Historiaren sinkroniak

Euskaldunek Espainiako koroaren menpean egin duten historiaz nire zalantzak idatzi nituenetik, egunkarietan etengabe agertu dira historia ofiziala berraztertu eta berridatzi behar dela dioten ahots anitzak, era guztietakoak eta munduko leku urrunenetatik iritsiak.

Hurbilenetik hasteko, Luis Alberto Aranberri Amatiño-k testu eder bat argitaratu zuen abuztuan bere blogean, munduan historia ofiziala berrikusten ari diren zenbait kasu aipatuz. Aita Santuaren barkamen eskeak zituen goiburu: iaz Mexikon aitortu zituen Elizak Hernan Cortesen garaietatik XX. mendera arte bertako biztanleei eragindako tratu txar eta gutxiespenak, eta aurten Kanadako indigenei eskatu die barkamen, kolonizazioak eragindako kalteen aurrean Elizak izan zuen arduragabekeriagatik. 1863-1998 bitartean gobernuak 150.000 ume barrendu zituen; berrezi egin behar ziren. Horretarako jipoitu egin zituzten, bortxatu inongo mugarik gabe, euren arraza eta kultura mespretxatu: berreziketa honen baitan milaka eraildakoen gorpuak agertu dira berriki.

Aipatzen ditu Amatiñok kasu gehiago: monarkia belgikarrak eskatu duen barkamena Kongon egindako krimen odoltsuengatik, Alemaniak aitortutako errua Namibiako genozidioagatik, Macronek Frantziaren izenean aitortu duen erantzukizuna Ruandako sarraskiengatik… Eta zehazten du kazetariak hiru ideia daudela Europak zibilizazioaren izenean egindako krimen hauen oinarrian: zurien nagusitasuna, tokian tokiko biztanleen gutxiespena, eta bere zibilizazioaren izenean bortxakeria justifikatzea, espanturik gabe jendea zapaltzeko, bortxatzeko, birrintzeko eta hiltzeko.

Ondoren errenkadan hasi ziren iristen gaiari buruzko iritziak, halako sinkronizazio misteriotsu bat gertatu balitz bezala. Ildefonso Falcones idazleak dio, bere azken nobelan, Espainia izan zela esklabotza bertan behera utzi zuen azken herrialdea: «Errealitate historiko bat da, eztabaidatu ezin dena. 1880ra arte eduki zuen Espainiak, ez da hainbeste denbora, gure aitona-amonek bizi izan zuten. Onartezina iruditzen zait inor bertsio samurrago bat ematen saiatzea».

Gabriela Cabezon Camara idazle argentinarrak El Pais egunkarian ateratako zutabe batean honela deskribatzen du indioek larrutik jasan zuten kolonialismoa: «Kolonengandik dator hitza, eta espainola da, guztiz. Ez zuten Argentinako eliteek asmatu, baina zein ongi jarraitzen duen bere ibilbidea udalerriko, probintziako eta nazio mailako buruzagien eskutik. Zeinen ongi onartzen duten munduko ordenak ezarri digun lehengaien ekoizpeneko rola. Bere biztanleen pozoitzeak ere ez die zalantzarik eragiten. Herri hauentzat munduaren amaiera izan zen, jada. Hil egin zituzten, esklabo bihurtu, bortxatu, lurrak lapurtu zizkieten, euren erlijioa baztertzera behartu zituzten, euren hizkuntzaz lotsatzera».

Yasnaya Aguilar idazle mexikarrak, egunkari berean galdetzen zuen handik egun batzuetara: «Zerk batu nazake munduko herrialde indigena guztiekin? Ez identitateak, bederen, baizik eta kolonizazioa sufritu izanak, eta nazio-estatu modernoen baitan kapsuletan itxiak geratu izanak».

Abuztuan bertan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Aljeria bisitatu zuen, duela urtebete bi herrien artean arraildura sakona eragin zuen krisia konpontzeko asmoz. Krisiaren kausa? Desadostasunak zituztelako, batetik Frantziak daukan migrazio politikaz; eta, bestetik, bi herrialdeen arteko historiaren interpretazioaz, biek partekatzen duten iragan bortitza (Frantziak Aljerian eragindako bortizkeria koloniala, hain zuzen) nola definitu, nola kontatu. Elkarlanerako kontseilu baten sorkuntza adostu dute, eta bi herrialdeetako historialariak bilduko dituen komisio bat, bien artxibo guztietara sarbidea izango duena, kolonialismoari buruzko kontakizun bateratu bat erdiesteko.

Ingalaterrako Elizabeth II.aren heriotzan ere izan dira ahots kritikoak. Richard Stengel, Obamaren administrazioko partaide ohia: «Erreginak presiditu zuen kolonialismo britainiarrak eragin mingarria izan zuen munduaren zati handi batean». Karen Attiah, Washington Post egunkarian: «Erreginaren heriotza une aproposa da zintzoki begiratzeko zer kalte eragin zuen inperio britainiarrak, eta suntsitzen joateko ezarri zuen arrazismoaren lorratzak, zurien nagusikeria eta menderatze ekonomikoak».

Nazio askotan hedatu da kolonialismoari buruzko kritika eta berridazketa; mendekotasuna, mendeetan gauzatu den menpekotasuna, alegia, birpentsatze prozesu etengabean dago leku guztietan. Historiaren berrikuste askatzaile horrekin sinkronizatzeak asko lagunduko lioke Euskal Herriari ere, bere aurpegia ispiluaren aurrean beste begi batzuekin ikusteko.

Edozein motatako hartu-emanaz ari garenean, berdintasunaren kontzeptua jarri behar dugu beti erdigunean. Adibidez, hartu-emana litzateke Euskal Herrian gaztelera hitz egitea, eta Gaztelan euskara. Baina errealitatea hori ez denez, lasai asko esan dezakegu Gaztelara lehenik, eta gero Espainiara (Frantziara bezala) batu gaituen historia menderakuntza baten kronika luze bat dela, mendeak irauten dituena. Konkistatu eta irentsi egin gintuztela, gure ondasunak ebasteko, gure kultura ahultzeko eta gure hizkuntza eskasteko, ia iraungitzera eraman arte.

Suntsipen ahaleginak forma ezberdinak hartu dituela, garaian garaiko estandarrera moldatuz, eskaintza diruz ongi hornituak egin dizkigutela haien jabetasuna onar genezan, baina oraindio ez dela halakorik gertatu, indar politikoz justu-justu baldin bagaude ere. Hortik abiatu beharko luke Euskal Herriaren historia egin nahi duen orok.

Historia zientzia politiko bat da, historiaren bidez politika egiten dute herriek, edo saiatzen dira bederen. Hargatik, historiaren argira esan liteke edozein ekimen politikok, Euskal Herrian, bi baldintza bete behar dituela, ezinbestez: batetik, Espainiarekin deskonektatzea; bestetik, munduan herri zapalduekiko justizia beharraz hedatzen ari diren ideiekin sintonizatzea.

Ahal izan duten herri guztiek egin dute ihes Espainiaren menetik; ez da bakar bat historian, ihes egin ahal izan eta beraizik Espainiaren mende jarraitu duenik.

Espainiaren barruan jai daukagulako, eta Espainiaren barruan jai daukagula ahaztu dutenekin ere bai.

Berria