Hasteko, eta gauzak argiro esatearren, esan dezadan independentista hutsa naizela, separatista alegia. Frantziar eta espainiar estatuetatik at, erabat kanpo, egon liteke euskal estatu errepublikar baten aldekoa. Gutxienez, Europar Batasunean (EB) oinarriak diren gaurko estatuek iraungo duten bitartean. Bihar etzi beste eraketa bat egonen dela Europan? Ongi, baldintza horietan ikusiko dugu zer-nolakoa antolaketa emango diogun geure herri osoari. Baina gaurkoz, separatismo hutsa.
Montreal-en, QuEbec-en hasi nintzen, beste behin eta era sakonago batez, ekonomia ikertzen. Eta QuEbec-en egoera (Kanadatik kanpo ala Kanada barruan?), analizatzeari ekin nion, orain dela 20 urte. Quebec-en gauza interesgarri bat ikasi nuen, alegia, hango sindikatuek subiranotasunaren inguruan, mugimendu zibilen arloan, errebindikazio sozialen aurrean jorratutakoa txalogarria zela benetan. Are txalogarriagoa, pentsatzen baldin badugu aberastasun guztia lan-indarrak sortzen duela, lan-indarra zentzu zabalean noski (Adam Smith, Karl Marx edo eta John Maynard Keynes, lekuko).
Subiranotasuna, autodeterminazioa, independentzia, horrelako kontzeptuak argitu behar dira. Ados. Mundu mailako ekonomia eta europar ekonomia ikertu beharra dago. Argi. Dauden arazoak eta baldintza kontuan eduki behar dira. Noski. Historizismoak (XII. mendeko nafar estatua eta abar) ez digu ezertarako balio. Argiago ezin. Historia irekita dago, Deleuzek dixit. Euskal Herria oso eskasa da baliabide naturaletan. Badakigu. (Japoniak ere ez; eta ez dut Japoniako eredu ekonomiko eta soziala inportatu nahi. Ezta pentsatu ere ez!) Baina Euskal Herriak, bere osotasunean, giza kapital ikaragarri on, landu eta aberatsa dauka. Ezin ukatu. Ahalmen hori frogatu izan da hala frankismo nola neofrankismo edo eta sasi-demokrazia honetan, eta hori guztia inongo subiranotasun politikorik eduki gabe. Nola egon gintezke subiranotasun politikoarekin, geure erabakiak hartzeko ahalmenarekin? Dudatan ote zaudete?
Dena den, eta hauxe egia da, epe luzera, zenbait erabaki ekonomiko hartu beharko genuke industrian, inbertsioetan eta geure azpiegitura ekonomikoan: arlo produktibo berrietan inbertituz, sektore estrategiko berriei buruz arduratuz (eta zaharkituak baztertuz), alegia, hezkuntza, irakaskuntza eta ikerketan inbertituz. Gaur egunean bi estatuk erabakitzen dute guri, ekonomia mailan, dagokiguna: ontziola dela, arrantza dela, nekazaritza dela, irakaskuntza dela, edo eta nazioarteko foroetan parte hartzeko eta erabakitzeko arlo desberdinei dagozkien jardueretan.
Egun inolako konpetentziarik gabe, Euskal Herria, bere osotasunean, ez dago hain gaizki: espainiar zein frantziar estatuetako zenbait erregio baino hobe. Are gehiago, portuges estatua baino hobe. (Baten bati otuko litzaioke portuges estatua espainiar estatuan “integratzea” portugesak hobe egotearren? Badakizue portuges esaera hura: “Espainia eta ozeano atlantikoaren artean? Ozeanoa!”) Nola egongo litzateke Europan euskal errepublika independente bat? Gaur baino hobe, inongo dudarik gabe.Are gehiago, hego Euskal Herria, oro har, espainiar estatu baino hobeki dago arlo ekonomikoan. Esan diezagula espainoltxo batek ez duela bere estatua behar, eta, kasu, frantses estatuan “integratuko” dela. Zer dela-eta, hortaz, gure ekonomia ez aritzea errepublikar estatu propio batean, Europan kokatua, eta erabakiak hartzeko subiranoa izanik, Europako beste estatu guztiek daukaten subiranotasun-maila berberarekin? Zeren beldur gara? Zer dela-eta Espainiarekiko (eta Frantziarekiko) gutxienezko konplexu hori?
Gure ekonomia enpresa ertain eta txikien inguruan murgiltzen da. Hori da gure altxor produktiboa, hala gestiogintzan nola produkzioan, bere lan-indar oso produktibo eta lehiakorrarekin. Horixe da gure faktore estrategikoa, zaindu, hobetu, gaurkotu eta mimatu behar dena. Madrilek egindako ahalegin guztien gainetik, hego Euskal Herria aurrera doa. Nola joango litzateke oztopo guzti horiek izan barik? Agian, inbertsioak egiteko uneetan, ikuspegi orokor bat, ikuspegi nazional bat falta zaigu, herri osoa kontuan edukiko duena; epe laburretik izan ezik epe ertain eta luzeko inbertsioak kontuan izango dituena; herrialde guztietan (Lapurdi, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Nafarroa Garaian edo eta Baskongadetan) inbertituko duten enpresariak, kooperatibak, inbertsiogileak bultzatuko dituena.
Quebec independentearen inguruan, Montreal-en orain dela 20 urte, entzundako ekonomiari buruzko txorakeria berberak hasi gara hemen entzuten espainiar sasi-ekonomialarien ahotik. Ez dut uste gehiegi merezi duenik horiei kasu egiteak. Baina mingarria da abertzalea omen den hemengo jendea txorakeria beretan murgiltzen hasten denean. Ulertezina niretzat. Edo agian ulergarria, zeren abertzale etiketaren azpian edozein gauza ezkuta daitezke. (Horrexegatik gu bezalakook separatistak gara!) Argudio nagusia hauxe litzateke: euskal independentzia berdin deskapitalizazioa. Euskal Herria irla bilakatuko litzateke, azak jango genituzke, kapitalek ihes eginen ligukete, pobrezia hedatuko litzateke, langabezia areagotuko. Baina katastrofe guzti horiek gurera etorriko balira, orduan, zer dela-eta onartezina da autodeterminazio eskubidea Euskal Herrian aplikatzea? Zeren beldur dira espainolak (eta frantsesak)? Okerrago oraindik, independentea al da espainiar estatua, frantses estatua, Europar Batasuna bera? Ba ote dago gure inguruan era autarkiko batez iraun dezakeen estatu bat? Nork bultzatzen du Euskal Herrian aukera ez historiko hori? Gaur egungo baldintza kaxkar hauetan, espainiar estatua baino hobe funtzionatzen dute hainbat euskal erakundek irakaskuntzan, osasungintzan, eta hainbat zerbitzu sozialetan. Nola funtzionatuko lukete beren ahots propioa edukiko balute? Hamaika bider hobe. Segur egon. Dudatan egotekotan, egin dezagun froga datozen hamarkadetan zehar, eta gero, berriz, nahi izanez gero, dena berrikertu.
Gaur egungo EB estatu desberdinen eraketa da, baita kapital handiaren eraketa ere: enpresa handiek eta banku erraldoiek beren nahitarako sortu eta antolatu dute EB. (Badago oso liburu on bat, orain dela 25 urte plazaratua: Stuart Holland (1980) Uncommon Market. Oraindik ere irakurtzeko merezi du. EBko merkatua ez da komuna, erabat desorekatua baizik.)EB horretan euskal errepublika independentea eratzeko daukagun oztopo bakarra, apartekoa noski, bi estaturi dagokiona da: espainiar eta frantses estatuei. Ez dago beste oztoporik, ez ekonomikorik, ez sozialik, ez kulturalik edo linguistikorik. Arazoa erabat politikoa da. Kontua subiranotasunari dagokio, autodeterminazioari, erabakitzeko subjektuari. Horretaz ez dut uste abertzalea denak dudarik izango duenik. Hortaz, ados bagaude horretan, ahalegin gaitezen horren inguruan batzen, bateratzen. Egia da EB hori martxan jartzerakoan, soilik kapitalari begiratu diotenez, europar banku zentralak izan duen politika monetario ia bakarra inflazioari aurre egitekoa izan dela. Ondorioa ezaguna da: langabezia nonahi eta gastu sozialen murriztea.
Beste aldetik, badakigu hitzen zorabioarekin ez goaz inora. Subiranotasun ekonomikoa aipatzen denean, zehaztu behar da, jakin behar dugu zertan ari garen. Argi dago gaur egungo EBko estatuek daukaten subiranotasun politikoak (nolanahi ere den!) ez duela suposatzen, ezta pentsatu ere, subiranotasun ekonomikorik daukatenik. Beraz, separatistok, erabat independentzia zaleok, hor daukagu desafio teoriko bat, argitu beharrekoa, geroko gero baterako ezin dena luzatu. Abertzaleak bai baina independentistak ez zaretenok independentzia birtualaz hitz egin gabe, borroka ezazue eskubide demokratikoa den autodeterminazioak Euskal Herrian gauza dezan. Gutxienez bat egin dezagun horren inguruan, independentzian sinesten ez duzuelako. Nire aldetik ad nausean idatzi dut 1985tik gaur arte, azken hogei urte hauetan Euskal Herriaren independentziaz, itxi zizkiguten Egin-en eta gero Egunkaria-n, Berria-n, Uztaro-n, Herria 2000 Elizakoek daukaten aldizkarian eta antolatu dituzten kongresu berezietan, baita liburu batzuetan ere. Badakit, hala ere, ez dela nahikoa. Arazo horretaz ikertzen eta idazten jarraitu behar dugu. Zin dagit neure ahalegintxoak hortxe emango ditudala.