Gogora institutua eta faxismoa

Bolognako plaza nagusian, faxistek partisanoak fusilatu ohi zituzten toki berean, bi mila argazkiz osatutako hiru piezako instalazio bat dago 1945etik. Erresistentzia hori armatua izan zen; Gogora institutua zuzentzen dutenentzat, EAJ eta PSEko zuzendaritzetan azken lau hamarkadetan egon direnentzat, Eusko Jaurlaritzan memoriari buruzko ardurak izan dituztenentzat bi mila lagun horiek terroristak dira.

1939ko azaroaren 9an Georg Elser zurginak Hitlerren kontrako atentatu bat egin zuen, urtero hark hitzaldi bat egin ohi zuen garagardotegi batean. Azkenean Hitler ez zen bertaratu, baina lehergailua jarrita zegoen. Zortzi lagun hil ziren, hamazazpi lagun larri zauritu. Gaur egun Georg Elserrek plaza bat dauka Munichen, kaleak dauzka Nurenbergen, Oldenburgen, Ellwangenen, Bonnen, Emmerichen, Ditzingenen. Georg Elser Hego Euskal Herrikoa balitz, bere izena terroristen zerrendan legoke.

Pentsa daiteke diktadura baten kontra ari zirenak ez direla demokrazia formal baten kontra ari zirenen berdinak, eta hala da. 78ko erregimenaren auzia da demokrazia formalean diktadurako epaile, polizia, enpresari handi eta militar berak izatearekin arazorik ez dutenak direla diktadurako terroristak eta demokraziakoak berdin tratatzen dituztenak. Horrek azaltzen du, besteak beste, zergatik ez den ezer egin 1979tik ia 2010eko hamarkadara arte faxismoaren euskal errepresaliatuekin. Eta egin denean sinbolikoki aritu da (38 urte egin zituen Bilboko Moiua plazako arrano frankista erraldoiak, 2017an kendu zuten arte; demokrazietan halakoak diktadura bukatu eta biharamunean eraitsi ohi dira).

Edonola, kontua da erakunde publikoek memorialismoaren bidea zabaldu dutela, «memoria anitzarena», konplementarioarena. Baina, Javier Bucesen liburuan jasotzen denez, Carme Molinerok esana du «bertsio memorialistikoa» arantzatsua dela, ez dituela sarritan kriterio akademikoak betetzen, «memoria badela historiaren parte», baina oso partziala dela politika errepresiboari soilik begiratzen dion lanketa, historia dela memoriari arrazionaltasuna eman beharko liokeena. Baina horretara dedikatzen da Gogora institutua: rigore historikoa zabaldu beharrean Europako diktadura faxista luzeena zuritzen du.

Berria