Hitzaren heroiak

Hitzak_min

Joan den larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalak garaipen bikoi-tza lortu du ongi ikusita; batetik, artea berekin ekartzen ari den zaletasun uholdearen neurria, eta bestetik, nafar hiriburuan euskara hutsean (eta ezinbestez euskaldunentzat) egin den ekitaldiak hainbesteko jendetza bildu izana Labrit pilotaleku sinbolikoan.

Ahozko tradizioa aipatzean, antzinatasunaren zaporea hartzen diogu maizenik, eta ez du zertan horrela izan. Labriten bizitutakoak, haatik, ahozkotasunaren indarra agerian utzi du, iraganean zuen funtzioaz asko aldendu den arren.

Mike Tyson edo Rocky Marciano boxeolariak ringera bezala sentitu genituen lehiakideak oholtzara bidean; pilotalekua txalo zaparrada galantaz gortu genuen 1.300 lagunek. Zer dago horren gibelean?

Bat-bateko jardun mota honek bere baitan (eta bere bitartez) funtzio sozial ugari betetzen du. Garaian, funtzio informatibo handia zuen, komunikazio tresna gisa eraginkorra zen. Kulturaren defentsarako baliatu zen oro har, baita publizitatea egiteko ere. Egun, berriz, dibertitzea du helburu nagusi, baina bestelakorik ere lortzen du.

Hasteko, hizkuntzaren mesedetan ari da; euskara ikasteko, aberasteko tresna ezin hobea da, bai “jokalarientzat”, bai zaleentzat. Horrekin batera, gizatalde baten erreferenteak biltzen eta baliatzen dira, kultura bat bizi da arte horren inguruan.

Gainera, jendea batzen du, komunitarioa da ekintza, kolektiboa; biltzen ditu gaztea, neskatila, mutil koadrila, zahar bikotea, gaztetxoak, edadeko grinatsuak… publikoa ani-tza da ikaragarri, adinak baldintzatzen ez duen ekitaldia da gaur (publiko eta tokien ugaria, hala nola gaurko sona, ez ditu beti izan, ordea).

Esanguratsua, bestetik, txapelketa beraren izaera. Beste edozein lehiari nekez ikusiko diogu norgehiagoka honen itxura sanoa; jarrera positiboa eta elkarrekin lan egitea nabarmen. Edonola ere, bertsolaritza, txapelketatik at, batik bat, denentzat da jolas.

Arrazoi aski gaurko gizarte euskaldunean nortasunari eusteko erreminta indartsua dela ulertzeko (nahiz eta denak globalizatzen ari garen, baita bertsolariak ere).

Badira munduan bertsolaritzaren hurbilekoak: esaterako, Cant Valencià, musikaren laguntza baliatuz, bi lagunen artean eratzen baita bertsoa; Payada, Uruguayen adibidez, errezitaldi bat inprobisatzen da erriman eratuta, kantuz eta gitarraz; Slam amerikarra gau tabernetan, herri-poesia kaletar modernoa; trobo alpujarreñoa Andaluzian, poesiazko elkarrizketaren inprobisazioa folklore musika batean gainean; Kubako repentismoa aski ezaguna, bestalde; Mutetu longua Sardinian, ahozko tradiziozko poesia generoa, gizonezkoen eztarriko hotsez zein gitarrez lagunduta aritzen baitira… Funtsean, Grezia eta Erromako garaietan, jadanik, bi troboren arteko dialektika-eztabaida bazen, eta kultura arabiarrean, bestetik, inprobisazioaren artea VIII.etik sustraitua dago, repentizazioan oinarritutako joko poetiko sistema oso bat sortu baitzen.

Antzekoak dira, baina ezberdinak. Antzinakoa ala modernoa, bertsolaritza, geurea. Garapen sakona eta berrikuntza handiak jasan dituen arren, eta funtzioak funtzio, egiazki, artea da gordinik. Bertsolariak melodia bat hautatu behar du, gaiari heldu, errima bat aukeratu, egitura prestatu, amaiera ongi lotu eta bertso-kideak botatakoei erantzun, besteak beste. Hori dena hainbeste begi, belarri eta burmuin adi izaki aitzinean.

Hitzaren heroi txiki batzuk iruditzen zaizkit (bihoa hau omenaldi xumetzat!), izan ere, dohain dosia eta ariketa saio aparta agertzen baitute ahozko “literatur-lari” hauek. Beste hainbat kulturetan moldeak zaharkitu xamar gelditu dira, baina gurean aldiz, XXI. mendearekin bat ari da jarduera; euskara, gaiak, parte-hartzaileen gaztetasuna, zaletasun maila, etab. Eta ez da taulan bakarrik funtzionatzen duen artea, alegia, (eta horretan du baliorik handiena) plazan, tabernan, bestaz, ospakizun eta beste hamaika jarduera sozialetan bizi da. Nago ligatzeko ere arma ona dutela poeta hauek! Bejondeiela!

Nabarralde-k argitaratua