Oraindik ere, euskaltegi, ikastola, taberna eta mota guztietako txokoetan irakur daiteke J. A. Artzeren esaldia. Oso gutxitan iraun du ideia batek hainbeste urtez, eta oso gutxitan izan da hain hedatua. Hainbestetan irakurri dugu, non buruz ere ikasi dugun. Hizkuntza galtzearen ardura gurea da erabili ezean, euskara ikasten ez dutenek eta haien elebakartasuna etengabe inposatzen diguten horiek ez dute ardurarik euskararen galeran, nonbait.
Zoritxarreko esaldiak badu bertsio modernoagorik, izan ere, 2005ean HPSk honako hau argitaratu zuen: «Euskaldunon arduragabekeria da euskararen etsairik handiena. Zerbaitek galaraz badezake guztiz hizkuntza bat, zerbait baldin bada hilgarria hizkuntzarentzat, hiztunen arduragabekeria edo axolagabekeria da». Berriro ere, ideia bera modu desberdin batez, gu geu gara euskararen etsairik handiena. Modu eta iturri desberdinez hedatua, ideia indartsua da gure artean, euskaldunok dugu giltza, ardura.
Agian, ideia hori erabat barneratua dugulako, kezka handia sortu da euskaltzaleen artean kale-erabilera datuak ezagutzean. Hedabideetako tituluek kezka areagotu dutela iruditzen zait, eta, gaia argitu baino, maiz, nahasi egin dutela uste dut. «Euskararen kale erabilera ez da igo, azken 5 urteetan», «Euskararen erabilera ez da ari igotzen ezagutzaren neurri berean, kalean», eta gisa bereko hainbat eta hainbat. Herritarrek, titulu horiek ulertzeko, arestian aipatu dugun ideia nagusi eta dominantearen iragazia erabiltzen dute, logikoa den bezala, eta, ondorioz, begirada guztiak euskaldunongana zuzentzen dira: ez baduzue erabiltzen, euskara galduko da; zuek eta ez beste inor zarete erantzuleak. Egia, ordea, guztiz bestelakoa da.
Lehenengo eta behin, esan behar dugu, Txillardegi lagunaren eredu matematikoaren arabera, %13ko erabilera tasa lortzeko —kale-erabileraren neurketak gaur egun eskaintzen duena, alegia—, %43ko ezagutza tasa beharko genukeela. Horrek hainbat gauza esan nahi du. Alde batetik, euskaldunok badugula gure artean biltzeko joera eta biltzen garenean euskara erabiltzen dugula lehentasunez. Gogoratu behar dugu euskaldun guztiok garela gutxienez elebidunak eta, ondorioz, aukeratzen ahal dugula zein hizkuntza erabili. Bada, euskara erabiltzeko joera nabarmena adierazten dute datuok.
IV. inkesta soziolinguistikoko ondorioetan bi ideia garrantzitsu irakur zitezkeen, orain ere gaurkotasun handikoak. Alde batetik, euskara erabiltzeko baldintza egokiak behar direla esaten zen, eta horiek esparru eta gune gutxitan gertatzen zirela aitortzen zen; beste alde batetik, euskara erabiltzeko baldintzak egokiak direnean eguneroko jardunean euskara erabiltzen dela aitortzen zen. Hortxe dago hutsune nagusia. Orain arte garatu den hizkuntza-politika desegokiak gizarte espazioak euskalduntzeari muzin egin, eta nagusiki pertsonak euskalduntzearen alde egin du (egin duenean), horrela gizarte espazioak euskaldunduko liratekeelakoan. Gaur egun, familia transmisioak, eskolak eta euskaltegiek euskalduntzen dute, eta gizarte espazioek, aldiz, erdaldundu. Horri gehitu behar dizkiogu, oraindik ere, erabili nahi izateak sortzen dituen mota guztietako endredoak, hiztunari eragiten dizkioten kalte emozionalek hizkuntzaren hautuan zuzenean eragiten baitute.
Ezin erabiltzeak eragin zuzena du euskararen kalitatean, eta hortxe dugu beste arazo bat. Euskararen kalitatea funtsezkoa da erabilera bermatzeko. Gaur egun, estatistikek euskalduntzat hartzen dituzte hizkuntza gabezia handiak dituzten pertsonak, eta horrek datuak desitxuratzen ditu. Euskara eta erdara biak berdin ezagutzen dituztenen artean erabilera tasa handia da oso, %76,1ek erabiltzen dutelako euskara gaztelania baino gehiago edo gaztelania beste. Datu hori are handiagoa da euskara erdara baino hobeto ezagutzen dutenen artean: %97,3. Horrek esan nahi du euskara ongi ezagutzen denean herritarrek euskara lehenesten dutela. Baina, euskaldun gehienek, belaunaldi berriek nagusiki, euskara kamutsa dute, eta, ondorioz, haien artean euskararen erabilera txikiagoa da. Bi hizkuntza edo gehiago ezagutzen duzunean ikuspegi pragmatikoa gailentzen da, eta adierazi nahi duzun hori adierazteko ziurtasun eta gaitasun handiagoa eskaintzen dizun hori hautatuko duzu. Edozein kasutan, kalitate gabezia hori ez da herritarren errua bakarrik. Urte mordoa daramagu aldarrikatzen hezkuntza-sistemak erreforma handi baten beharra duela belaunaldi berriak oso-osorik euskalduntzeko eta kalitate maila handiagoa eskuratzeko. Patxi Lopezen Gobernuak Celaa anderearen ardurapean hiru eledun eredua ezartzeko 3 urteko ikerketa abiatuko zuela iragarri zuenean denok genekien ez zuela inolako asmorik ezer aldatzeko eta legealdi oso bat galduko genuela. Jada hauteskunde berriak iragarri dira, eta hezkuntza-sisteman ez da aldaketarik gertatu, ez behintzat ezagutza unibertsalera hurbiltzeari dagokionez.
Azkenik, erabilera tasak beste datu batzuekin gurutzatuz, ikuspuntu desberdinak eskura ditzakegu. Izan ere, Nafarroaren kasuan, esate baterako, egunkari honek berak honako hau esan du: «Nafarroan oso mantso ari da handitzen euskaldunen kopurua, bereziki gazteen artean, baina erabilera ez da hazten ari». Esaldiaren lehen partea guztiz zuzena da, Nafar Gobernuaren hizkuntza-politikaren helburu nagusietariko bat ezagutza eragoztea da, eta, neurri batez, lortzen ari da; baina duda dugu guztiz zuzena ote den esatea erabilera ez dela hazten ari. Izan ere, 1991-2011ko tartean 22.810 euskaldun gehiago izatea lortu dugu; biztanleak, ordea, denbora tarte berean, 116.427 gehiago dira, eta, hala ere, erabilera tasa ez da jaitsi. Objektiboki, aukera gutxiago dugu orain nafarrok euskara erabiltzeko, baina, hala ere, erabilera tasak ez du atzera egiten. Hori, euskaldunon komunitatearen trinkotzea eta leialtasuna azpimarratuz bakarrik azal liteke.
Beraz, euskara gal ez dadin, euskaldunek erabiltzeaz gain, ez dakitenek ikasi behar dute, instituzioek hizkuntza politika eragingarriak abiatu behar dituzte, mota guztietako gizarte eragileek haien espazioetan euskara erabilgarri bihurtu behar dute, eskolak eta euskaltegiek, baliabide egokiak izan behar dituzte herritarrek kalitatezko hizkuntza eskura dezaten ezagutza unibertsalaren bidean, eta hori dena plangintza sendo, oso eta zehatz baten barruan egin behar da, non epeak eta helburuak zehatz-zehatzak izango diren.
Zorionez, herritar euskaldunok gure hizkuntzari erakusten diogun leialtasuna dudarik gabekoa da. Justiziazkoa da, beraz, hori aitortzea. Hala ere, normalizazio prozesu bat ezin da sine die luzatu, denbora faktoreak ez du gure alde egiten. Alde horretatik, inoiz baino beharrezkoagoa da hizkuntza-politika berri eta eragingarria abian jartzea. Ea garai berriak hori ere dakarkigun.
Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten badute eta denek erabiltzen badute.
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-08-28/005/001/hizkuntza_bat_ez_da_galtzen.htm