Harriaren unibertsoa


Iñaki Perurenak Manuel Irujo saria jasoko du gaur Lizarran, “euskal kulturan izan duen eraginagatik”

Perurena

 

Leitza.UITZIRAKO bidean eraiki du Iñaki Perurenak (Lei-tza, 1956) Peru-harri museoa, bere herritik hurbil. Gorrittenea baserriaren ingurune paregabea profitatuz, harriaren unibertso propioa osatu du mendian, pago eta haritz artean. Bere babesleku izan da azken urteotan Peru-harri, eta hantxe ito ditu indar, gogo eta atsekabeak, denak batera. Emaitza oso pertsonala da, badirudi harria aske dela espazio zabal eta belartsuan, naturarekin bat eginik. “Horrela egin nahi izan nuen hasieratik. Nik ez nuen lorategi bat nahi, nik zerbait naturala egin nahi nuen, leku autentiko batean”, dio harrijasotzaile nafarrak museoaren atarian. “Begiramenduz egin nahi nuen dena, neure erara, eta lortu dut. Batez ere eszenatoki bat da Peru-harri, istorio batentzat jarrita dagoen eszenatokia. Garrantzitsuena da istorioa. Zergatik? Niretzat harria dimentsio osoa delako”, azpimarratzen du leitzarrak, bere pentsamoldea agertuz.

Aspaldi eman zioten Nafarroako Urrezko Kirol Domina, eta gaur Manuel de Irujo saria jasoko du, Lizarrako Irujo Etxeak urtero ematen duena. Euskal kulturan izan duen eraginagatik, euskara beti babesteagatik eta kirol herrikoia gauza handi bihurtu duelako, horregatik guztiagatik emango diote golardoa. Bere iritziko, “Nafarroan badira euskara eta euskal kulturagatik nik baino askozaz gehiago egin dutenak, asko eta asko isilean ari direnak, baina tira, pozik hartzen dut saria”.

Lan asko

Geldiezina

Harrijasotzaile, bertsolari, aktore, harakin, idazle eta hizlari aparta, Iñaki Perurena ez da geldirik egoten den horietakoa, baina 80ko eta 90eko hamarkadetan harriarekin errekor ugari lortu zuen gizonak patxadaz begiratzen dio orain paisaiari. Iraganeko joan-etorri eta zoroaldiak ahaztu ditu, bestelako trumoi beltzak ere bai (“kontu zikinak eta tristeak, gogoratu nahi ez ditudanak”) eta harriaren unibertsoan igerian bizi da.

Zortzi urteko ahaleginaren ostean, duela pare bat urte gorpuztu zen proiektu osoa, Peru-harri, baina gaur egun ere lana etenbakoa da eta ez dago aspertzeko astirik. “Begira, orain dela egun batzuk lapurrak sartu ziren museora eta telebista pantaila handi bi eraman zituzten. Beti dago zerbait, baina aurrera egingo dugu, lehen egin badugu”. Iñaki Perurenak eta bere seme Inaxiok eraiki dute Peru-harri, inoren laguntzarik gabe, eta gaitzena eginda dagoen arren, egunerokoak ere planteatzen ditu nahikoa erronka: “Ikasleak etortzen zaizkigu, gero eta gehiago, eta asteburuetan irekita izaten dugu, goizez. Horrek lan asko eskatzen du. Ez dugu inoiz laguntzarik jaso, ezta eskatu ere. Askotan, gainera, laguntza horiek morrontza dakarte, eta hobeki nago gauzak neure erara eginez, inori konturik eman gabe. Horrek ere asko balio du, ezta? Gainera, bestelako ordainak ere jasotzen ditugu, esaterako, umeen esanak. Museoetan aspertu egiten direla esaten digute, baina gurean ez. Hori pozgarria da gure-tzat, opari galanta”, botatzen du leitzarrak.

Esperientziatik erakutsia

Harria, zentzu zabalean

Harrijasotzaile sentitzen da batez ere Perurena, eta harriaren mundua zentzu zabalean ulertu izan du beti. Berak ez du pieza hotz eta pisutsua ikusten: “Eskultoreak bizitza ematen dio harriari, eta harrijasotzaileak ere bai. Horregatik nik ez dut harriaren museoa egin Peru-harrin, nik harriaren unibertsoa agerrarazi nahi izan dut hemen, hau da, harrijasotzea bai, baina nire esperientziatik erakutsia, barrutik, modu oso pertsonalean, harrijasotzea euskal kultura ere badela erakutsiz”.

Bere garaian harriekin berba egiten zuela esan zuen gizonak molde guztiak apurtu ditu, eta topiko ba-tzuk ere bai: “Topikoak apurtu nituen, bai, apustu mundutik atera eta kirol bezala aurkeztu nuelako harrijasotzea, baina nik aukera izan nuen hori egiteko”. Harriak dena eman diola onartzen du, “beste gauza asko egiteko aukera, jendea ezagutzeko aukera, leku berriak bisitatzeko aukera”, baina onartzen du, baita, bidea latza izan dela, “ni txikia nintzenean ez zegoelako horretarako astirik”.

Perurenak ez zuen ia ume izateko betarik izan, baserrian goiz hasten direlako umeak etxeko-lanetan. Hala ere, harriaren gose ikaragarria erakutsi zuen Iñakik txikitatik: “Hamar urte egin nituenean jaso nuen nire lehenengoko harria. Niri ordurako harriak zerbait esaten zidan, harri-gose itzela neukan. Begira, pasadizu bat -eta begi-niniak puzten zaizkio-: hamabi bat urte nituela, astoa hartu eta mendira joan nintzen, egur zati bat hartu eta zilindro bat egiteko intentzioarekin. Zer gertatu eta egurra amilka hasi zen, eta astoa berarekin batera. Denak erreka zulora joan ziren. Pentsa, berandutu egin zitzaidan eta etxean zain, arduratuta. Gure aitak ez zuen nahi ni harriak jasotzen ikustea, min hartuko nuela pentsatzen baitzuen, eta beti ezkutuan ibiltzen nintzen. Baina behin, hamalau urte bete nituela, Leitzako plazan jaso nuen harri bat”.

Berunaren polemikari ere gogo-tsu heltzen dio leitzarrak. Harrijasotzaile beteranoek gaur egungo harriei beruna sartzen dietela salatu izan dute beti, baina Perurenak dio kontua ez dela hori: “Beruna duen harriari harri-lastratua dei-tzen zaio orain. Eta, gainera, badira harriak berez oso pisutsuak direnak, mineral ugari dutenak, eta horiek naturalak dira. Beruna ere naturatik dator. Eta beste kontu bat auzi honi buruz: betiko harriekin inork ez luke nire seme Inaxiok adina jasoko, harriak oso handiak liratekeelako. Baina beruna sartuz harrijasotzaile txiki eta indartsu batek ere egin dezake Inaxiok bezainbat”.

Tarteka ikuskizun bakanak egiten ditu bere seme Inaxiorekin, baina orain etxeko abereak zaintzen, Goenkaleko Imanoli ahotsa ematen eta Peru-harri gestionatzen nahikoa lan du. Hala ere, leitzarrak badu arantzaren bat, atera ezin duena: “Harria bizkarretik jausi zi-tzaionetik Inaxio bere kabuz ari da entrenatzen, eta horrek min handia egiten dit; gaizki pasatzen ari naiz, baina zer egingo diogu!”. Europako indartsuenen showari uko egin zion gizonak (“ni harrijasotzailea naizelako, eta ez indartsua”), 320 kiloko harria jaso zuenak, ezin sentimenduei eutsi, harriak bezainbat pisatzen baitute.

 

Noticias de Gipuzkoa-k argitaratua