Jaiotzez nafarra den Urumea ibaiaren paduretan hiri eder bat bisita daiteke egun. Hiri hori ere, bizitza ematen dion ibaia bezala, dena Nafarroa zenean sortu zen. Lehenengo berriak Antso III. Nagusiaren garaikoak dira, “in finibus Ernani ad litus maris“, itsasoaren mugaraino dio dokumentuak. Antso VI.ak emandako Hiri Foruak ere 1199. urtera arte Nafarroa ginela erakusten du: Dono ad populatores de Sancto Sebastiano, de Undarabia usque ad Oriam, et de Arrenga usque ad Sanctum Martinum d´Aran totum saltum… Bai, hiri hori Donostia da, eta honela idazten du eskribauak nafarron erregearen agindua: “Donostiari ematen diot Hondarribitik Aranoko San Martineraino…”.
Jakina denez, 1200. urtean sartu ziren gaztelarrak Donostian, konkista bidez, jakina denez. Ehun eta hogeita hamabi urte beranduago, 1332an alegia, honela gogoratzen dute eurek Donostiako Forua Getariari helarazten diotenean: “Don Alfonso de Castiella, que Dios perdone, que la dicha villa conquisó“. Aurrerantzean, Urumea ibaiaren paduretako nafarrak gaztelarren koroapean biziko ziren, bai bertako euskaldunak, bai Gaztelatik etorritakoak ere. Gaztelako koroak ez zuen bere estrategia ezkutatu, konkistatu eta berehala Nafar Erregeen eskutik sortutako herriak gotortu eta harresitu egin zituen euren mesederako. Jendea, jada basailu zen jendea, gerrarako prestatu zuen.
Ez dakigu orain dela 500 urteko otsailaren hastapenak aurtengoak bezain hotzak izan ziren, baina, ziur da 1512ko otsailaren 5erako Nafarroa Garaia inbaditzeko erabakia hartuta zegoela jada. Erromako elizarekin, ingelesekin eta beamondarrekin hitzarmenak eginda zeudela. Ziur, erabakita zegoela erasoen buru Fadrique Alvarez de Toledo izango zela, eta ziur, giza-xake joko maltzur hartan bere burua irabazletzat hartuta Fadriquek uztailaren erdialdean eraso egitea erabakia zuela.
Urumea ibaiaren paduretan hiri ederrean eta inguruko herrietan bildutako osteek, ordea, ez zioten Albako Dukearen aginduari itxoin. 1512ko uztailaren 10erako Goizuetan barrena sartu zuten euren armada. Gaztelarren zerbitzura hiru mende baino gehiago bizi ziren jauntxo batzuek lehenak izan nahi zuten inbasio negargarri hartan. Altxor handiak amets, Espainiako erregearen aurrean merituak egiteko irrikaz ziren nonbait. Horretan, Gipuzkoatik abiatutakoek gainerako nafar traidore, Leringo konde, beamondar zikoitz, Fadriqueren lagun eta Fernandoren morroiek bezalaxe jokatu zuten. Denak batera eta ongi koordinatuta, Iruñeko botinaren bila abiatu ziren. Gerraren emaitza, ordea, ez zen izan haien mesederako, Fernandoren eta Espainolen inperioaren handitasunerako baizik.
Goizuetarrek argi eta garbi zuten hura ez zela, beraien gerra, are gehiago, garbi zuten hura ez zela gipuzkoarrekin zuten gerra. Honela diote Herriko Etxean jasota duten dokumentu batean: “Handia da gure samina, guk ongi tratatzen ditugun kalonjeengandik (Orreagako abade-etxekoez ari da) zapalduak eta azpiratuak garela ikusirik…” 1429. urteko lehenengo dokumentu batek azaltzen duen bezala… eta gaztelaniaz dagoen gisan paratuko dut hemen espainiar zaleek ere jakin dezaten “que en la entrada que hicieron en dicha villa como mojonantes (Artikutzako Anizlarrea izeneko lurretan mugarriak jartzen ari ziren gipuzkoarrez ari da) por la guerra que al tiempo tenia el rey de Castilla con el de Navarra, la destruyeron y quemaron con nueve ferrerias de labrar fierro…”. Ulertze onari hitz gutxi.