango da hiztunaren hizkuntza jarrera; eta zenbat eta erdaldunagoa, hainbat eta arrotzagoa gertatuko zaio euskaraz jardutea eta bizitzea. Horregatik, euskarazko ikasketaren iturri eta oinarri diren curriculum formaletan eta informaletan, euskal identitatearen plangintzarik eta politikarik ezarri ezean, emaitzak egungoak izango ditugu aurrerantzean ere.
Hezkuntzako hizkuntz eredurik euskaldunenak ere ez du ezker askorik balio euskaldun aktiboak sortzeko orduan, hiztun horien identitate-sentimendua euskalduna ez baldin bada. Alferrik da euskarazko gaitasun linguistikoa halako edo holako izatea. Alferrik ahozkoan eta idatzian halako erreferentzia-maila gaindua duela frogatzea. Baldintza horiek beharrezkoak izango dira, bai, baina ez dira nahikoak: nahikoak izateko, euskaldun gisan jokatu ahal izateko alegia, euskaldun izatearen kontzientzia eta nortasuna behar ditu hiztunak gure hizkuntz egoera menderatu honetan.
Joxe Manuel Odriozola, Euskara irakaslea